Tiroketa iPhone Corralean

Western baten eta epaiketa film baten arteko nahasketa gisa ikusten ari da mundua Appleren eta FBIren arteko aurrez aurrekoa. Telefonoetan atzeko ate bat irekiarazi nahi dio Poliziak konpainiari, baina hark uko egin dio, horrekin erabiltzaileen pribatutasuna arriskuan jarriko lukeelakoan.

FBIk telefonoetan sartzeko bidea irekitzeko eskatu dio Appleri. Horren aurkako protesta bat, Polizia Federalaren Washingtongo egoitzaren aurrean, otsailaren 23an. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
Edu Lartzanguren.
2016ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Sarraski batekin hasi da pribatutasunaren aurkako gerraren azken borroka. Abenduaren 2an, hamalau pertsona hil eta beste 22 zauritu zituzten senar-emazte batzuek Kalifornian. Arma automatikoekin eginiko sarraski bat AEBetan? Albisterik ez. Zuri batek eginez gero, psikiatrek ikertuko zuketen kasua. Baina San Bernardinoko egileak musulmanak ziren. Beraz, FBIk —AEB osoan dabilen Polizia Federalak— bere gain hartu zuen kasua.

Poliziak bikotea hil zuen erasoaren ondoren. Beraz, nor galdekatu? Nork daki gaur gehien pertsona baten inguruan, senideek baino gehiago, askotan berak baino gehiago? Norbere telefonoak. Han geratzen dira grabaturik nondik, nora, noiz eta norekin guztiak.

Orduan hasi zen arazoa. Emakumeak iPhone bat zuen, Apple konpainiaren telefono bat. Segurtasun sistema bat du gailuak: norbaitek pasahitz oker bat sartzen badu hamar aldiz, telefonoak ulertzen du ez dela jabea, eta datuak, argazkiak, deiak, agenda eta halako informazio pribatua ezabatu egiten du. Hori jakinik, FBIk Appleri eskatu dio iOS sistema eragilearen, iPhone gailuek erabiltzen dutenaren bertsio berezi bat egiteko, aukera emango lukeena pasahitzak mugarik gabe probatzeko, zuzena aurkitu arte.

Horri, «atzeko ate bat» zabaltzea esaten diote segurtasun informatikoko adituek, eta arazo ikaragarri bat sortzen du: telefono baterako eskatzen badute ere, ate horrek telefono guztietarako balio du.

Applek ezetz erantzun zion FBIri, ez zuela sortuko «minbiziaren pare» den programa bat. Konpainiak argudiatu duenez, atzeko atea zabalduta, sarbidea izango dute gero hackerrek, lapurrek, diktadoreek...

AEBetako Justizia Departamentua sartu zen eztabaidan. Appleri eskaturiko programa bakarrik telefono horretan erabiliko zutela, eta, ondoren, suntsitu egingo zutela.

Baina berandu da dagoeneko AEBetako Gobernuaren promesak sinesteko alor horretan. Izan ere, Washingtonen espioitza elektronikoak historia luzea dauka. 1990eko hamarkadaren hasieran, Bill Clintonen gobernua saiatu egin zen telekomunikazio gailu guztientzat derrigorrezkoa egiten Clipper deituriko txipa ezartzea, atzeko atea nahieran zabaltzeko.

Edward Snowden CIAko informatikariak mundu osoaren aurrean ipurdi bistan utzi zuen 2013an AEBetako NSA Segurtasun Nazionalerako Agentzia, erakutsi zuenean estatubatuarren zein hainbat estatuko agintariren —aliatuak tartean— komunikazioak zelatatzen ari zela.

Duelua dago, beraz, Appleren eta FBIren artean, western filmen estilokoa, baina auzitegietan. Apple AEBetako Konstituzioan bildu da, eta bere gailuen erabiltzaileen eskubideen defentsan dabilela esan du. FBI, berriz, «segurtasun nazionala» hartu du ahoan. Epaiketa historikoa izango dela esan dute hainbat behatzailek, baina Hollywoodeko Gunfight at the O.K. Corral (1957) filmean bezala, badirudi bi aldeak errealitatea etaaurrez aurrekoa larregi antzezten ari direla.

«FBIk ezagutza eta gaitasun tekniko nahikoak ditu Appleri eskatzen diona bere kabuz egiteko», esan du Iratxe Esnaola Arribillaga informatikariak. Estrategia eta Informazio Sistemak ikasgaia irakasten du Deustuko Unibertsitatean. Esnaolaren arabera, arazoa ez da, beraz, teknikoa, politikoa baizik. Gaurko legediak ezinezkoa egiten dio FBIri inongo enpresa behartzea erabiltzaileen pribatutasuna jokoan badago. Epaile batek Apple behartuko balu, aurrekari bat ezarriko luke, eta legezko bidea emango lioke FBIari aurrerantzean edonolako telefonotara sartzeko. «Ziur aski, hor dago FBI temati agertzearen arrazoia».

Appleren jarreraren atzean, berriz, zer dago? «Kontu garrantzitsua da harentzat, batez ere irudiagatik, teknikoki sistema segurua dela saltzen duelako orain», esan du Gari Araolaza CodeSyntax enpresako informatikariak. Azken urteotan Googlek jan dio sagarraren etxeari sakelako telefonoen merkatuaren gehiena—%82 ziren iaz Android sistema zuten telefonoak—. Googlek Android doan banatzen du, eta konpainiak dirua eskuratzen du erabileraren datuak biltzen eta beste batzuei saltzen. Hori jakinik, Googlerengandik bereizteko modu bat bilatu du Applek: «IPhoneak ez du halakorik egiten» esatea, bezeroen pribatutasunaz kezkatzen dela, alegia.

«Irudia da Appleren ondasun garrantzitsua, eta horixe ari da zaintzen», adierazi du Esnaolak. Applek erabiltzaileen pribatutasunaz agertzen duen kezka zalantzan jarri du irakasleak. IPhone baten softwarea ezin da ikusi edo aztertu, Applek sekretupean duelako. IPhone batek gordetzen dituen datuekin zer egiten duen jakiterik ez dago. «IPhonea itxia da, hortaz, nekez esan daiteke pribatutasunaren alde egiten duela», adierazi du Esnaolak.

Gainera, Applen ezkutukeriak badu eragin perbertso bat: segurtasuna eta itxia izatea lotzen ari da. Sistema gero eta itxiagoa, orduan eta seguruagoa dela saltzen ari da. «Hori oso arriskutsua da, marko hori ez baita erreala. Alderantziz: pribatutasunaren alde egiteko, softwareak irekia izan beharko luke, eta aztertzeko aukera eman».

AEBetako eztabaida «interes handiz» aztertzen dabil egunotan Margarita Uria, «ez zuzenean guri eragiten digulako, baizik eta pribatutasunaren eta segurtasunaren arteko eztabaida berriz piztu duelako». Otsailaren 5etik da Uria Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendaria. Baina aspaldi ezagutzen du gaia, datuen babeserako indarrean dagoen 1999ko legearen proposatzaileetako bat izan baitzen Espainiako Parlamentuko EAJko diputatua zenean. Esan duenez, asko aldatu da pertzepzioa bera gai hauetan lanean hasi zenetik. Lehen, «segurtasun neurriak» pribatutasuna babesteko tresnak ziren, administrazioak behartzeko herritarrei buruz dituzten datuak babestera. Orain, berriz, alderantzizkoa da, hau da, segurtasuna administrazioari ahalmena emateko aitzakia da. «Botere publikoen gosearengatik gertatu da, baina baita sistema telematiko eta informatikoak asko zabaldu direlako ere».

AEBetan erabakitzen dutena erabakitzen dutela ere, Europako eta herrialdetako legediak hor egongo dira gaiaz ebazteko, nabarmendu duenez. Euskal Herrian, hegoan zein iparrean, datuen babesaz dauden legeen oinarria Europako zuzentarauak dira. Europako Batasunak araudi zehatzagoa onartuko du maiatz aldera, nahiz eta ez den indarrean sartuko urtebete pasatu arte. «Gauza asko aldatuko ditu horrek», esan du Uriak.

FBIren asmoa «gehiegikeria» dela uste du Uriak, «pertsona bati dagokion arazoarengatik denei eragingo dien sistema zabaltzea litzatekeelako».

Nori axola pribatutasunak?

Zentzurik ba al du, ordea, pribatutasunaz kezkatzea egunero sare sozialetan jendeak intimitatea partekatzen duenean?

«Bai, axola zaigu nolabait eragiten digun momentuan, hau da, gure argazkiak gure testuinguru ustez kontrolatutik kanpo ikustean kezkatzen gara erabileraz», esan du Araolaza informatikariak. Sarea erabiltzen «oraindik heldutasun falta handia» dagoela gaineratu du. Aplikazio eta webgune berriak egunero azaltzen dira, eta jendeak ez du kudeatzeko nahikoa ezagutzarik. «Egunero hartzen ditugun erabakiek hemendik 15 urtera eragin dezakete gure bizitzan, den-denaren erregistroa gelditzen baita, eta perspektiba hori oraindik ez dugu».

Esnaolaren aburuz, pribatutasuna ulertzeko modua ere aldatu egin da. Ordenagailua, tableta, smartphone-a, sare sozialak eta Google erabiltzeak «pribatutasunaren galeran sakontzea dakar», ez badira neurri bereziak hartzen. «Baina bueltan jasotzen dugunak konpentsatzen gaitu: komunikatuagoak sentitzea, eta besteen bizitza monitorizatu ahal izatea».

Uriaren arabera, jendeak gogoz hartzen du parte sare sozialetan, eta han datuak partekatzen ditu, batzuetan ondo jabetu gabe zertarako erabil daitezkeen gero. Bere bulegoak lan egiten du horren inguruan, batez ere gazteei ohartarazten euren buruaren inguruko informazioa emateak ekar diezaizkiekeen arazoez. «Norbera da bere komunikazio autodeterminazioaren esfera zaintzeko arduradun nagusia».

Mundua, bitartean, aldea aukeratzen ari da Apple eta FBIren arteko dueluan. Microsoft, Facebook, Twitter, Airbnb, Ebay, Reddit eta Interneteko beste erraldoi batzuk Appleren jarrera sostengatzeko idazkia aurkeztu dute epaitegian. Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Bulegoak ohartarazi du AEBetako agintariek «Pandoraren kutxa» zabal dezaketela eta arriskuan jarri mundu oso kazetariak, disidenteak eta ekintzaileak.

Ikuskizunak martxoaren 22an jarraituko du, saioa egingo baitute Kaliforniako auzitegian. Jendea hara begira dagoen bitartean, inor gutxik erreparatuko dio Amazonek hartu berri duen erabakiari: Fire tabletetako datuak pribatuan gordetzen dituen enkriptatzea bertan behera utziko du sistema eragilearen hurrengo bertsioan, «bezeroak ez direlako erabiltzen ari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.