Ismael Manterola
BEGIZ

Euskal artearen erradiografia

2018ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko bi erakunde publikoek diruz lagundutako artisten erakusketek bat egin dute martxo bukaeran eta apirilaren hasieran. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren menpe dagoen Eremuak programak Bilboko Alondegian jarri zituen aukeratutako artisten lanak, eta Uharteko Arte Garaikideko zentroan ikus daitezke oraindik ere Nafarroako Gobernuko Kultura Sailak 2017an diruz lagundutako artisten proiektuak.

Erakusketa ezberdinak dira, bai aretoak ezberdinak direlako, bai aukeratutako artisten kopurua oso ezberdina delako ere. Bilbon, 31 artistaren lanak ikus daitezke, erakusketa zabal batean; Uharten, zazpi artistaren lanak, erakusketa txiki batean.

Sarritan gertatzen zaidan bezala, gusturago ikusi nuen Uhartekoa Bilbokoa baino, eta espazioak ere zerikusia izan zuela iruditzen zait. Uharteko aretoan asmo handirik gabeko erakusketa bat topatuko duzue, txukuna eta espazioari zukua aterata; Bilbokoan, gehiegizko tramankulua erakusten diren lanen irakurketa egokia egiteko.

Eskertzekoa da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak artistei laguntzak emateko diru saila gordetzea. Krisiaren aitzakiarekin toki askotan moztutako diru laguntza publikoek ez dute hainbesteko murrizketarik izan gure artean, eta horregatik eskertuta egon behar omen dugu. Hala ere, kulturan inbertitzea erakunde publikoek egin beharreko lana dela iruditzen zait. Zailtasunak zailtasun eta aurtengo ika-mikak ezkutatzeko batere intentziorik gabe, iruditzen zait azken urteetan Eremuak programak asmatu egin duela diru laguntzak banatzeko moduan, nahiz eta gauza asko hobetu behar diren. Bestalde, Nafarroako Gobernua diruak banatzeko moduak indartzen hasi da, aldaketaren gobernuari esker, jakinda lau urteko epea ez dela nahikoa horrelako proiektuetarako. Lan ildoak eta asmoak behintzat jarrita daude; jarraipena emateko hobekuntzak eta aldaketak beharko dira hemen ere.

Eduki artistikoetan sartuta, Eremuak-ek aurkeztutako bildumak hotz laga ninduela esan behar dut. Izenburutik beretik hasi zen konplikazioa: Bi, Dos, Two, ez baitakit zer ekarpen egiten duten hiru hizkuntzetako izenburuek. Zaila egiten zait esatea, baina artelanak ere eskas xamarrak iruditu zitzaizkidan. Garai batean ikusitakoaren errepikapena berritasun mozorroz aurkeztuta—ezjakintasunagatik seguru asko—, ikusten ari nintzenaren aurrean harridura zenbaitetan, eta hutsaltasuna lan askotan; hau da, gehiegizko parpaila gutxi esateko. Sentsazio gazi-gozo gehiago laga zizkidan erakusketa aretora egindako bisitaldiak.

Uharteko erakusketak xumetasunean du bere handitasuna, batez ere, artelanei eta artistek osatu duten antolaketari egin dietelako tartea. Gutxiago dira, baina hobeto ulertzen da bakoitzaren proiektua.

Bi erakusketei begiratuta, Euskal Herriko arteak etorkizuna duela ematen du, nahiz eta adi egoteko moduko zantzuak badauden gure arteko artearen indar galtzearen inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.