Ismael Manterola
BEGIZ

Gustua

2016ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Non galdu da euskaldunen gustu ona? Lagun batek botatako esaldia gogoratu nuen beltxarga forma duten Gabonetako argiak herrian ikusi nituenean. Aspaldiko topikoa zen euskaldunok gustu ona genuela inguruko herriekin alderatuta. Topiko guztiak bezala, egia eta gezurra izango zen, noski. Gustua zerk eraikitzen duen galdetu diot neure buruari, eta ondorioztatu dut heziketa, tradizioa edo ohiturak izango direla, erosteko ahalmen minimo bati lotuta. Beraz, garai bateko Euskal Herriko gizarte tinko samarrak gustu berdintsuak eragingo zituela pentsatzen dut; hau da, erdi mailako klase baten nagusitasunak (gizartearen desberdintasunak zeudela onartuta) eta beherago zeudenak erdi klase horren ereduetara begira egoteak gustuaren homogeneotasuna ezarriko zuela iruditzen zait.

Gaur egun, aldiz, erdi mailako klaseak ahulduz doazen heinean gustuaren erreferenteak beste toki batean daude. Alde batetik, telebista izan da azken urteetako gustuaren moldatzailea, publizitatearen bitartez batez ere. Itxuraz, telebistako zaborra da gehien gustatzen zaiguna, audientzia inkestei kasu egin behar badiegu behintzat. Zarata, marruak, distira, argitasuna, gorputzaren ikuskizun lizun heldugabea, kanpoko itxurari emandako gehiegizko garrantzia, dekorazio gehiegizkoa eta abar eredu bihurtu dira guztiontzat, baita garai batean erdi mailako-edo izendatzen genituenentzat ere. Gure gurasoen belaunaldikoek hitz berezia zuten hori guztia izendatzeko: txabakanoa; arrunta edo trauskila, erraza edo konplikaziorik gabekoa, pikaroa edo lotsagabea, eta beste ñabardura asko hartzen zituen hitza, alegia.

Azken urteetan harrituta begiratu diogu behe mailakotzat genituen itxurazko joera batzuen zabaltzeari, adibidez tatuajeenari edo futbol jokalarien bitartez zabaldutako orrazkera gominatuei. Filtrazio efektu interesgarria egon da ingelesen terminologian working class izeneko gustutik erdi-goi mailakoetara. Hala ere, Euskal Herrian ez dugu izan Ingalaterrako gizarte desberdintasun hain handirik, eta ez daukagu izenik working class kontzepturako, batez ere behe mailako klaseen kultur ohiturak erdi mailakoen ispiluan begira zeudelako.

Bestalde, gustuaren heziketan etsi egin dugula ematen du. Etxean ikasi beharreko kontuak direnez, ez dugu ahalegin handirik egin nahi gure seme-alaben gustua bideratzeko, eta erraz amore ematen diogu umeek eskatzen duten guztiari. Umeek telebistak eta publizitateak zabaldutako guztia eskatzen dute eta guk ematen diegu nahiz eta guri ez gustatu, etxean istilurik ez izate aldera. Horrela iritsi gara gustu txarraren estandarizaziora eta globalizaziora. Klaseen arteko desberdintasunak areagotzen diren bitartean, behe mailako gustu txar estandarizatu merkearen eta goi mailako gustu sofistikatu garestiaren artean banatutako gizartea izango dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.