Ofiziala da iristen ez den aitortza

Txillardegiren omenezko horma irudia inauguratuko dute, bihar, Donostiako Gaskonia plazan, haren heriotzaren seigarren urteurrenean. Erakundeen «aitortza ofizialaren» falta sumatzen dute idazle eta hizkuntzalariaren gertukoek
Txillardegiren horma irudia egin du egunotan Mikel Herrero artistak, Donostiako Gaskuina plazan.
Txillardegiren horma irudia egin du egunotan Mikel Herrero artistak, Donostiako Gaskuina plazan. JUAN CARLOS RUIZ / ARP

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko urtarrilak 13
«Gizarte aitortza badu, ez duena da aitortza ofiziala». Fito Rodriguez EHUko irakasle eta Txillardegi Udal Liburutegia herri ekimeneko presidenteak argi du gabezia nondik datorren, nahiz eta berak ere denbora behar izan duen ohartzeko Jose Luis Alvarez Txillardegi-ren (Donostia, 1929 - Donostia, 2012) figurak eta jarduerak badutela herritarren sostengua: «Erakundeak, batez ere erakunde ofizialistak, izan dira bere ekarpena behar bezala onartu nahi izan ez dutenak: ez Euskaltzaindian, ez Euskal Herriko Unibertsitatean, ez parlamentuetan ez dute inoiz ere bere ekarpena baliostu. Baina gizarte aitortza baduela orain ari naiz konturatzen».

Sei urte beteko dira bihar Txillardegi hil zela —2012ko urtarrilaren 14an zendu zen—. Txillardegi Udal Liburutegia herri ekimenak egitarau oparoa antolatu du idazle, pentsalari eta hizkuntzalariaren obra eta figura gogora ekarri eta omentzeko. Herenegun, Txillardegi, errotikako gogoeta hitzaldia eman zuten Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak eta Itziar Aizpuru Filosofia irakasleak. Hiru urte eman ditu Jakin-ek Txillardegiren lan osoa digitalizatzen. Guztira, 1.984 idazlan, 23.591 orrialde. Lan horretan oinarrituta, pentsamendu-aldizkariak liburu sorta bat argitaratu behar du, eta sorta horren lehen aleak prestatzen ari da Alaitz Aizpuru.

Igandean, berriz, heriotzaren seigarren urteurrenean, «indar sinboliko handia» duen proiektua gorpuztuko dute, Txillardegiren omenezko horma irudiaren inaugurazio-ekitaldia egingo baitute (12:00etan), Antiguako Gaskonia plazan, Donostian. «Txillardegi etxea egun Gaskonia plaza dagoen horretan zegoen, eta Txillardegiren beraren jaiotetxea etxalde hartan eraikita zegoen. Txillardegiri espazio publiko batean, legezko bedeinkazioekin, aitortza egin ahal izatea bada zerbait, guk geuk nola edo hala ordaindutako horma irudi apal baten bidez besterik ez bada ere». Herri ekimenak finantzaketa kolektibo bidez ordainduko du horma irudia.

Horma irudia Mikel Herrero artista donostiarrak egin du egunotan, iazko azaroaren erdialdera Imanol Lartzabal kantariaren omenez Donostiako Bentaberri plazan erretratua margotu zuen artista berak, hain zuzen ere. Lartzabalen zein Mikel Laboaren omenezko horma irudiak aurretik eginak egotea «aurrekari garrantzitsuak» izan dira Txillardegirena ere egin ahal izateko, Rodriguezen hitzetan. Artista gazte talde batek Mikel Laboaren omenezko irudia margotu zuen Antiguako horma batean. Irudia ezabatu egin zuen Donostiako Udalaren garbiketa enpresak, baina egun gutxitara berriro margotu zuten gazteek. Udalaren barruan ere ika-mika sortu zuen gertaerak. Rodriguez: «Arau ofizialak esaten du horrelako irudiak ezabatu egin behar direla, baimenik gabe ezin direla egin. Baina Udaleko Giza Eskubideen Batzordean adostu zuten egin ahal izatea bi baldintzarekin: kalitate minimo bat izatea lanak, batetik, eta ez zedila izan iraingarria, bestetik. Horretan oinarriturik egin zen Imanol Lartzabalen horma irudia, eta horri heldu genion guk ere Txillardegiren horma irudiaren eskaera egiteko ere». Horma irudiak Txillardegik berak 60ko hamarkadan Branka aldizkarian idatzitako Euskara da euskaldunon aberria leloa eramango du idatzia. «Jakina, hori ez da inorentzat iraingarria, eta udalak utzi egin digu egiten. Ez da proposamena onartu egin duela, baina utzi egin digute egiten», azaldu du Rodriguezek.

«Lau eskaera formal» egin behar izan zituen Rodriguezek Donostiako Udalean horma irudia egin ahal izateko. «Hasieran esan ziguten prozesu horrek denbora gehiago behar zuela. Baina guk nahi genuen, batetik, bera hil zen egunean inauguratzea, eta, bestetik, 2018an izan zedila, euskara batuaren 50. urteurrenean. «Azkenean, Santo Tomas egunean bildu ahal izan genuen Eneko Goia alkatearekin eta Xabier Euskitze udaleko kultura aholkulariarekin eta eman ziguten aurrera egiteko ametoa».

Mende erdia beteko da aurten Euskaltzaindiak euskara batuaren eredua onartu zuenetik, 1968ko urrian Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa) egindako batzarrean. «Hura onartzeko abiapuntua Txillardegik jarri zuen. Harena zen 1956ko Karta Idigia izeneko txostena, euskararen estandarizazioaren aldeko lehen dokumentua. Ondoren, Koldo Mitxelenak hartu zuen proposamen hura. Baina sortzailea Txillardegi izan zen, eta ez zuten sekula onartu euskaltzain oso gisa».

Mitxelena eta Txillardegi

Koldo Mitxelenak eta Txillardegik duten aitortzen arteko aldea nabarmendu du Rodriguezek: «Eskuz esku aritu ziren euskara estandarizatuaren bidean, baina, kurioski, Koldo Mitxelenak aitortza ofizial osoa dauka. Besteak beste, Gipuzkoako Diputazioaren liburutegiak haren izena darama; plaza bat dauka Errenterian, baita monumentu bat ere; Txillardegik, aldiz, ez dauka horrelakorik. Aitortza ofiziala falta zaio».

Alderaketetan sartzea «kontu konplikatua» dela uste du Ibon Sarasola euskaltzainak. «Erakundeen kontuak dira horiek, eta ez naiz ni egokiena horietan sartzeko». Hala ere, onartu du «ziur aski aitortza gutxi» jaso duela Txillardegik. Sarasolak parte hartuko du biharko ekitaldian —baita Joxe Manuel Odriozola soziolinguistak, eta Izarne Zelaia eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek ere—, eta beste ezeren gainetik, Txillardegiren lana nabarmendu eta bere aitzindaritza aitortuko du: «Egundoko lana egin zuen; euskaldungoaren historian egin den gauzarik inportanteena ziur aski berari zor diogu. Hori baino gehiago ezin da esan. Euskararen historian gauza bat baldin badago fundamentala, beste gauza guztiak baino axola gehiago duena, estandarra sortu izana da: euskara batua. Aitzindaria eta egilea Txillardegi izan zen. Koldo Mitxelenak egin zuen Txillardegiren proposamena onartu, iruzkin batzuk egin, eta borobildu. Baina oinarria Txillardegirena da, eta ez dago hori baino gauza inportanteagorik».

Ibon Sarasolak berak eta Donostiako beste hamasei idazlek idazkia aurkeztu zuten Donostiako Udalean, 2013ko urrian, Udal Liburutegi Nagusia Txillardegi Liburutegia izenda zezaten. Aurrez, Plazara Goaz Euskara Batzordeak erregistratua zuen eskaera udalean. Udal Gobernuak, Juan Karlos Izagirre alkate zela, eraman zuen proposamena Donostia Kulturako administrazio kontseiluaren aurrera, baina oposizioko alderdiek —PSE, PP eta EAJ— atzera bota zuten.

Udalari egindako eskaera

Bihar, horma irudia inauguratuko dute, eta urrats sinboliko garrantzitsua izango da Txillardegiren aitortzan, baina, era berean, Txillardegi Udal Liburutegi herri ekimeneko kideek jatorrizko eskaera egiteari ez diote muzin egingo: «Gure ustez, Udalak Txillardegirekin zorretan jarraitzen du, eta ez dugu amore emango aitortza ofizial bat lortu arte. Udaletik betoa dator; argudiatu gabea eta irrazionala. Txillardegiren obra ezagutzen ez dutenek, eta are, euskara ere ezagutzen ez dutenek betiko tenore eta modutara makurtzen dute eztabaida. Argudioak dira ez dagoela nahikoa kontsentsu Txillardegiren inguruan, ETAko sortzaileetakoa izan zela eta abar... Hori da argudio sistematikoa baztertzeko taxuzkoa izan daitekeen proposamen bat. Baina ez dute ezer proposatzen, eta ez dute ezer egiten uzten ere», dio Rodriguezek. BERRIA jarri da harremanetan Donostiako Udalarekin, herri ekimenaren eskari eta argudioen inguruan galdegiteko, baina ez du erantzunik jaso.

Bideoa: Txillardegiren omenezko horma irudia, Antiguan (Julen Aperribai).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna