Tristeziaren apologiarik gabe

Mikel Inunziaga 'Inun'-ek pop doinu intimistak eta abesti arinagoak tartekatuz osatu du bere ibilbideko hirugarren diskoa: 'Aingurak'. Bihar du aurkezpen kontzertua, Bilbon

Inigo Astiz
Bilbo
2018ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
«Hau ez doa errekan behera,/ hau aingura da./ Errekara jaurti eta bertan hondoratu da./ Bertan hartuko du lur./ Bertan hartuko du ur». Jon Benito poetaren lehenengo poema liburuaren hondotik jaso du Mikel Inunziaga Inun musikariak (Zornotza, Bizkaia, 1983) bere hirugarren diskoari izenburua ematen dion irudi nagusia. «Oso poema polita da, eta oso musikala; harrigarria iruditzen zait denbora honetan guztian nola ez duen inork nik baino lehenago musikatu». Aurreko lanekin egin zuen bezala, oraingo honetan ere bere kasa grabatu ditu Aingurak diskoko zortzi abestiak, Galdakaoko Azkueta baserriko ganbaran (Bizkaia), eta bere kabuz argitaratu berri du lana orain. Eta jarraitzen du kantuak: «Hau ez doa errekan behera,/ hau ez du errekak eramango,/ hau aingura da./ Errekak ustelduko du,/ errekak jango du».

Diskoan pop doinu intimistak dira nagusi, eta Benitoren hitzekin osatutako abestia da horren adibiderik garbiena. Ildo bera lantzen dute Piztia zaurituak abestiak eta Nor ari da edota Zer emateko prest zaude kantek ere. Baina tartean badira kolore argiagoko abestiak ere: adibidez, Nabil banabil eta Agian abestiek erritmo biziagoa eta doinu alaiagoak dituzte, eta, musikariaren hitzetan, hori ez da kasualitatea. «Ez zait gustatzen tristeziaren apologia egitea», azaldu du. «Mamia badago abestietan, eta esango nuke diskoak baduela pisua, baina saiatzen naiz mami hori ez beti sartzen aldi berean melodian eta letran eta harmonian, baizik eta elementu horietako bakarrean, eta beste elementuekin pisu hori arintzen».

Inunek berak grabatu ditu abestietako musika tresna gehienak. «Gustatzen zait lan hori nire gain hartzea, ahal dudan heinean». Laguntza ere eskatu du, ordea, behar izan duenean; hala, Bihotz Gorospe abeslariak egin ditu diskoko koru guztiak, Dani Tomasek lagundu du gitarra elektriko batzuekin, Ekain Alzolak jo du baxua abesti batean eta Sergio Mayoralek sartu ditu tronpetak. Eta Inunek berak grabatu du gainerako guztia. «Maitasun-gorroto sentimendua eragiten dit, baina gustuko dut», onartu du. «Musikari guztiek beti esaten dute grabazioa bikaina izan dela, eta ekoizlearekin ere bikain joan dela dena, eta nik ere disfrutatzen dut grabatzean, bestela ez bainuke egingo, baina gogorra ere bada. Nik gustuko dut tentsio hori».

Hirugarren lana orain arte kaleratutako bi diskoen arteko nahasketa moduko bat da, Inunek dioenez. «Hibrido bat», zehaztu du. Adibidez, 2014an looper soil bat baliatuz osatu zituen Berreginez diskoko abestiak, eta hainbat euskal poetaren testuak abiapuntu hartuta sortu zituen 2016an kaleratutako Da nola laneko kantuak. Azaldu duenez, Aingurak lanak bietatik edan du zerbait: «Lehen disko hartan, abesti guztiak nireak izan ziren, basati xamarra zen, eta produkzioaren aldetik murritz xamarra ere bai, baina bazuen freskotasuna. Da nola diskoan, berriz, euskal poeten hitzak musikatu nituen, eta produkzioa landuagoa izan zen, baina lotuago aritu nintzen. Eta esango nuke oraingoa hibrido bat dela».

Inunek berak idatzi ditu diskoko lau abestiren letrak, eta, besteak beste, Iñaki Mendizabalen eta Benitoren letrak izan ditu oinarri, beste abestiak osatzeko. «Gustatzen zait jendearekin kolaboratzea. Argi daukadana da nik neure egin behar ditudala hitz horiek, eta sentitu behar ditudala; bestela, ezin dut kanta egin».

Bidea helburu

Piztia zaurituak da oraingoz single modura kaleratu duen abestia, eta Arriguri bideogintza taldekoek egin dute haren bideoklipa. Inunek zuzenean eta formatu akustikoan jo zuen kantua, Ekain Alzola baxu jotzailearekin eta Sergio Mayoral tronpeta jotzailearekin batera, etaArrigurik plano sekuentzia bakarrean bildu zuen guztia, mozketarik egin gabe.

Zuzeneko emanaldia prestatzen dabil orain Inun; izan ere, bihar abiatuko du aurkezpen bira Bilboko Kafe Antzokian, Loraldia jaialdiaren barruan. Taldearekin izango da bertan, baina bakarka ere arituko dela dio. Bi formatuak maite ditu, berak dioenez. «Bitxia da, baina gitarrarekin bakarrik zaudenean kontzertuak intimoagoak eta indartsuagoak izaten dira, batzuetan sinpletasun horrek ematen diolako kontzentrazio handiagoa. Eta taldearekin jotzea beti izaten da ikusgarriagoa. Koadro bat ematen du kolore gehiagorekin, ñabardura gehiagorekin, zertzelada diferenteekin... Eta niri gustatzen zaizkit bi gauzak».

Azaldu du hirugarren lana kaleratu berritan ere bidea duela helburu: «Euskal kulturan ez dago beste modurik. Bidea egitea besterik ez dago, eta batez ere bidean disfrutatzea. Mendi oso altuak irudikatzen hastea etsigarria izan daiteke, espektatibak ez konplitzea baita seguruena. Nire espektatiba da zuzenekoak ematea eta kontzertuetan disfrutatzea, ezagunagoa egitea, eta bide horretan gozatzea. Horrela badakit bide onean noala».

Horixe, beraz, haren aingura.

KONTZERTUA

Bihar. Bilboko Kafe Antzokian, 22:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.