BEGIZ

Hutsegite baten kronika

Ismael Manterola -

2018ko otsailak 6
Parisko Grand Palaisen, Gauguin l'alchimiste erakusketa ederra ikusten urtarrilaren erdialdera. Berriz ere haren koadro koloretsu eta puskatzaileekin harrituta geratu ondoren, kuriositatea piztu zait jakiteko gure Gauguin, Bilboko Arte Ederren Museoko Gauguinen latsarien koadroa, alegia, erakusketan egongo den edo ez. Ekarri ote dute Bizkaiko erakundeek 1919ko nazioarteko erakusketan erositako harribitxia? Maila izango al du azken urteetan Gauguini eskainitako erakusketa garrantzitsuenean parte hartzeko?

Gela batetik bestera pasatzen garen bitartean, koadroak testuinguruarekin eta beste lanekin harremanetan jartzen dira, Gauguinek artearen historiari egin zizkion ekarpenak azaltzearekin batera. Baina, pinturekin batera, erakusketa honen berezitasunik handiena artistak landutako beste baliabide plastikoak aztertzean datza: marrazkia, zeramika, zurezko eskultura, grabatua, eta abar. Zoriontzeko ekimena, gehiegitan pinturak nagusitasuna izan duelako arte garaikidean, beste arte batzuk bigarren mailara baztertuta. Hala ere, grabatu xume batek edo zurean taillatutako irudi batek arteari egindako ekarpen handia izan daiteke.

Bat-batean, Ernest Chapletekin batera egindako zeramikazko pitxerrarekin zeharo kontzentratuta egon ondoren, eta salbai itxurako emakume mestizoen irudietatik begirada altxatu ondoren, hor azaltzen da gure Gauguin, Arlesko arropa garbitzaileen gaia irudikatzen duten beste bi koadroen artean; izugarri ederra, handia, gogoratzen nuen baino handiagoa, laranja eta gorri bizien distiraz itsutzen gaituena. Azkenean, Bilboko Gauguinek merezi izan du pintoreari aspaldiko partez eskainitako erakusketa handian egotea. Ilusio xaloa eragiten dit. Gurea bezalako herri eta museo txiki batek hain maila handiko artelana duelako harro. Hurbildu eta beste begi batzuekin begiratzen diot askotan Bilboko museoan ikusitako artelanari, gai bereko beste koadroekin parekatzeko aukeraz baliatuz, ahal den neurrian.

Baina, pozak asko ez duela irauten gogorarazteko edo, gustura pasatutako kontenplazio minutuak puxika baten moduan husten dira koadroaren kreditu txartela irakurtzen dudanean: «Laveuses à Arles. Bilbao. Museo de Bellas Artes de Bilbao». Harridura aurpegia. Koadroa ikusi orduko sentitutako harrotasuna amorrua bihurtu zait. Gauguinek pintatutako tahitiarrak baino indigenago sentitu naiz, konturatuta Bilboko Arte Ederren Museoak ez duela euskal izenik erabiltzen maila handiko erakusketan. Berehala, ez dut hain gurea ikusten Gauguinen koadroa. Euskaldun moduan, oso arrotz sentitu naiz, museotik baztertuta. Museoaren lagun izateari uzteko gogoa sartu zait. Galdu dut pertenentzia sentimendua. Askok garrantzirik gabeko xehetasuna dela pentsatuko dute, bai, baina sentimenduak horrelako xehetasunez beteta daude. Eskerrak Gauguinen erakusketak poz gehiago eskainiko dizkigun!