Ismael Manterola
BEGIZ

Gipuzkoa kultura

2018ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Sarritan, erakunde publikoen kulturaren gaineko interesik eza salatzen ibiltzen gara. Egia da, gizartearen beste alderdi batzuekin alderatuta, kulturak garrantzi txikia izaten duela politikarientzat, ez bada behintzat azken boladan gehiegitan entzuten den kultur industria delakoaz hitz egiteko, edo erakundeen propaganda ekimenetarako.

Hala ere, eta azken ideia horrekin lotuta, ez dakit ez den egokiagoa kulturari bere bidea egiten uztea, politikari batzuen gehiegizko protagonismoa kontuan hartuta. Horixe da, hain zuzen, Gipuzkoako Aldundian gertatzen ari dena. Denis Itxasok zuzendutako Kultura Sailak —edo Denis Itxasoren sailak esan beharko dugu—, kutsu pertsonalista hartu du agintean dagoen urteetan. Autopropagandarako erabilitako sail horrek proposamen harrigarriak eskaini dizkio gizarteari: horien artean, Koldo Mitxelena Kulturunearen birmoldaketa, helburu argirik gabe. Ez dakigu zertarako berritu behar dugun berri xamarra den ekipamendu kulturala, batez ere Donostiako liburutegien fusio asmoak baztertu ondoren. Inork ez du zalantzan jartzen ideia edo proiektu berriak behar direla kultur zentroa aldatzeko, baina proiektu argirik gabe zentroa fisikoki berritzea ez da erraz ulertzen. Badirudi Kultura diputatu den Itxasori ez zaizkiola askorik axola kultur mundutik etorritako kritikak; lehendabizikoa urtetan KMK-ko zuzendari izan den Frantxis Lopez Landatxek sinatuta argitaratu zen, Gipuzkoako aldizkari ofizialtzat har daitekeen Vocento taldeko egunkarian —Gipuzkoako agintariei benetan inporta zaiena—. Hurrengoa, artista interesgarri baten eskutik etorri zen, egunkari berean: Andres Nagelek idatzitako artikuluan, Lopez Landatxek azaldutako antzeko kezkak eta kexak irakurtzeko aukera izan genuen. Gehiago argitaratuko ziren, seguru asko, baina, bi pertsona horiek izan duten ibilbidea ezagututa, kontuan izateko modukoak direla iruditzen zait.

Gainera, aipatutako lehenbiziko artikuluan gomendio ederrak ematen zizkion edozein agintariri, Makiaveloren hitzak hartuta, harrotasuna ez baita agintarien lagun ona.

Horrekin guztiarekin, azken urteetan Gipuzkoako Kultura Sailean gertatzen ari denaren zantzuak suma ditzakegu: ez dago kulturarentzat gauza okerragorik politikari interbentzionista baino. Kultura diputatua izateak ez du esan nahi berak egin behar duela saileko lan guztia: adibidez, KMK-ko erakusketa aretoko programazioa. Nire ustez, politikariak lan ildoak markatu behar ditu, baina lan talde ona osatuz eta erakundeetan lan egiten duten teknikariei autonomia zabala utzita, Landatxek Makiaveloren hitzekin gogorarazi zion moduan. KMK-k erakusketa egitarau aberatsa eta interesgarria izan du zabaldu zenetik, Kultura diputatuak aldatu arren. Erakusketa areto batean politikarien esku hartzea ez da egokia, batez ere kapritxora egiten denean. Ezjakintasuna ausarta omen da, KMK-ko erakusketa programazioarekin egiaztatzen ari garen bezala. Horri harrotasuna eta protagonismo gosea gehitzen badizkiogu, gaur egungo politikari perfektuaren erretratua dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.