BEGIZ

Euskal artearen erradiografia

Ismael Manterola Ispizua -

2018ko apirilak 17
Hego Euskal Herriko bi erakunde publikoek diruz lagundutako artisten erakusketek bat egin dute martxo bukaeran eta apirilaren hasieran. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren menpe dagoen Eremuak programak Bilboko Alondegian jarri zituen aukeratutako artisten lanak, eta Uharteko Arte Garaikideko zentroan ikus daitezke oraindik ere Nafarroako Gobernuko Kultura Sailak 2017an diruz lagundutako artisten proiektuak.

Erakusketa ezberdinak dira, bai aretoak ezberdinak direlako, bai aukeratutako artisten kopurua oso ezberdina delako ere. Bilbon, 31 artistaren lanak ikus daitezke, erakusketa zabal batean; Uharten, zazpi artistaren lanak, erakusketa txiki batean.

Sarritan gertatzen zaidan bezala, gusturago ikusi nuen Uhartekoa Bilbokoa baino, eta espazioak ere zerikusia izan zuela iruditzen zait. Uharteko aretoan asmo handirik gabeko erakusketa bat topatuko duzue, txukuna eta espazioari zukua aterata; Bilbokoan, gehiegizko tramankulua erakusten diren lanen irakurketa egokia egiteko.

Eskertzekoa da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak artistei laguntzak emateko diru saila gordetzea. Krisiaren aitzakiarekin toki askotan moztutako diru laguntza publikoek ez dute hainbesteko murrizketarik izan gure artean, eta horregatik eskertuta egon behar omen dugu. Hala ere, kulturan inbertitzea erakunde publikoek egin beharreko lana dela iruditzen zait. Zailtasunak zailtasun eta aurtengo ika-mikak ezkutatzeko batere intentziorik gabe, iruditzen zait azken urteetan Eremuak programak asmatu egin duela diru laguntzak banatzeko moduan, nahiz eta gauza asko hobetu behar diren. Bestalde, Nafarroako Gobernua diruak banatzeko moduak indartzen hasi da, aldaketaren gobernuari esker, jakinda lau urteko epea ez dela nahikoa horrelako proiektuetarako. Lan ildoak eta asmoak behintzat jarrita daude; jarraipena emateko hobekuntzak eta aldaketak beharko dira hemen ere.

Eduki artistikoetan sartuta, Eremuak-ek aurkeztutako bildumak hotz laga ninduela esan behar dut. Izenburutik beretik hasi zen konplikazioa: Bi, Dos, Two, ez baitakit zer ekarpen egiten duten hiru hizkuntzetako izenburuek. Zaila egiten zait esatea, baina artelanak ere eskas xamarrak iruditu zitzaizkidan. Garai batean ikusitakoaren errepikapena berritasun mozorroz aurkeztuta —ezjakintasunagatik seguru asko—, ikusten ari nintzenaren aurrean harridura zenbaitetan, eta hutsaltasuna lan askotan; hau da, gehiegizko parpaila gutxi esateko. Sentsazio gazi-gozo gehiago laga zizkidan erakusketa aretora egindako bisitaldiak.

Uharteko erakusketak xumetasunean du bere handitasuna, batez ere, artelanei eta artistek osatu duten antolaketari egin dietelako tartea. Gutxiago dira, baina hobeto ulertzen da bakoitzaren proiektua.

Bi erakusketei begiratuta, Euskal Herriko arteak etorkizuna duela ematen du, nahiz eta adi egoteko moduko zantzuak badauden gure arteko artearen indar galtzearen inguruan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna