Ismael Manterola
BEGIZ

Arrazoi estetikoak

2016ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Zergatik ezin da arrazoi linguistikorik erabili herri bateko biztanleria bikoiztuko duen proiektua zalantzan jartzeko? Antzeko galdera planteatu zuen Anjel Lertxundik aurreko asteko BERRIAko Hitz beste atalean.

Aspaldi etorri zitzaidan burura zergatik ezin ziren gerarazi azken 30 urtean jasan ditugun zementuzko proiektu ikaragarriak arrazoi estetikoetan oinarrituta. Nahiz eta gu bezalako inozo batzuek era lotsatian arrazoi estetikoak aipatu, teknokratek eta herriaren alde herriaren dirua kudeatzen aditu moduan azaltzen zirenek pentsatzen zuten barre txiki eta kondeszendiente batez erantzuna ematea ere ez zuela merezi, seguru asko ez zekitelako zer erantzun.

Ingeniari eta ekonomialarien aldean hippy batzuen kezka zirudien itsusitasunaz hitz egitea itsasoan barneratu behar zuen mugagabeko harresitzarra eraiki behar zela esaten zutenean, edo itsasoa urrutiratuz herritik ez genuela ikusiko esaten genuenean.

Pasaian lan publiko handiek izan behar zuten eragina aztertzen zutenen artean ez zegoen artistarik, artearekin edo estetikarekin harremana zuen inor; sarritan, ezta paisajistarik ere. Beraz, zer izan dira txosten teknikoak, lan erraldoi horiek behar zuten paper bustia baino?

Arteak ez omen zuen jaten ematen, esaten ziguten, Guggenheimen proiektua mahukatik atera arte. Jende arruntak ere ondo ikasi zuen hainbestetan errepikatutako arrosarioa, baina orain gero eta gehiago baloratzen omen ditugu herri eta bazter ederrak, batez ere gizakiak bere atzaparra sartu ez badu. Turismoa da orain hitz magikoa, eta turismoaren aitzakiaren bidez paisaia ederrak eta herri pintoreskoak saltzen dizkigute han-hemenka. Joan zaitezte ikustera, etor zaitezte ikustera. Zukua guztiz atera arte agortutako lan publikoen negozioa bukatu ondoren, turismoa da urrezko arrautzen iturri berria.

«Negozio ildo» berri horretan, oraingoan ere, ez dago artistarik, artearekin harremana duen inor edo estetikaren inguruko inor. Beste burokrata klase batek ordezkatu du ingeniarien buru karratua. Hori bai, denek hitz eta kolore politagoak dituzte; garai bateko «garapena», «lana sortzea» eta «aurrerapenaren trena» bezalako moldeak, «sustengagarria», «berdea», «ekologikoa», «solidarioa» eta abarren bidez ordezkatu ditugu. Betiere, esan beharrekoa saihesteko: «dirua». Batzuek dirua irabaziko dute, eta beste batzuek, berriz, beti bezala jarraituko dute: soldata txikiak irabazten lan gehiago eta okerragoak egitearen truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.