Ismael Manterola
BEGIZ

Emakume lanak

2017ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Aurreko asteko kritikan Garazi Ansak Anni Albersen erakusketaren berri eman zigun. Ordurako pentsatuta neukan gaurko iritzi artikulua erakusketari eskaintzea, Guggenheim museoan dagoen erakusketa gomendatzeko modukoa, eta, agian, gaur egun Euskal Herrian ikusi dezakegun erakusketarik interesgarriena iruditu zitzaidalako, batez ere XX. mendeko artista tipikoa aurkezten digulako: abangoardiako proiektu iraultzailearekin engaiatuta, artea eta gizartearen arteko harremana jorratu zuena, eta, zoritxarrez, emakume izateagatik ezezagun xamarra.

Garazik esan zuen bezala, topiko horiek guztiak ondo azaltzen ditu erakusketak, nahiz eta, Garazik ez bezala, bere txikitasunean erakusketa handia dela pentsatzen dudan. Guggenheimen ohikoak diren ikuskizuna eta kantitatea nagusitzen dituzten erakusketen aldean, Anni Albersi eskainitakoak txikia ematen du—nahiz eta nekez kabituko litzatekeen gure inguruko beste ezein arte areto edo museotan—, zorroztasuna eta diskrezioa aldeko izan arren. Esperientzia estetikorako eta formaziorako erakusketa dela esan dezakegu, eta agian horrek ez du ikus-entzuleen arreta piztuko, baina tarteka museoak egin beharreko lana dela iruditzen zait. Horri gehitzen badiogu erakusketa ikusgarri batekin batera ikus zitekeela, Bill Violarenarekin alegia, une egokia zen Bilboko museoa bisitatzeko. Bide batez, esan behar dut Violaren erakusketak ere arterako aukera paregabea eskaintzen zuela.

Baina, ez nuke erakusketaren beste kritika bat idatzi nahi, Garazik ondo baino hobeto aletu baitzituen Albersen erakusketak eskain zitzakeenak. Gaurko honetan, Albersen artelan batzuk ikustean burura etorri zitzaizkidanak irakurlearekin partekatu nahiko nituzke. Adibidez, hasierako aretoan paretako oihal bati begira nengoela, Paul Kleeren koadro bat etorri zitzaidan burura; arraroa ez den zerbait, kontuan hartzen badugu Albersen ikastoki eta lantoki izan zen Bauhaus eskolako irakaslea zela Klee. Hori hala izanda ere, abangoardiako artearen erakusketak antolatzen direnean, zergatik da ohikoa Kleeren koadroak ikusteaeta ez Albersenak? Guggenheimek berak dituen bildumak erakutsi direnean, Kleeren koadroak ikusteko aukera izaten dugu, nahiz eta Albersen izena aipatu ere ez den egiten. Are gehiago,ohikoa da Josef Albersen koadroak, Anniren senarrarenak, ikustea bigarren abangoardiako artea erakusten duten erakusketetan; Annirenak ikusteko, aldiz, erakusketa honen zain egon behar izan dute.

Hala ere, Paul Kleeren koadroa Anni Albersen tapizaren ondoan jarriz gero, ez genuke alde handirik sumatuko: formak, koloreak, konposaketa, eta abar berdintsuak dira. Zein da ezberdintasuna? Batarena pinturaren tradizio maskulinoan sailkatu dezakegula, eta bestearena oihalgintzaren tradizio femeninoan. «Emakume lanak», esango luke Bauhauseko zuzendaria izan zen Walter Gropius arkitektoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.