Ismael Manterola
BEGIZ

Urkullu Artiumen

2018ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Zertara joan zen Urkullu lehendakaria Gasteizko Artium Museora inozente egunean? Artea eta (Artearen) Sistema izeneko erakusketa ikusi nahi al zuen? Santos Iñurrietarena, akaso?

Artiumeko bi erakusketak erakarrita joan bazen, zergatik eraman zuen gortea —Kultura kontseilaria, Arabako ahaldun nagusia, Arabako Euskera, Kultura eta Kirol diputatua eta beste hainbat goi kargudun—?

Egun hartan bertan eta hurrengo egunean komunikabideetan izandako oihartzuna kontuan izanda, ez dirudi erakusketak gehiegi interesatu zitzaizkionik. Propaganda hutsa dirudi, beraz, Urkulluk Artiumera egindako bisitak. Zeren propaganda, baina? Lehendakariaren hitzalditik komunikabideetan aipatutako pasarteak entzun eta irakurri ondoren, inozente egunerako oso aproposak izan zirela ondorioztatu dut. Adibidez, euskal kulturak eta arteak momentu goxoa bizi dutela. Nola azaldu esaldi hori gure inguruan egoera prekarizatu batean bizi diren ikasle ohiei? Orain dela 10 urte artearen bideari ekin ziotenei eta etsipenez beste zerbaiti heldu behar izan diotenei? Nola esan daiteke horrelakorik azken urteetan 0 euroko aurrekontuarekin lan egin duen museo batean? Nola esan daiteke horrelakorik artearentzat azpiegitura eta diru laguntza gutxien duen lurraldean?

Urkulluren diskurtsoaren arabera, arteak eta kulturak gure gizartean inoiz baino pisu handiagoa omen dute. Seguru al dago? Ez naiz ni hain optimista. Zeini interesatzen zaio artea gure gizartean? Zein da arteari ematen zaion rola? Zenbat jendek irakurtzen du Euskal Herrian? Zer irakurtzen du? Zenbat jende joaten da antzerkira? Zer ikustera? Zenbat ikusle ditu Artium museoak? Sormenerako zenbat laborategi ditugu? Eta zenbat diru bideratzen dugu horretara? Aurrekontuaren ehuneko zenbat? Non daude gure dantza garaikideko eta ballet klasikoko konpainia nazionalak?

Ondo baino hobeto ikasi dugu erakundeetatik esaten zaiguna: orain dela 20 urteko krisiari aurre egiteko kulturaren eta artearen apustua egin genuela, eta horrek arrakasta izan duela. Hala ere, artearen zereginetako bat diskurtso ofiziala zalantzan jartzea denez, ez dut uste orain dela 20 urte artearen aldeko apustua egin genuenik, museo baten alde baizik. Arteak duela 20 urte baino presentzia handiagoa al du gure gizartean orain? Artista gehiago al daude eta bizimodu duinagoa al dute? Galeria eta arte zentro gehiago al ditugu? Arteak prestigio sozial handiagoa al du? Gizartea prest al dago artistak mantentzeko, lehendakariak zioen bezala gizarte jantziago eta askeagoa izatearen alde?

Gustatuko litzaidake lehendakariak Artium sarriago bisitatuko balu erakusketak ikusi nahi dituelako eta ez komunikabideei begirako politika egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.