BEGIZ

Zaindu maite duzun hori

Haizea Barcenilla -

2018ko maiatzak 22
Soziometroak kulturaren berri ematen digun bakoitzean, bihotza apur bat uzkurtzen zaigu. Eta ez espero ez genuelako. Gure lagun askori eskuan hatzak falta zaizkie museo bat zapaldu gabe daramatzaten urteak kontatzeko; garestiegia iruditzen zaie ballet batengatik 20 euro ordaintzea eta merkea Athleticen partida 45; irakurtzeko astirik ez dute, baina Operación Triunfo-ko emanaldia ezin galdu. Kulturan gabiltzanok, gure tribukoek inguratuta eta kobazulo batean itxita bizi ez bagara behintzat, badakigu zein den errealitatea.

Baina uzkurtzen zaigu, badakigulako, halaber, politikariak aurpegi tristez datuak ematen ikusi arren, ez dela egingo egoera honen azterketa sakonik; dagozkien galderak ez direla planteatuko, ezta ardurak hartuko ere.

Izan ere, Jaurlaritzan ez al da inor larritzen 20 urtez museo bat proiektu estrategikotzat lehentasunez sustatu, eta gero gizartearen %15ek soilik hartu duenean beren burua museoen oso zaletzat? Ez, bada, ez da larritzen, bertakook ez baikara museo horrentzako publikoa. Ez da artearekiko zaletasuna pizteko egindako museoa, turistak erakartzeko baizik. Kulturan beharrean, ostalaritzaren plan estrategikoan beharko luke.

Horregatik, ustezko kultur politikek ez dute sustatu kulturarekin harreman eta zaletasun jarraitua izatea; kultura une bateko denbora-pasarekin lotu dute engainurik gabe. Herriko aretoetan eskaintzen diren talde hasiberrien hileroko kontzertuen ordez, BBK Live. Azkuna Zentroko erakusketa aldatzen duten aldiro hurbildu beharrean, hogei urtean behin Guggenheimera egun batez dohainik, autobusa barne. Eta zergatik irakurketa talde batera apuntatu, urtean behin Durangora joatea nahikoa denean?

Bereziki aipagarria da bertsolaritzaren kasua. Txapelketa Nagusia hurbiltzen denean, badirudi euskaldun oro bertsoen aurrean malkoak ezin eutsi jaio dela. Sentsazioa izaten dut bertso-bazkarietara ez doan euskaldun bakarra naizela. Baina hara non, bertsozaleen artean, %19 soilik egon diren bertso saio batean aurreko urtean.

Dena den, badago bertsolaritzatik ikasteko anitz. Aztertu dira bertsolaritzak herrigintzatik abiatuta lortu dituen ikusgarritasuna, zaletasuna eta bermea. Ibilbide arrakastatsua egin du, gizartean onarpen handia baitu, aztertutako kultur adierazpenen artean zale gutxien dituena izanik ere (%12k dute euren burua bertsolaritzaren oso zaletzat; museoenak %15 dira, eta arte eszenikoenak %17).

Gero eta argiagoa da azke-neko urteetako ustezko kultur politika horiek kale egin dutela. Bada garaia kultur politika eraginkor, ikertu eta epe luzeko bat abiatzeko. Esango nuke badugula instituzio nahikorik bidea errazteko. Baina bide adostu eta askotarikoa ez bada, nekez iritsiko zaigu arrakasta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna