Ismael Manterola
BEGIZ

Erakusketa, sormen ariketa

2016ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Erakusketak, hitzak dioen bezala, zerbait erakusteko balio du. Artearen esparruaren barruan hitz egiten dugunean, erakusketa artelanak erakusteko balio duela suposatzen dugu. Hala ere, abangoardia joera batzuek era oso iheskor batean eta, beranduago, 1960ko hamarkadako neoabangoardiak tinkoago, ohiko erakusketak zalantzan jartzen hasi ziren. Malevitxen 0.10 Azken erakusketa futurista delakoak hasiera eman zion erakusketa instalazioari. Ohiko erakusketen artelanen pilaketaren ordez, Malevitxek erakusketa aretoa artelanaren osagai bihurtu eta harremanetan jarri zuen une horretan pintatzen ari zen koadroekin. Ordutik aurrera, XX. mendeko artista askorentzat, erakusketa, egindako artelanak erakusteko baino gehiago, sormen ariketa izan da.

Susana Talayerok Bilboko Arte Ederren Museoan jarri duen Kronika geldiezina (1987-2016) izeneko erakusketa ez da artistari buruzko atzera begirako hutsa. Batetik, Bilboko museoak emakume bati eskaini dion bakarkako lehenbiziko erakusketa da. Ba zen garaia! Uste dut 2016. urtean gaudela. Pozteko modukoa, beraz, museoaren irizpide aldaketa. Bestetik, erakusketa berak badu berrikuntza, areto berean gaur egungo artistei eskaintzen zaien erakusketekin alderatuta.

Ez da ohiko erakusketa, eta pozteko moduko beste arrazoia da museoak urteetan izan dituen egiteko erak (orokorrak eta ulertzeko modukoak horrelako museotan) puskatu dituelako. Atzera begirako erakusketak finkatzeko asmoa dutela ezin da ukatu, beraz, bizirik dagoen artistari urrats edo epealdi bati atzera begiratzeko eskatzen zaio horrelako erakusketak antolatzeko orduan.

Baina artista guztiek ez dute lan egiteko modu bera, eta Susana Talayerok ez du itxitzat ematen aurreko urteetan egindako Erromako bidaia, lorategiko edo buruhandien seriea. Horregatik, erakusketa bera sormen ariketa bihurtu du artista bilbotarrak museoak eskainitako aretoan, horrek ekar lezakeen aztoramenduarekin, bai museoarentzat (museoak ez daudelako ohituta horrelakoetara), bai artistarentzat, finkatze ariketak etengabeko sormen aldaketekin bat egitea ezinezko ahalegina bihurtzen duelako.

Emaitza ederra da. Erakusketa konbentzioetatik ihes egiten duen erakuste-ariketa baita. Hainbat momentutan, artistaren lantokiaren antz handiagoa hartzen diogu, artistak ez duelako arazo handirik izan marrazkiak edo pinturak pilatzeko, batek bestea ezkutatu arte, metatze-ariketa interesgarrian. Gainera, Talayerok erakusketa aretoetan hainbeste garrantzi duen horma gainditzeko asmoa izan du artelanak lurrean eta mahaietan jarrita. Bertikaltasunaren ordez, horizontaltasuna aldarrikatu nahi izan da, artistaren pintatzeko berezko jarrera izan delako. Horren bidez, erakusketak Talayeroren lan prozesuetara hurbiltzen gaitu, azken emaitzak izan daitezkeen koadroen ideiatik aldendu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.