Ismael Manterola
BEGIZ

Kultur hiriburua

2016ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Ideia erakargarria zen, zalantzaz beteta begiratzen bagenion ere. Orain, Donostiako Udaltzaingoa eta Ertzaintza Gipuzkoako Zutik mugimenduaren kontrako ekintzaren irudiak ikusi ondoren, ez dago dudarik, Donostia 2016 Europako Kultur hiriburuaren leloa, Elkarrekin bizi, kulturak elkarbizitza susta dezake edo oinarritu dezake, ez dirudi egia denik.

Mezu hori zabaldu nahi duen hiriak zerbaiten aldeko iritzia emateko era baketsuan bildutako herritarrak indarrez bidali ditu plazatik. Protestarako erabilitako gauzak era bortitz batean eta amorruz beteta bota eta puskatu ditu bakea ikur izan beharko lukeen hiriko udaltzaingoak, herrialdeko poliziak lagunduta. Era berean, erresistentzia pasiboa egiten ari zen jendea itolarrian gerarazi du indar fisikoaren jabe zen poliziak. Horren aurrean, kulturak zer egin dezake? Elkarbizitza ziurtatu al dezake?

Erantzuna ezezkoa dela dirudi, hainbesteko kultur ekitaldi egin ondorengo hiriko egoera halakoa bada. Kontzertuek, erakusketek (Gerra Zibilaren irabazlearen ondorengoak zabaldu berri duen Bake itunak, adibidez), antzerkiek, olatu talkek (ez al zen ekaitzak ekarritako olatuen talka Bulebarrean gertatutakoa?), zubigintzak, eta abarrek ezin izan dute elkarbizitza baketsua ekarri.

Lerro hauen bitartez, kultur hiriburuak zabaldu nahi zituen balioen porrota egiaztatu nahi dut. Egitarauan azaltzen diren hitz politak: bakea, bizitza, ahotsak, kaiak, enbaxadak, elkarrizketak eta energia olatuak ezerezean geratu direla iruditzen zait. Bakea, ahotsak, elkarrizketa eta energia olatuak behintzat bai. Besteak anbiguoagoak direnez, ez dakit zertan geratuko diren.

Gipuzkoako Foru Aldundiko buruzagi batek esan zuen Gipuzkoa Zutik-eko ekintzek beste garai bateko egoerak ekartzen zizkiotela burura. Niri ere bai; intsumisioaren garaiak, hain zuzen; protesta baketsuen erantzuna soldadutzara joan nahi ez zuten gazteak kartzelatzea zenekoa. Hiriko alkateak, berriz, kultur hiriburuaren mezuen interpretazio bihurria eginez, espazio publikoa erabiltzeko eskatu egin behar dela esan du, kultura politikoz betetako interbentzio distiratsuan. Horrela bada, zergatik deitzen zaio espazio publikoa? Zerbait eskatu egin behar bada, jabea duelako izaten da.

Ondorio garbia behintzat atera dugu. Kultur hiriburua izateak ez du balio hiri baten elkarbizitza baketsua lortzeko. Agian, Juan Luis Zabalari irakurri genion moduan, politika izango litzateke lan hori egiteko landu beharreko esparrua eta kulturari dituen eginkizunak baino gehiago ez zaizkio eman behar, nahiko lan badu bere buruarekin-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.