Ismael Manterola
BEGIZ

Garaikidea al da erretratua?

2016ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Ibon Areso Bilboko alkate ohiaren erretratuaren aurkezpena ikusi dut egunkariko argazkian. Artistak lan dotorea egin du agintariaren irudi osoko erretratua pintatzean. Orain, Bilboko alkate izandako besteekin batera jarriko dute agintarien galerian, babesleizan zuen IƱaki maitearen ondoan.

Horrelako berriek zer pentsatua ematen didate arteak gaur egun betetzen dituen funtzioen inguruan. Artearen ardura al da, agintarien irudiak pintatzea? Artea al da Ibon Aresoren erretratuaren koadroa? Ba al ditu arteak beste baliabideak alkate izandakoen erretratuak irudikatzeko?

Agintariak pintatzeko formulak Errenazimentuan finkatu ziren, eliza gizonen, boteredunen eta dirudunen erretratuekin batera. Ordutik aldaketa handiak jasan ditu langintza horrek, baina pintatutako erretratuak beti gorde du garai bateko gotzainen, errege-erreginen edo burges aberatsen kutsua. Horregatik, zaila da erretratu garaikidea artelan moduan ikustea. Zahar usaina kentzea kosta egiten zaigu pintatutako agintarien erretratuak ikusten ditugunean, batez ere iraganekoekin batera ikusten ditugunean.

Gutxi ausartu dira ohitura edo tradizioa (noiztik da zerbait tradizio?) puskatzen. Ez dakigu oso ondo noiz hasitako ohiturari jarraipena eman behar zaiolako-edo, alkateen erretratuen gela betetzen segituko dugu udaletxeko areto guztiak bete arte. Inork ez al du ohitura zaharkitua eteteko tentaziorik izan? Inork ez al du beste erretratu motak enkargatzeko tentaziorik izan? Zaldi gaineko erretratua, adibidez, Francok izan zuen bezala, edo garaikideagoa den argazkia, esate baterako.

XX. mendeko artearen protagonista argazkigintza izan bada, eta hain ohituta bagaude argazkien bidez egindako erretratuetara, zergatik tematu pinturarekin?

Bururatzen zait XXI. mendeko lehen hamarkadetan gehien zabaldutako ohituretakoa selfie-ak ateratzearena dela, eta, beraz, alkatearen selfie delakoa izango litzateke adierazgarriena hiriko agintari gorenen aretoan kokatzeko. Gainera, pen drive delako batean espazio birtuala beteko lukeenez, hurrengo mendeetan etorriko diren alkateei tokia egiteko modua izango litzateke. Ea zein den ziber-alkateen garaiari hasiera emango dion hurrengo agintaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.