Zinema lengoaia berrien xerka

Bost sortzaileren lau proiektu ari dira garatzen asteotan Donostiako Tabakaleran, Ikusmira Berriak programaren barruan. Baldintzak aldatuta, dezente gehitu dira eskariak, batik bat, nazioarteko sortzaileenak: 157 jaso dituzte

Rebordinos, Chatrian, Van Dijl, Pesce, Delgado, Giron, Fernandez, Rodriguez eta Oksman, atzo, Donostiako Tabakaleran. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezko proiektuak bultzatzeko Ikusmira Berriak programa bete-betean da. Bost sortzaileren lau proiektu hautatu dituzte, eta, espazioaz gain —Tabakalera—, hainbat baliabide utzi dituzte haien eskura. Donostiako Zinemaldiak eta Tabakalerak elkarrekin atondu dute sei asteko egonaldia —hirugarren urtea dute—, Donostia Kulturaren eta Euskadiko Filmategiaren lankidetzarekin. «Ahots eta talentu berriak» bultzatzea izan dute helburu, Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendariak azaldu duenez: «Zineman ematen diren lengoaia berriak edo egiteko forma berriak bultzatu nahi ditugu: horregatik hautatu ditugu proiektu hauek».

Guztira, 157 proiektu jaso dituzte —iaz baino %320 gehiago, antolatzaileen esanetan—, eta horietatik lau hautatu dituzte. Nazioarteko zinemagileak erakarri nahian, programan parte hartzeko baldintzak aldatu dituzte aurten, eta, hain zuzen, nazioartetik jaso dituzte eskari gehien. Espainiako eta nazioarteko proiektu bana kanpoan utzi behar izan zituzten iaz, baldintzak betetzen ez zituzteko: aurten, lau kategoria bereizi dituzte, eta bakoitzeko egonaldi bana eskaini dute. Iazko Zinemaldiko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako parte hartzaileak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekoizleak, Espainiako ekoizleak eta ekoizle atzerritarrak; horiek dira lau atalak.

Egonaldiak, ate irekitzaile

Maider Fernandez Iriarte (Donostia, 1988) Las letras de Jordi proiektua ari da garatzen. Duela 51 urte garuneko paralisiarekin jaio zen Jordi: ezin du hitz egin, baina hizkiz osatutako kartoizko taula baten laguntzaz komunikatzen da ingurukoekin, baita Fernandezekin ere. «Jainkoak hitz egin ziola sentitu zuen Jordik 21 urterekin, nahiz eta, gaur egun, gurasoen etxea utzi eta egoitza batera joan denez geroztik, ez duen haren presentzia sentitzen».

Aguila de Papel da Julia Pesceren (Cordoba, Argentina, 1984) proiektua. 1966an Pesceren amak eta izebak Los Angelesera egindako bidaia bat du oinarrian lanak: Carlos Castaneda idazle eta antropologoaren urratsei jarraitu zieten, eta tentsegritatea praktikatu —«esperientzia mistiko bat», Pesceren esanetan—. Amarekin egindako elkarrizketak ditu oinarriak ikus-entzunezkoak.

Bi lagunen artean ari dira egiten Eles Transportan a Morte: Helena Giron (Santiago de Compostela, 1988) eta Samuel M. Delgado (Santa Cruz Tenerifekoa, Espainia, 1987). Fikzioaren eta esperimentazioaren arteko mugak lausotu nahi dituzte, Gironek azaldu duenez. Kristobal Kolonek gidatutako eskifaian ordurako hilda behar duten hiru marinel daude: bidaian parte hartzearen truke saihestu dute heriotza. Santa Maria ontziaren bela lapurtu eta ihes egingo dute, hiru emakumerekin batera.

Olinpiar Jokoetan parte hartu nahi duen gimnasta gazte baten istorioa du oinarri Leonardo Van Dijlen (Kortrijk, Belgika, 1991) Stephanie proiektuak. Entrenatzailearekin eta ingurukoekin harreman ona izateko, isilean gordeko ditu zauri eta min jasanezinak; ordea, sendagaiak bere kabuz hartzen hasi eta gainbehera egingo du protagonistak. Bigarren aldia du Van Dijlek Donostian, iaz Zinemaldiko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketetan parte hartu baitzuen.

Abuztuaren 21ean hasi zuten egonaldia Tabakaleran, eta urriaren 1ean bukatuko dute, Zinemaldiaren amaierarekin batera. Esku artean dituzten lanen aurkezpenak prestatuko dituzte, hala, jaialdia hasten denean, lan horiek koproduzitzeko eta banatzeko interesa izan dezaketen nazioarteko ekoizle, salmenta arduradun eta industriako profesionalei ezagutarazteko. Aurkezpen horiek Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan izango dira, San Telmon, eta leku propioa izango dute bost sortzaileek. Gainerako jardueretan parte hartzeko zein Zinemaldiko emanaldietara joateko aukera izango dute.

Hiru lagunek aukeratu dituzte Ikusmira Berriak programako lau proiektuak: Carlo Chatrian Locarnoko zinema jaialdiaren zuzendariak, Ada Solomon HiFilms Productions ekoizpen etxearen sortzaileak eta Sergio Oksman zinema zuzendari eta Dok Films ekoiztetxearen arduradunak. Halako egonaldien garrantzia azpimarratu dute, bai zinema zuzendarientzat, bai zinema jaialdi eta ekoizpen etxeetako arduradunentzat ere, lan eta egile berriak ezagutzeko aukera ematen baitie. Egileek ere esker onez hitz egin dute, lanak garatzeko zein euren antzeko egoeran dauden beste zinemagile batzuekin harremanetan egoteko eman dieten aukeragatik.

Hurrengo bi asteburuetan sortzaileek haientzako erreferenteak izan diren pelikulak emango dituzte Tabakalerako zinema aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.