BEGIZ

Arkitektura bienalak eragindako hausnarketak

Ismael Manterola
2017ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Komunikabideetan oihartzun handia izaten ari da duela bi astetik hasita Donostian egiten ari den Nazioarteko Arkitektura Bienala. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza sailak antolatuta, erakunde publiko guztien babesa jaso du, Gipuzkoako Aldunditik hasi eta Donostiako Udalean bukatuta, Euskal Herriko Unibertsitatetik pasatu ondoren.

Ez nau gehiegi harritu Donostian horrelako ekimen bat antolatzeak, kontuan izanda bertan dagoela unibertsitate publikoko Arkitektura Eskola. Hala ere, harridura baino gehiago, egitasmoari mesfidati xamar begiratzeko arrazoiak daude, kontuan hartzen badugu Donostia dela bere arkitektura ondarea gutxien zaintzen duen hiria.

Azken urteetan hiriko bizilagun talde batzuek behin baino gehiagotan elkartu behar izan dute Donostiako eraikin bitxiak defendatzeko. Lurraren gaineko espekulatzaileek interesgarriak ziren eraikuntzak botatzeko erakunde publikoen baimena jaso dutenez, herritarrek kalera irten behar izan dute desadostasuna azaltzeko, nahiz eta beraien eskaeretan arrakasta gutxi izan duten; bi adibide besterik ez aipatzeko, gogora dezagun Mirakruz kaleko 19. zenbakia zuen eraikinarekin gertatu zena, eta hiriko erdialdean dagoen Bellas Artes eraikin famatuarekin gertatzen ari dena.

Badirudi gure garaiko demokrazia formaletan halako egoerak ohikoak bihurtzen ari direla. Ikuskizunetik hurbil dauden egitasmoak antolatzen ditugu, edo komunikabideetan kanpainak egiten ditugu zerbaiten alde, nahiz eta gero praktikan beste zerbait egin. Adibide asko topa ditzakegu oso urrutira joan gabe: emakumeen berdintasunaren alde gaude, nahiz eta publizitatean emakumeak objektu moduan tratatzen jarraitzen dugun; emakumeen kontrako biolentziaren kontra gaude, nahiz eta Irungo eta Hondarribiko alardeetan biolentzia horixe bera hauspotu; zaborra gaika biltzearen eta birziklatzearen alde gaude, nahiz eta erraustegiak eraiki; arkitektura biurtekoak antolatzen ditugu, nahiz eta arkitektura ondarea suntsitzen dugun eta espekulazioaren kontra ez dugun gauza handirik egin nahi; eta azkenik, guztiok euskararen alde gaude nahiz eta euskara ez erabili. Azken horrekin lotuta, gaurko artikuluaren protagonista den bienalean ez zait erraza egin euskararen erabilpena neurtzea, egitarauan begiratuz gero ez dagoelako zehaztuta zein ekintza dauden euskaraz antolatuta, zerbait antolatuta badago behintzat. Berezia da, ingelesez direnak ingelesezko izenburua daukatelako, baina beste guztiak gaztelaniaz eta euskaraz daude, gaztelaniazkoak direla seguru jakin arren. Orain dela bi asteko mahai inguruan euskal idazleak gaztelaniaz hitz egiten jartzeak ez du gehiegi laguntzen normaltasun linguistikoan.

Euskoguay honetan bizitzea gero eta zailago egiten ari zait niri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.