Haizea Barcenilla
BEGIZ

Atzera eta aurrera pausoak

2018ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Aurreko astean azterketa izan nuen ikasle talde txiki batekin. Ahozko proba bat zen, banaka egin beharrekoa. Ikasle bakar batek egin zion uko aurkezteari, neska batek, eta email bidez adierazi zidan nahikoa prestatzeko aukera ez zuenez hurrengo deialdirako uztea erabaki zuela. Beste neska guztiak ariketa landu batekin agertu ziren, eraginkor. Klaseko bi mutilek, aldiz, argi esan zidaten «frogatzera» zetozela, denboraz larri ibili zirelako; ariketa ona egingo ez zutela jakin arren, zortearekin jolasean, ez zuten etsi. Lankideekin maiz komentatutako egoera da hau: orokorrean, emakumezko ikasleek euren buruekiko eskakizun maila askoz altuagoa dute, eta lana borobila ez bada, gehiago kostatzen zaie aurkeztea. Mutilek, aldiz, gehiagotan egiten dituzte erdipurdiko saiakerak, hanka sartu eta irudi txarra emateaz aski larritu gabe.

Kultur Behatokiak emakumeek arte sisteman duten lekuaren inguruko datu-bilketan, bazen bat bereziki adierazgarria: beka eta sarietara, emakumeak gizonak baino gutxiago aurkezten dira. Eta Arte Ederrak ikasten dituen emakume kopuru handia kontuan harturik, proportzioa are txikiagoa da. Nago ikasleengan ikusten dugun jarrera honen beste gauzatze bat dela gertaera.

Halakoetan, nire lehen bultzada emakume artistak gehiago aurkeztera animatzea da; konfiantzaz hornitu eta igeritokira buruz botatzeko esatea, Olinpiadetarako marka lortuko ez badute ere. Baina nekatzen hasia naiz erantzukizun guztia guregan jartzeaz: zergatik ez esan gizonei erdipurdiko lanak aurkezteari uzteko? Edo, behintzat, jarrera desberdin horiekiko gogoeta egitera gonbidatzen hastea. Klaseetan eta konferentzietan emankorra den ezer eskaini ez, eta hor daudela argi uzteko lotsagabe hitz egiten duten horiei guztiei, isildu eta besteei espazioa eta lekua uzteko eskatzeko garaia dela deritzot. Eta orduan bai, batzuek atzerapausoa egin dutenean, besteok egin dezagun aurrera. Airera tiroka ibiltzeak ez ohi duelako emaitza bikainik ekartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.