Haizea Barcenilla
BEGIZ

Sorgorrekin gogaituak

2018ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Orain dela urte pare bat, Gipuzkoa eraikitzen deituriko zutabea idatzi nuen, kultur esparruan profesionaltasunari ematen zitzaion garrantzi gutxia salatuz. Errepikakorra da kontua: kulturaren inguruan dihardugunon lana edonork egin dezakeela dirudi, ez dela ez ikasketarik behar, ez esperientziarik, arte zentro bat programatzeko; turistak erakartzeko irizpideen inguruko ezagutza eta gustu pittin bat nahikoa omen dira lanerako.

Kultur hiriburutza bat igaro zaigu tartean, eta ez dirudi gure elite politikoari askorik eragin dionik, kultur esparruko lana baloratzeko orduan. Proiektu erraldoi hori aurrera ateratzeko (politikariek jarritako oztopo eta zailtasun guztiak gaindituz), esperientzia, prestakuntza eta euren bizi pertsonalen atal oso handia eskaini zuen talde profesional ikaragarria behar izan zen. Proiektuan murgildutako ordezkariek aukera nahiko eta sobera izan zituzten profil horien beharraz jabetzeko, edo hori espero genuen, behintzat. Espero genuen ikasketa hori estrapolatzeko ere gai izango zirela, eta gure kultur instituzioetan egiten den lanaren kalitatea zaintzeko eta bermatzeko pausoak emango zituztela honezkero.

Azken asteotako adierazpenek bestelako panorama erakusten digute, ordea. Lehenik, Koldo Mitxelena Kulturuneko zuzendaria izandako Frantxis Lopezek Denis Itxasori bidalitako gutun irekia, non instituzioak urteetan egin duen lan bikaina gutxietsi eta iraintzea leporatzen dion; ondoren, Andres Nagelek ildo beretik idatzitakoa, non Gipuzkoaren kultur politika argirik eza mahai gainean jarri eta kultur baliabideen suntsiketa eta garbiketa (ideologikoa) salatu dituen. Bada ordua galdera zuzenean egiteko: zer gertatzen ari da Gipuzkoako kulturarekin? Ba al dago benetako planik, zentzuzkoa eta epe luzerakoa, edo pertsona bakar baten apeta subjektiboek bideratzen dute?

Lehendakariak Artiumen—sorgor— euskal kulturak garai ederra bizi duela adierazi duen honetan, kulturgileek eskutitz irekiak idazten dituzte, gogaituta. Egoera hori ikusita, ez al da iritsi planto egiteko ordua?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.