Ismael Manterola
BEGIZ

Turismo esklusiboa

2016ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Aurreko asteko Begiz-erako idatzitako artikuluan Haizea Barcenillak Arte Historiako lehen kurtsoko ikasleekin egindako bidaian gertatutako pasadizo oso interesgarria kontatu zigun. Itxuraz, Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako Tarragonako anfiteatro erromatarrera iritsitakoan, itxita topatu zuten, modan dauden itsasontzi erraldoi horietakoek alokatu zutelako, bidaiariek beste inoren enbarazurik gabe ikusi ahal izateko.

Haserretu arren, ez ninduen askorik harritu, horrelako gertaerak gero eta ohikoagoak direlako ondarearen kudeaketaren ardura duten administrazio publikoen aldetik. Kultura salgai dago, bai. Garai batean, amerikarrek Gaztela aldeko eliza erromanikoak erosi eta osorik New Yorkera eramaten zituzten; gaur egun, berriz, eraikuntzak eta museoak alokatzen dituzte, luxuzko bidaia esklusiboak saltzen dituzten transatlantikoen konpainien izenean.

Aberatsak ez gara, baina aberatsen pareko senti gaitezke Mediterraneoan zehar eguzkia hartzen, igerilekuaren alboan etzanda, eta geldialditxoa egin eta hiriko ondarea bisitatzeko aukera ematen diguten bidaietan. Horrela, hondartzako hotelean ezer egin gabe pasatutako egunak kontatzea aspergarria denez, oinarrizkoak baino zerbait altuagoko ikasketak ditugun erdiko klasekoak sentitzen garenok itsas bidaietan izena ematen dugu, kultur eskaintza zabala delako. Italia, Espainia eta Greziako (Portugal gehituta PIGS) hiri zahar pintoreskoak ikusteko aukera emango digute, baina turisten oldeekin nahastu gabe, era esklusibo batean, Haizeak bere artikuluan azpimarratzen zuen moduan.

Bueltan, oporretako argazkiak erakustean, hondartzan etzandako gorputzak eta hoteleko buffeta baino zerbait interesgarriago izango dugu: hondakin erromatarrak, eliza erromanikoak, barrokoko jauregiak, Errenazimentuko eskulturak, eta abar. Gure heziketa maila bera duten lagunak apreziatuko duten kultur bisita zoragarriak.

Bai, lagunok, zoritxarrez, turismo kulturala modan dago. Pasatu dira alferkeriatan lasai egoteko garaiak. Mendira joaten bagara, aberastasun geologikoa, fauna (eskasaren) bakantasuna eta floraren espezie bereziak ikusi beharko ditugu.

Hondartzara nahiago baduzue, flysharen garrantzi geologikoa markatzeko urrezko iltzearen bila ibiliko gara toallan etzanda dagoen jendea hondarrez betetzen dugun bitartean. Hala ere, ezin konparatzerik modan jarri diren flotean dabiltzan hotel transatlantikoekin.

Horren atzetik dabiltza, gure turismo bulegoak zoroen moduan. Lehenbizikoa Pasaiako portura orain dela egun gutxi iritsi omen zen, milaka lagunen gastatzaile potentzialez beteta. Laster hasiko gara Gernikako arbola alokatzen, esperientzia autonomiko esklusiboak saltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.