Donostiako Nazioarteko 63. Zinemaldia. Sail Ofiziala

«Hitzak sartu beharrik ez dagoenean, filmak hobera egiten du»

Harrera beroa egin dio publikoak Asier Altunaren 'Amama' filmari.Bakarka egindako fikziozko lehen lan luzea du, eta belaunaldien arteko talka islatzen du indar sinboliko eta bisual iradokitzailez

Kandido Uranga, Asier Altuna, Iraia Elias eta Amparo Badiola, atzo, Donostiako Kursaal kanpoaldean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2015eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Asier Altunaren Amama filmean Amparo Badiolak, amamaren rolean, ez du hitz bakar bat egiten. Dena da keinu eta begirada. Emanaldiaren ostean lantaldekoek prentsaren aurrean aurkeztu zuten filma, atzo, eta Badiolak ez zuen hitz bakar bat ere esan amaierara arte. Hitz gutxi batzuekin azaldu zuen filmean parte hartzeak sorrarazi dizkion sentimenduak. Hunkituta hitz egin zuen, eta hunkiarazi egin zituen bai taldeko gainerako kideak eta bai Kursaaleko gela nagusian bildutako kazetariak. «Abentura zoragarria izan da, eta eskertu nahi diot Asierri [Altuna]. Dudan adinarekin film batean parte hartzeko proposamena egitea ere! Inoiz ez dut ahaztuko lantalde hau. Maitakorrak, alaiak, errespetuz aritu direnak... dena eman didate. Gerraren garaian—1936koan— dena kendu zidaten, eta Frantziara joan behar izan nuen. Eta Asierrek, proiektu honekin, lapurtu zidaten guztia itzuli dit. Hori oso barnean sentitu dut. Itzuli dizkit sustraiak, herria... dena!». Eta, ondoren, Altuna berarengana zuzendurik: «Pilo bat eskertzen dizut». Eta besarkada bien artean, eta kazetariek txalo zaparrada hunkigarria.

Asier Altunak garbi zuen filmean agertuko zen amamak nolakoa behar zuen izan. «Nik ezagutu nuen txikitan baserria, eta nire amama gogoratzen dudan bezala erretratatu nahi nuen filmeko amama ere. Isilik gehienetan, sukaldean eserita, egonean baina beti hortxe, presente». Izan ere, hitzik egiten ez duen arren, amamaren pisua handia da filmaren ildo narratiboan, eta Kandido Urangak antzezten duen Tomas etxeko ugazabaren bilakaeran. «Jarrera gogorra du hasieran Tomasek, bortxazkoa ere bai, baina komunikaziorako ematen duen pausoan, eskuekin lan egiten eta espresatzen hasten denekoan, amamak dauka azken hitza. Lehenengo, alabak egiten dio aurre Tomasi; gero, emazteak, eta azkenik, amarekin duen afari isil horretan, amamak begirada ez du kentzen semearen begietatik, eta hor hasten da Tomasen aldaketa. Hitzak sartu beharrik ez dagoenean, filmak hobera egiten du. Oso pozik nago irudiekin kontatzeko kapaz izan naizelako». Altunarentzat, Tomasen bilakaeran dago muina: «Hori iruditzen zait filmeko unerik hunkigarriena. Emakumeak planto egiten dute, eta orduan hazi egiten da Tomasen pertsonaia. Gizon gogor eta zurruna beste modu batera adierazten hasten da, eskuen bidez eta sentsibilitate handiarekin. Ideia hori Kirmen Uriberen poema batetik hartua dago».

Zuhaitzen garrantzia

Altunak Donostiako Sail Ofizialean aurkeztu duen filma bakarka egindako fikziozko lehen lan luzea du —aurrez Bertsolari dokumentala egina zuen—, eta harrera beroa egin zioten nola zineman hala prentsarako gelan. Txaloak entzun ziren bietan, eta ez gutxi.Filmean baserriaren kontzeptua lantzen du belaunaldien eta generoen arteko talka baten paradigma gisara. Etena dago Tomasek baserria ulertzeko duen moduaren eta haren seme-alabek dutenaren artean. Iraia Eliasek, Ander Lipusek eta Manu Urangak gorpuzten dituzte seme-alaben rolak. Nortasun aski desberdinekoa da bakoitza, baina hirurek dute baserriarekiko nolabaiteko haustura sena. Amama da, neurri batean, belaunaldien arteko lotura, zubi edo sustengu, baina baita, era berean, ikuspegi berrirako leiho ere. Horregatik eman zion Amama izenburua proiektuari, nahiz eta buruhauste batzuk ere sortu zizkion hautaketak. «Amama oso hitz indartsua da niretzako. Amaren ama esan nahi du, eta ondo adierazten du transmisioaren ideia hori. Hitz batean dena esaten du. Baina gidoiak aurrera egin ahala, zuhaitzen presentziak indarra hartu zuen istorioan. Horregatik izenburu nagusiaren azpian azpititulu bat jarri dugu: Zuhaitz bat erortzen denean».

Altunak gogorarazi nahi izan zuen Amparo Badiolarekin topo egitea «zorte handia» izan zela. Izan ere, hiru bat hilabete zeramatzan «amama dotore» baten bila: «Behin taberna batean ikusi nuen Amparo, eta berehala nabaritu nuen zerbait berezia zuela. Proba bat egin nion kameraren aurrean. Eta ematen zuen bizi osoa zeramala zinema egiten. Oso erraz egokitu zen».

Hitz gutxiko filma da, isiltasun eta begiraden bitartez aurrera egiten duena, baina, egilearen hitzetan, bi zati oso bereiziak dituena: «Lehenean alabaren ikuspegia gailentzen da: mugimendua dago, kolorea, eta musika ere bai. Eta errealitatetik kanpo dauden irudi asko ere bai, ukitu surrealista batekin. Tomasen ikuspegiak hartzen duenean gidaritza, aldiz, kamera gelditu egiten da; jada ez dago musikarik, ez dago hitzik... Jolas interesgarri bat da, bi ikuspegien artekoa. Hasieran ez genuen pentsaturik hala egitea, baina Telmo Esnalen eta Michel Gaztanbiderekin batera gidoia fintzen eta txukuntzen joan ahala bide hori hartu genuen, eta oso pozik nago modu hori bilatu izanaz filma garatu hal izateko. Erronka izan da kontatzeko modu soila eta dotorea topatzea».

Belaunaldien arteko talka eta, are gehiago, etena, «landako tematika» lantzen duten beste film askotan ere kontatua izan da, Altunaren hitzetan, «baina eten horren edo mehatxu horren erantzuleak normalean kanpokoak izaten dira, baita Europako zinema tradizio batean ere; esaterako estatubatuarren eraginaren ondorioz». Altunak, nahiago izan du eten horren ardura «bizitzari berari» egotzi. «Egun ez dauka zentzurik baserriko bizitza betikoak. Aldatu egin da bizimoldea, baina batzuei kosta egiten zaie hori ulertzea. Erretratu erreal bat da».

Harrera ona izan du filmak

Prentsarako emanaldia igande arratsaldean izan zuen Amama-k, baina atzo goizekoa zuen publiko orokorrarekin lehen hartu-emana. Eta emanaldiaren ostean Kursaaleko auditoriumean entzundako txaloaldi luzeak eman zuen filmak izan zuen arrakastaren tenperatura.

Kursaalera bildutakoen artean zegoen Ramon Etxezarreta idazle eta itzultzailea, eta iritziaz galdetuta, adierazi zuen filmak «momentu batzuk oso hunkigarriak» dituela: «Zinemaz ez dut askorik ulertzen, baina istorioa asko interesatu zait. Ea ikuspegi hori nola jasotzen den, ez dakit eta jendeak zer irakurketa egingo duen». Baina-rik ere badu, ordea, Etxezarretak: «Baserria eta baserria ez den mundu horren arteko kontrastea infantilegia da batzuetan, eta filmak badauka tranparen bat».

Patxo Telleria aktore eta antzerki nahiz zinema zuzendaria oso iritzi onarekin atera zen aretotik: «Oso gustura ikusi dut filma. Gogorra da, sendoa. Oso produktu ona».

Gaur izango da Amama Zinemaldian ikusteko azken aukera. 16:00etan Viktoria Eugenian emango dute eta 18:00etan Antiguo Berrin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.