Haizea Barcenilla
BEGIZ

Geruzez

2018ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Zalantzan ibili naiz Arcon Santiago Sierraren lanekin gertatutakoari buruz idatzi ala ez. Baiezkora ninderaman inoiz ez direla gehiegi zentsuraren aurka altxatzen diren ahotsak. Onargaitza da ustez demokratikoa den estatu batean artelanak erakusketatik kentzea, liburuak bahitzea eta musikariak kartzelatzea, eta gizarte osoaren orroa entzun beharko litzateke horren aurka.

Ezezkora ninderaman Sierraren ekoizteko moduak, eta halako gatazketatik ateratzen duen errebenioak. Beste pertsonen zigor bidegabea, muturreko pobrezia eta sufrimendua profita ateratzeko erabiltzen ditu. Haren helburua ez da kontzientziak piztea; artist maudit-aren irudia elikatu, eta, arte politiko gisa, lanak ahalik eta garestien saltzea da haren asmoa. Berdin dio, adibidez, lanok sufrimendu horren iturri diren pertsonei berei saltzea. Artean politikaz hitz egin eta arte politikoa produktu bilakatzearen artean alde nabaria dago, artea saltzeaz bizi edo artearen merkatu espekulatzailearekin jolastearen artean dagoen bezala. Eta aldea etikoa da. Arteak eskaintzen dituen mugekin esperimentatzeko espazio pribilegiatua, estetikaren eta politikaren garapenerako beharrean, bere onura kapitalistarako erabiltzen du Sierrak.

Zentsura hain da kontu izugarria, istorio honen geruza konplexu eta mamitsuak ahaztera baikaramatza; esango nuke Sierra pozarren dagoela horrekin. Baina zentsuraren kontrako posizio irmoak ez liguke hausnarketa sendorako trabarik jarri beharko.

Adibidez, zein da gaur egungo artearen botere politikoa, lanak kentzea izan denean eztabaida sortu duena, eta ez lanak berak? Are, zein da mugimendu sozialen boterea, Altsasuko gazteen alde, Kataluniako politikarien alde sortu diren ekintza guztiak eta gero, estatuaren pauso ergela gaia zabaltzeko nahitaezkoa izateko?

Krisi larria da estatuaren botere inposaketa. Baina ez dira gutxiagorako arteak zein gizarte mugimenduek pentsamendu hegemonikoari aurre egiteko aurkitzen dituzten mugak; erabatekoak artearenak, gero eta igarogaitzagoak gizarte mugimenduenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.