Haizea Barcenilla
BEGIZ

Erotismoa biluzi

2018ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Badira bizitzan une magiko batzuk: egoera batean murgilduta egotetik, egoera eta guk geuk jokatzen dugun rola beste dimentsio batetik ikustera igarotzen garenean. Ohartzen gara normala zirudien horrek normaletik ezer ez duela, gure gizarteak ezarritako jokabide, arau eta hierarkietatik abiatuta, normalizatutako berezitasun kulturala dela jabetuz.

Inguru ezagunean egonik, zailagoa da hori gertatzea, gu geu baikara berezitasun kultural horren ondorengo, partaide eta birsortzaile. Errazagoa da oso desberdina den kultura batean murgilduz gero. Halako egoeran, bi jarrera egon ohi dira: «hemen ez dakite jaten» posturari eutsi, hots, bestea gutxiestea norberaren egiteko moduaren inguruko gogoetari ez ekiteko; ala desberdintasun hori erabili, bestearen ezaugarriak gozatu zein zurearen gaineko galderak egiteko. Alegia, Japonian hainbeste arroz jatearen arrazoiaz galdetzeaz aparte, guk hainbeste ogi jatearen inguruan itauntzeko kapazak izateko.

Tokioko museoetan barrena, faltan sumatu dut gureetan hain ohikoa den emakume-biluzien errepresentazioa; Mendebaldeko mugarririk ezagunetakoa, alegia. Kanona jakina da: pasiboki posatuz, guztiz eskaintzen diren emakume-opariak, Urbinoko Venus-tik hasita, Ingresen Odaliska-ra iritsi arte. Japoniako artean XX. mendera arte itxaron behar dugu halako biluzi eta poseak ikusten hasteko, eta, hala eta guztiz ere, ez da oso ohiko irudikapena.

Lehen ondorio erratua japoniar gizartea kontserbadoretzat jotzea izaten da. Teoria ahula da, shunga irudiek argi erakusten dutenez. XVII. mendetik ia XX. mendera arte sortutako artelan erotiko horiek harreman sexual oso esplizitu eta anitzak erakusten dituzte, inolako moralismorik gabeak. Halaber, literaturari erreparatuta, X. mendeko Genjiren eleberrian jada agertzen dira Europako kristautasunarentzat automatikoki infernura igarotzeko moduko sexu trukeak, ezkonduta egoteak baldintzatzen ez dituenak, gainera.

Mendebaldekook harritu egiten gaitu shunga irudietan gizon zein emakumeak kimonoz estaliak ikusteak. Horien tolesturen artetik sortzen dira gehiegizko faloak eta alu erraldoiak. Biluzi bakanak argi lotuak daude Japoniako uda beroarekin, kimono finak agertzen direlako alboetan, eta haizemaileak parean. Japonian, erotismoa ez da biluztasunarekin lotzen, arroparekin baizik: zer, nola eta zelako graziarekin janzten duzun. Eta kurbak markatu beharrik gabe. Gainera, begirale aktibo bat eta objektu pasibo baten irudia izan beharrean, bi pertsonaren arteko harreman eraginkorra da.

Erraza litzateke japoniarren lizunkeria kritikatzea eta errukia izatea biluziaren edertasuna prezatuzeko ezintasunaz; baina ez al da interesgarriagoa galderak egitea emakume pasibo, ahul eta objektualizatua erotikotzat duen gizartearen inguruan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.