Ismael Manterola
BEGIZ

Artearen otzantasuna

2018ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Haizea Barcenillak aurreko astean zioen moduan, nik ere Santiago Sierrari Arco azokan gertatutakoari buruz ez hitz egiteko erabakia hartuta neukan, baina, erabakiak batzuetan aldatzeko daudenez, Arcon gertatutakoari buruz hausnarketa txikiren bat egiteko erabiliko dut gaurko tartetxo hau.

Onartu behar dut Santiago Sierra argia izan dela bere performancea antolatzeko orduan. Lehenik eta behin, zentsuratuko dizuten artelan bat egin behar duzu. Ez da zaila gaur egungo Espainian zein gaik zentsuratuko zaituen jakitea. Horregatik, Santiago Sierrak segurura jo du, artelan eskas eta erraz batekin ekintza interesgarri bat sortzeko. Gaia aukeratuta, Sierrak aurreikusi bezala joan da guztia: kentzeko eskaera Madrilgo azokako arduradunen aldetik; galeriaren jabearen men egitea; prentsako oihartzuna; eztabaida eta komunikabideen parte hartzea. Denak Sierraren tranpan erori garela esan dezakegu; horregatik hartu du Sierraren artelanak gero eta interes handiagoa niretzat, euskarri ahula eta banala izan arren gaur egungo artearen eta politikaren sistema agerian jarri duelako.

Alde batetik, Espainian debekatuta dauden gaiak agerian utzi ditu, sistema politikoarentzat ukiezinak diren gaiak azpimarratuta. Bestalde, ondo baino hobeto erakutsi digu debekuaren mekanismoek nola funtzionatzen duten. Horrekin batera, azkenik, kultura zein otzana den azaleratu du, ez baitago Espainian erakundeen kontroletik kanpo geratzen den kultur adierazpenik.

Hain zuzen, hori izan da niretzat interesgarriena. Zentsurari buruz hitz egiten denean, boteretik datorren zerbaiti buruz hitz egiten da, baina, oraingo honetan, botereak bere mekanismoak erabili dituenean, zein erraz onartu dugun. Horrek tristatu nau. Banekien galeria sistema domestikatuta zegoela, baina lotsagarria izan da artistek iritzi edo ekintza kritikorik ez egitea.

Orain, badakigu, gertatutakoa gertatuta ere, Arcok aurrera jarraituko duela. Show delakoak beti aurrera jarraitu behar du. Saltzea da guztion helburua, izan galeriak ala izan artistak. Elkartasuna hitza ez dago arte munduko hiztegian. Akaso Santiago Sierraren estrategiak ezagutzen dituztelako eta oportunistatzat hartuko dutelako izango da, baina gaur egun beti dago protestarik ez egiteko aitzakiaren bat artisten artean.

Nik ere zalantza handia daukat Santiago Sierrak ekintza performatibo horren bidez lortu duenaren inguruan, baina, agian, lortu duen gauzarik interesgarriena da egiaztatzea arte sistemak edozer onar dezakeela, merkatuaren martxa ez oztopatzearen truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.