Ismael Manterola
BEGIZ

Renoir kanpora

2016ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Instagramen bidez bildutako talde bateko ekintzaileek Auguste Renoir pintore inpresionista frantziarraren koadroak museoetatik kentzeko eskatu dute Bostongo Museoaren aurrean.

Lankide batek berria irakurri zidanean, barregarria iruditu zitzaidan, nik ere askotan pentsatu izan dudalako Renoir ez dela inpresionisten arteko pintorerik interesgarriena. Hala ere, berriak harritzeko moduko gaiak ukitzen dituela onartu behar da, hasieran sortutako irria baretu ondoren. Alde batetik, Instagramen ahalmena jendea zerbait egitera bultzatzeko. Bestetik, jendea prest egotea museo baten aurrean arte sistemak onartutako artista baten lana ken dezaten eskatzeko. Azkenik, zalantzan jartzea museoek aurkezten dizkigutenak kalitatezkoak izan daitezkeela.

Sare sozialen indarrak ez gaitu jada harritzen, azken hauteskundeek Euskal Herrian utzi dituzten emaitzak jakin ondoren; beraz, ez dugu Instagram, Facebook edo Whatsapp direlakoen jendea mugitzeko ahalmenaz hitz egingo.

Jendea arte gaien inguruan mugitzeak gehiago harritzen nau. Ez nuke horrelakorik aurreikusiko gaur egungo Euskal Herrian. Sasoi batean Oteizaren edo Txillidaren aldekoak ginen, baina gaur egun zeini interesatzen zaio artea, eta, are gehiago, zein egongo litzateke prest Guggenheimen aurrean elkartzeko Richard Serraren burdin tonak kentzeko eskatuz, museoaren erdia baino gehiago okupatzen dutela argudiatuta? Ez dut uste horrelako deialdi batek arrakasta handia izango lukeenik.

Hala ere, Renoirren kontrako elkarretaratzearen berritik gehien interesatzen zaidana museoa zalantzan jartzea da. Hau da, orain arte arte gaietan autoritate ia kuestionatu ezina izan denari kontuak eskatzea. Horrekin batera, artearen historian erabili ditugun kalitate irizpideak ere zalantzan jartzen ari dira, eta horrek eztabaida interesgarria zabaltzen du. Zergatik dago Renoir museoan, eta zergatik du hainbesteko prestigioa? Bostongo Museotik haren lanak kentzeko eskatzen dutenek pintore txarra dela esaten dute. Zeren arabera neurtzen dute pintore baten kalitatea? Zer da pintore ona izatea Instagram zaleentzat? Zer da pintore ona izatea Bostongo museokoentzat?

Niri ere Renoir gehiegi baloratutako artista iruditzen zait, beste asko bezalaxe. Beldur handia ematen dute inpresionistek XX. mendeko enkanteetan lortu zituzten prezioek, Renoirrekin batera beste askok ere. Agian Renoir ez da pintore hain txarra, ez beste asko baino gehiago, baina gure arte historia tarteka berraztertzeko beharra izan daiteke eztabaida barregarri horretatik atera daitekeen ondorio interesgarriena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.