Ismael Manterola
BEGIZ

Artzeren erretratua

2018ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Usurbilgo Noaua aldizkaritik Zumetak Artzeri pintatutako erretratuari buruz zerbait idatz nezala eskatu zidaten, aurreko astean. Onartu behar dut erretratua genero zaila dela niretzat. Ez dut oso ondo jakiten zer esan erretratuaren inguruan. Hala ere, irudia nire ordenagailura iritsi bezain pronto, gauza asko ikusi nituen koadro txikian. Laguntasunaren isla, adibidez.

Sakon begiratzen dio 21 urteko modelo gazteak 21 urteko pintore gazteari, eta ondorioz ikusleari. Begi handi garden eta misteriotsu batzuekin. Pertsonalitate handiko gaztea da aurrean daukaguna, emateko asko duena, baina beti zerbait gordeko duena. Ez dugu Zumetaren erretratua askorik ezagutzen, baina lagunari pintatu zion Parisen ikusi eta ikasitakoarekin. Modiglianiren erretratuen zurbiltasuna ageri da Artzeren aurpegian, batez ere buruaren forma luzexkan eta begi handietan; hala ere, formen sinplifikazioak ez du erretratuaren ariketa errazago egiten. Pintzelaren askatasunak kolorearen askatasunari laguntzen dio. Ez dago tarte handirik aurpegia ez den beste ezertarako, baina arropa osatzeko erabilitako gorri biziak sumina eskaintzen dio berez oso agerikoa den gaiari. Bestalde, hondoaren kolore arreek aurpegiaren argitasuna pizten dute, belarriak bien arteko lotura balira bezala lagatzen dituen bitartean; forma galtzen duten aurpegiaren bi euskarri. Ezpain mamitsuek zerbait esan nahi dutela diruditen arren, itxita daude, eta keinu serioak erotikotasunari indarra kentzeko ariketa dirudi. Sudur luzeak, bestalde, kopeta zabala estutzen du kokotsera doan bidean eta hiru pintzeladaren bidez konpontzen du sudurrak duen forma ia geometrikoa. Lepoa itzal gris eta zuri berezien bidez konplikatzen da irudiaren eskuinaldean, buruari eusten dion zilindroa azpimarratu nahian.

1960koa omen da erretratua. Zumetak Parisen hartutako ereduekin esperimentatu nahi duela ematen du. Abstrakzioak erakarrita bizi zen Zumeta urte haietan, Parisen topatutako informalismoak garai hartako euskal pintore askok txunditu baitzituen, Balerdi eta Sistiaga batez ere, baina baita Maria Paz Jimenez ere. Zumeta ausarta Artze ausartarekin batera, vespa hartu eta Europara doa, diktadurapeko Euskal Herritik ihes egiteko gogoz. Parisen abangoardiak ez dira susmagarriak, ez dute ezer txarrik; alderantziz, askatasunaren esparru dira. Futurismoak, dadaismoak eta surrealismoak berritu egin dira Bigarren Mundu Gerraren ondoren, eta bultzada horrek poesia bisuala eta beste jarrera esperimentalak egiteko aukera emango dio Artze gazteari. 21 urte besterik ez dute, galtzeko ezer ez eta esperimentatzeko asko.

Bueltan, artistek aukeratutako bideak ulertuko dituen testuingurua behar dute. Gaur taldea eta Ez Dok Amairu taldea osatzeak esan nahi du kezka bereko gazte batzuk bazeudela. Babes horrekin gizarteari proiektu bat eskaini zioten. Gizarteak onartu zuen arte askatasuna, beste askatasun motekin lotu zuelako, askatasun politiko eta moralarekin, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.