Haizea Barcenilla
BEGIZ

Herrigintza, alegia

2018ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Lagun batek laguntza eskatu zigun beste biri: euskaratik gaztelerarako itzulpen bat zuzentzen, eta termino batekin zalantza piztu zitzaion. Creación de país gisa itzulita zegoen herrigintza. Sorkuntza, eraikuntza-rekin ordezkatzean denok ados, baina gaztelerazko terminoa motz geratzen zitzaigun oraindik. Zeinek egiten zuen eraikuntza hori? Euskarazko terminoan, herritik datorren indar berak sortzen du herria; herritik herrirako eraikuntza da herrigintza. Herri zehatz baten eraikuntza da gainera, ez «herrien» irudikapen abstraktuarena. Kontzeptuak gehituz gindoazen gazteleraz, konplexutasun horren adierazpena eman nahi eta ezinean: Construcción colectiva de Euskal Herria? Construcción popular del país?

Ziur naiz gazteleraz badagoela gure herrigintzara hurbiltzen den terminorik; bat baino gehiago ziur asko. Lekuan lekukoak izango dira, eta, gure herrigintza euskal kulturaren sustapenean oinarritzen den bezala, beste termino desberdin horiek bertako behar kolektibo bati lotuko zaizkio. Zeinek daki, Uruguaiko bailara galdu bateko bizimodua mantentzen saiatzen den gizatalderen batek edo Andaluzian etxeak okupatzen dabilen komunitateren batek gure herrigintzaren esanahi bertsua duen kontzeptu bat egunero erabiltzen ote duen!

Termino horren sorkuntza goitik beherako indar inposatu eta desorekatzaile bati erantzun beharretik dator; ondo daki euskal kulturak. Erantzun horrek ematen dio askotan forma eta terminologia mugimenduari, hala nola taldearen parte izatearen sentipena banakakoari. Baina txanpon horrek beste aldea ere badu: gatazkak baldintzatuta garatu ez diren kultura eta gizarte sorkuntzak, beste herrigintza horiek, askotan ikusezin gertatzea. Euren buruak definitzeko hitzen faltan, taldearen mugak zehaztu beharrik gabe, egunerokotasunean kamuflatzen direlako.

Halako bat topatu dut Tottoriko probintzian galdua dagoen Daisen herrian. Urte anitz kanpoan pasa eta gero, Shiho Oshita Beday herrira itzuli zen, horren lehiakorra eta anonimoa ez zen bizimodu baten bila. Animatzailea izatez, bere pasioa bertako jakintzarekin uztartu nahi izan zuen. Zurgintza tradizionalean zebilen beste gazte batekin elkartu eta biztanleria galera zela-eta utzita zeuden eraikinak (ospitale txiki bat, eskola bat) herritarrekin batera konpontzen hasi ziren. Bata komunitateak kudeatutako zentro eta egonaldietara datozen animatzaileen egoitza bilakatu da; bestea, animazioarekin zein inguruarekin lotutako beste jakintzen (nekazaritza, ehungintza, arrantza…) umeentzako eskola informala. Egiten duen lana nola definituko lukeen galdetzerakoan, irribarrez erantzun zidan Shihok: «Ez dakit... artea, bizitza, jakintza, elkarlana...ez al da guztia bat?». Herrigintza, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.