Haizea Barcenilla
BEGIZ

Gizartearentzako artea

2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Maria Lind komisarioari entzun nion aspaldian ideia: zergatik ematen da jakintzat egoera ekonomiko, politiko edo sozial txarrean dauden taldeek artearen bidez «zerbait aldatu» edo «zerbait adierazi» behar dutela? Lind Stockholmen aldirietan dagoen eta Suediako emigrazio tasarik handienetakoa duen Tensta auzoko arte zentroaren zuzendaria da; arteak bere testuinguruan zer lor zezakeen galdetu ziotenean ihardetsi zuen beste galdera horrekin. Hain zuzen, jarraitu zuen, hiriko zentro aberatsean dagoen Moderna museo nazionalari ez zaio sekula eskatzen bere testuingurua islatzea, bere auzoko arazoak konpontzea. «Galdetu al diozu hango zuzendariari zer lor dezakeen museoak bere ingurune hurbilean?», bota zion elkarrizketatzaileari.

Adierazpena maiz etorri zait orduz geroztik burura. Zenbatetan ikusi ditudan etorkinekin edota esklusio egoeran daudenekin lan egitea proposatzen duten proiektuak, «sorkuntza-ahalmena» transmititu edo «adierazteko» aukera emateko. Ez zaie bururatzen pertsona horiek adierazpen politiko zuzenagoa nahiago luketela agian; parlamentuan hitza ematea euren egoera salatzeko, adibidez. Askoz errazagoa da arazo sozial baten inguruko adierazpen artistikoa bultzatzea, arazo hori politikoki konpontzeko ardura hartzea baino.

Gainera, nago ez dela artearen eskumena, ez betebeharra, giza arazoak konpontzea. Arteak ikusgarritasuna eman dezake, ahaldundu, bestelako planteamenduetarako arrastoak eman; baina gizartearen arazoen konponketa ez da estetikaren esparruan gertatuko. Ondo dakite hori gori-gorian dauden arazo sozialen ardura artelanen bidez gainetik kendu nahi dutenek; bai artearekin, bai gizartearekin jarrera hipokrita erakusten dutenek, alegia.

Hipokrisia arazoen ikuspegira luzatzen da: ez dut uste Malitik Euskal Herrira iristea lortu duen gazte batek sorkuntza-ahalmen defizita duenik; nahikoa garatu du, ziur aski, bizitzako abenturan. Aldiz, maila ekonomiko ertain zein altuko bertako zenbat pertsona ezagutu ditudan inolako sorkuntza-gaitasunik gabeak, malgutasun mentalik eza nabaria adierazten dutenak. Horiei bai, ongi etorriko litzaieke metodologia artistikoaren esperientzia pittin bat. Eta zein da arrazakeriaren kontrako proiektuak Bilboko San Frantzisko auzoan egitearen logika? Askoz beharrezkoagoak dira Alde Zaharra edo Indautxuko biztanleentzat.

Pozik ikusiko nuke Confebaskeko enpresariekin prekariotasunaren inguruan egindako proiektua; Aste Santuko prozesioetako elkarteekin burututako performance queer-a; edo zaintza partekatuaren aldeko aita dibortziatuen elkartearekin amatasunaren inguruko artelana. Horiek bai, horiek, artelan politiko konprometituak. Bitxia, inolako instituziok halakorik ez sustatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.