Haizea Barcenilla
BEGIZ

Segida doktrinalak

2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Aste honetan Hiroshige artistaren Tokaidoko 53 geltokiak ikusteko aukera izan dut. Ikusi, bai; gozatu, ez horrenbeste. Tokiotik Kyotora XIX. mendeko bidearen geltoki eta leku ikusgarriak erakusten ditu serieak eta, bide baten jarraipena denez, grabatuak segidan eta ordenan kokatu dituzte antolatzaileek. Irudi bakoitzaren disekzioa tartean gehituz gainera («begira detaile hau», «erreparatu gizon honi»). Larunbatean joatea otu zitzaidanez, jendetza zegoen, eta elkarri kateatutako presoen antzera mugitu behar genuen, ilaran, artelanen aurrean. Geltoki batean gehiago gelditu edo bat saltatuz gero, inguruko bisitari ondo-hezien begirada sutua jasotzen nuen.

Halako jarraipena duen seriea erakusterakoan, jakintzat hartzen da ordenan egon behar duela. Zergatik? Zergatik ez multzoka (probintzia bakoitzekoak taldeka), zergatik ez gaika (paisaiak, gizarte egoerak), zergatik ez egunen orduen arabera (goizetik gauera, gaueko irudiak)? Eta aukera horiek guztiak baztertuta, segidan jartzen badugu, zergatik onartu behar du ikusleak bide hori?

Aldiro bridatu behar dut mihia museologiako klaseetan, ikasleek harrotasunez erakusten dutenean sortu duten museoa eta guztiz gidatu eta itxitako ibilbidea. «Ikusleak askatu, mesedez!» oihukatzeko gogoa sartzen zait. Bidea markatzearen zergatiaz galdetzerakoan, argudio bera darabilte: jendeak errazago deritzo beste norbaitek zehaztutako bidea jarraitzeari; jendeak hori nahiago du.

Jakina jendeak artaldeari jarraitzeko ohitura duela: umeak garenetik prestatzen gaituzte horretarako. Aldez aurretik erabakia dagoen diskurtso bat zalantzarik gabe onartzeko, eta, desberdinak bagara, besteek guri buruz pentsatuko dutenaz beldur izan eta gure iritziari garatzeko espazio handirik ez emateko. Zenbat aldiz nahasten dugun elkarlana kritiko ez izatearekin; kolaborazioa, lidergo ahalmena duenak esaten duenaren aurrean isiltzearekin. Eta, noski, nahiago dugula museoan erantzuten ez dakigun galderarik ez topatzea, tabernan ere nahiago dugun bezala. Politikan kontsignak legez, museoetan ere horrela onartu eta naturalizatzen dugu autoritatearen diskurtsoa.

Gizartean aplikatzen ditugun logikak azaleratzen dira museoetan; logika doktrinalak. Museoak hau horrela ikusi behar dela erabaki badu, ez dugu hori zalantzan jarriko, eta meza bezala jarraituko dugu hasieratik amenera arte, dagokionean altxatuz edo belaunikatuz. Horregatik, museo edo erakusketa on batek artelan berari modu oso desberdinetan begiratzeko askatasuna eskaini behar du; horren ostean, ikuspegi horiek komunean jarri eta konpartitzeko aukera. Gizarteak eskaini beharko lukeen bera, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.