Haizea Barcenilla
BEGIZ

Eremua(k)

2017ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Txomin Badiolak, mahai inguru batean, hala esan zuen: Euskal Herriko artearen indar iturria komunitatea da. Sentimendu kontrajarriak izan nituen. Alex de la Iglesiak markatuta, kostata irudikatzen dut Badiolak iradokitako komunitate homogeneo eta gustagarria. Hortik ezinegona ere; ados nago Euskal Herrian arte komunitate bat dagoela, baina zalantzan naiz Badiola eta ni kontu beraz ari ote garen hitza erabiltzerakoan.

Badiola artea ulertzeko aburu eta lan egiteko prozesu antzekoak dituen komunitateaz ari zen, partaideen praktika eta pentsamendua sendotzen laguntzen duena. Baina niretzat hori ez da komunitatea, baizik eta komunitate bat, hots, komunitate homogeneo txiki askok osatutako komunitate heterogeneo, anitz eta zenbaitetan disfuntzional handiago baten atal bat. Osotasun hori baita niretzako Euskal Herriko artearen komunitatea, eta hori ere bere aberastasuna.

Bi komunitate horiek ez dira kontrajarriak, osagarriak baizik. Artearen munduan aurrera egiteko beharrezkoak dira pentsamendu, laguntasun eta berme-komunitateak. Baina halabeharrez, ez da halako komunitate bakarra egongo; hainbeste ikuspegi desberdin, horrenbeste komunitate. Gainera, haien arteko eztabaidak osasungarriak dira, artearen inguruko kezkak eta ikuskerak elkarrekin banatu edota kontrajartzen badituzte; eztabaidatzen duen komunitatea, komunitate zabal osasuntsua baita.

Badira, ordea, praktikatik sortutako eztabaidak, eta badira ezinegonetik sortutakoak, eta halakoa da azken egunotan Eremuak programaren erakusketarako hautaketak bultzatu duena. Askori egin zaizkio bitxi urtero-urtero hautatuak diren izenak, edo programak berak sustatutako ekintzaz ekintza doazenak; eta, aldi berean, inoiz agertzen ez direnak. Eta askok sentitu dute komunitate zabal eta heterogeneo hori ez dela programa publiko honek irudikatzen duena; Eremuak beharrean, Eremua dela, alegia. Halako ezinegonek pentsarazi eta plantearazi behar ligukete nola kudeatzen ari garen gure komunitate ezinbestez ugari eta ezinbestez kontraesanezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.