Alberto Barandiaran.
SORBIDEAK

Elizaren garaipena

2014ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Siracusako katedrala kasu bakanetakoa da Europan, bitxikeria kultural aipagarria, erlijioen eta giro kultural ezberdinen arteko harremanaren adibide harrigarria. Gutxi izango dira gurtzarako 2.500 urtez jarraian erabili diren eraikinak, eta gutxi historia luze horren arrastoa hain ondo kontserbatu dutenak.

Luzanga da Duomoaren eraikina, txikia ere bai. Zerikusirik ez katedral gotiko edo barrokoen handinahikeriarekin. Aitzinaldea, XVIII. mendeko rokoko estiloko marmol txuriko murala, anpulosoa baina, hala eta guztiz ere, neurrikoa eta atsegina, tranpa bat da bisitari despistatuarentzat, ez baita barruan gordetzen duenaren iragarle ona. Behin sarrerako atea zeharkatuta, eliza ustekabe etengabea da.

Albo batetik begiratuz gero, lehen sorpresa paretetan dago: tenplu greziarraren zutabe handiak hor daude oraindik, eder eta handi. Ondo pentsatuz gero, eraikinaren lauki zuzena bat dator erromatarren aurreko ereduarekin. Azpimarragarriena da zutabeen artean eraikitako paretek ez dituztela jatorrizko tenpluaren oinarriak desegin, eta, batez ere, ez dituztela ezkutatu. Europa osoan baliatu izan dira jada eraikita zeuden tenpluetako harriak eta oinarriak haien gainean meskitak edo eliza berriak eraikitzeko, aurreko gehiena zapalduz eta ezkutatuz. Siracusan, errespetuz egin dute, mendez mende. Greziarren ondoren, kartaginesak, erromatarrak, bizantinoak eta arabiarrak iritsi ziren Siziliako hirira. Ondoren, normandoen txanda izan zen. Ia denek utzi zuten arrastoa tenpluaren arkitekturaren genealogian, baina inork ez zuen erabat bota aurrekoek egindakoa. Inork ez zuen desegin, eraikitzeko. Aurrekoen jainkoak haserretu nahi ez balituzte bezala joan ziren norberarena aldarean jartzen.

Hain zuzen ere normandoek eraikitako nabea da Siracusako katedralaren alderik ederrena. Absideen mosaikoek eta barruko paretek Europako iparraldeko eraikinak iradokitzen dituzte. Ornamentazioa eta apaingarriak eskasak dira, burnizkoak, zatarrak. Leihorik ere gutxi. Orduko agintariek pareten irmotasunari eman nahi izan zioten garrantzia, gotorleku bat eraiki nahi izan balute bezala. Beldur baitziren: beldur inguruko herriei, beldur konkistatutako lurraldeei. Erdi Aroaren ezaugarria da segurtasunik eza, ziurgabetasuna eta beldurra. Eliza militantea deitu izan zaio garai hartakoari: indar ilunen aurka borrokatzearren osatutako antolamendu ia militarra. Horrela definitzen dira ondo eliza normandoak: benetako harresiak.

Orain aldamiorik gabe zabaldu duten Gasteizko Santa Maria Katedrala Siracusan normandoek eraiki zutenaren zordun da.

Normandoen arazo handienetako bat zen eraikin osoa nola estali. Egurra baztertuta zegoen: ez zitzaien nahikoa duin iruditzen, eta ez zen segurua, suteak zirela eta. Harrizkoa behar zuen, beraz, baina pisu horri guztiari nola eutsi asmatzeak erromatarren garaian existitu bai baino gero galdu zen jakinduria teknikoa eskatzen zuen. Arkitekto normandoek deskubritu zuten egiturari eusteko modurik onena zela arkuak zutabeen artean gurutzatzea, eta ondoren tarteko espazioak material arinagoekin betetzea. Katedral gotikoen handitasun eta ikusgarritasun guztia posible egin zuen deskubrimendua iraultzailea izan zen. Horri esker, kristalera handiak zabaldu ahal izan zituzten paretetan, eta horri esker argia sartu zen eliza barruetan. Horri esker, kolorez apaindu ziren pareta sendoak. Horri esker, beldurra uxatu eta garaipenaren mezua zabaldu ahal izan zuen elizak: errenazimendua, jaioberritzea.

Horrela idatzi dute artearen historia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.