Ismael Manterola
BEGIZ

Artea, Etxepareren hizkuntzan

2017ko urriaren 31
00:00
Entzun
Ez da erraza diru laguntza publikoak banatzeko batzorde batean parte hartzea. Beti iruditu zait gehiegizko ardura izan daitekeela ezetza edo baietza ematea artistek aurkeztutako proiektuei. Hala ere, tarteka horrelako lanak egitea tokatu izan zait. Hain zuzen, Etxepare Institututik deitu zidaten euskal kultura atzerrian zabaltzeko arte egitasmoak diruz laguntzeko epaimahaikide izateko.

Artisten azken proiektuen berri izatea da batzorde horietan parte hartzearen alderik erakargarriena, baina gustuko ez diren beste errealitate batzuekin topo egitea ere gertatzen da. Azken multzo horren barruan sartu beharko nuke, esaterako, konturatzea zer toki gutxi betetzen duen euskarak Euskal Herriko arte esparruan; jasotako 48 laguntza eskaeren artean, lau besterik ez baitzeuden euskaraz edo ele bitan. Ez dakit ehunekotan zein den kopurua, baina ez dut uste EAEko biztanleen euskaldun kopurura iristen denik.

Kontuan izanda gure mugetatik kanpo euskal kultura zabaltzeko ematen diren diru laguntzak direla, oso zaila iruditu zitzaidan ulertzea zer jarrera hartu behar genuen errealitate gordin horren aurrean. Horri gehitzen badiogu eskaerak Etxepare izeneko institutu batera zuzenduta zeudela, zaila egin zitzaidan nire tristura ezkutatzea epaimahaiko beste kideei, batez ere arte hezkuntza zentro batean lan egiten dudalako.

Administraziotik euskara berreskuratzearen gaineko diskurtso triunfalistak entzuten ditugunean, adibidez, lehendakariak euskara kontseilua osatu zenean irakurritakoa, datu gordin horiekin erantzuteko gogoa ematen dit, azken 30 urteetan ez baitugu lortu hainbat alorretan gehiegi eragitea, tartean artearenean.

Gainera, Etxepareko teknikariekin hitz eginda, badirudi artearena dela eskatzaileen artean erdaldunena, musikaren, antzerkiaren edo literaturaren gainetik. Zein da horren arrazoia, galdetu genion geure buruari mahairen inguruan jarrita geundenok. Zaila da erantzutea, baina azken asteetan hainbeste errepikatu den fisika nuklearrari buruzko Suarezen komentarioaren harira, esan beharko genuke fisika nuklearrari buruz euskaraz hitz egin eta iker daitekeela, arteari buruz, aldiz, nekez. Ez daukagu artearen gaineko diskurtsoa euskaraz sortzeko gaitasunik, edo ezagupena transmititzeko orduan euskarak ez du garrantzi handirik; ez dakit. Artea irakasteko zentro batean lan egiten duen pertsona naizen aldetik, izugarrizko frustrazioa sumatu nuen Etxepareko bilera bukatu ondoren.

Agian, itxurakeriak alde batera lagatzeko, diru laguntza hauek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak banatu behar lituzke, batez ere Bernart Etxepare izena daraman erakunde batek horrelako lotsa ez pasatzeko. Diru laguntza eskatu zutenen artean zenbatek jakingo zuen zein zen Etxepare? Apustua egingo nuke guztiek dakitela zein den Cervantes.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.