'Gerra zikina'. Euskal Memoria fundazioaren liburua

'Egia' ere ez den hori

'Deklaratu gabeko gerra. Estatu-terrorismoa Euskal Herrian' liburua aurkeztuko du igandean Euskal Memoria fundazioak. Lan mardula da, gertakari eta testigantzaz osatua.

Hodei Iruretagoiena.
2014ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
«Gerra zikina» entzutean, GAL etortzen da burura sarri. Gehien ikertu eta ezagutu den aldia edo moldea hori izan arren, errealitate zabalago bat dago atzean. Errealitate horren ezagutza jaso eta zabaltzea da Euskal Memoriak fundazioak egin nahi duena, Deklaratu gabeko gerra. Estatu-terrorismoa Euskal Herrian liburuarekin —igandean aurkeztuko dute lana Donostiako San Telmo museoan, 11:00etan—. Helburua: «Estatu terrorismoaren alderdirik ikusgarriena azaltzea; hau da, herri hizkeran, gerra zikina».

Dokumentazio lan mardula egin dute, gertakariak azalduz, irudiak jasoz, denboran kokatuz... 1972tik, 2010era artekoak jaso dituzte. Baina baita gertakari horien ondorioak lehen pertsonan islatuz ere, testigantza bidez. Gaur egunera arte iraun baitute pertsona horien bizipenek, gertakariak duela gutxi edo urteetan atzerago gertatu arren. Eta gertakari horietako gehienek ez dute jaso aitorpenik urteetan; ez auzitegietan, ez erakunde ofizialetan, ez komunikabide nagusietan. Gehienek egia eskatzen jarraitzen baitute oraindik: gertatutakoa aitortzea, jakitea, ezagutaraztea. Memoria egiten, alegia.

Kontzeptuen argipen batekin hasten da liburua. Estatua eta indarkeria jatorritik batera datozela oroitarazten du Eugenio Etxebeste Antton-ek hitzaurrean, eta baldintza eta beharren arabera, indarkeria hori «terrorista» bihurtzeko joera egon daitekeela. «Estatuaren terrorismoa da disidentzia eta subertsioa borrokatzeko modurik eraginkorrena». Horren barnean kokatzen du gerra zikina, «izozmendiaren punta», azpian faktore ekonomiko, politiko, judizial, kultural, elizkoi eta mediatikoak dituela aipatuta.

Iñaki Egaña fundazioko lehendakariaren sarrerak ematen dio jarraipena lanari, definizioetan sakonduz. Haren hitzetan, «gerra konbentzionalen aurkako kontzeptu bezala» sortu zen gerra zikinarena. Hau da, nazioarteko arauetan kabidarik ez duen gerra gisa. Estatu-terrorismoa da beste ideia garrantzitsu bat: «Terrorismoa estatuarena dela esaten da haren aparatuetatik datorrenean eta funtzionamendu erregularra duenean, eta, haren politiken jarraipena izanik ere, legea urratuz edota haren mugak gaindituz egiten denean».

Euskal Herrian, «disidentzia ezabatu eta kode politiko eta sozial zehatz batzuk ezartzeko» helburuaz gain, «herri identitate politikoa, ekonomikoa eta kulturala indartzeko eta berreskuratzeko gogoa zapuztea» ere bilatu dute Frantziako eta Espainiako Estatuek, Egañaren hitzetan. Indarkeria horren molde edo estrategia batzuk dira honako hauek, pasarte esanguratsuetako batzuk:

MAGNIZIDIOAK

Felipe Gonzalezen zalantza

Magnizidioa: «Etsaiari burua moztea». Liderra hiltzea, eraginkortasun ikuspegiz. Hainbat kasu aipatu dituzte: Jose Miguel Beñaran Argala ETAko burua, Santi Brouard HBkoa, Josu Muguruza HBko diputatua, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETApm-koa... Eta ahaleginean geratu zirenak: Jon Idigoras Gerrikabeitia LABeko eta HBko buruarena, Juan Mari Bandres Euskadiko Ezkerrakoarena... Estrategia horren aitorpen adierazgarria Felipe Gonzalezek egin zuen, El País egunkarian, 2010ean. Espainiako presidente zela, «Frantzia hegoaldean» ETAko zuzendaritza «batera leherrarazteko» aukera izan zuela, eta zalantzan zegoela «zuzen» jokatu ote zuen. Norbaitek jarri zion aukera hori mahai gainean, liburuaren egileek nabarmendu dutenez: zerbitzu sekretuek.

ATENTATU BEREIZIGABEAK

Leherketa haurtzaindegian

«Herritarrak zuzenean beldurrarazteko atentatuak eta ekintzak» dira atentatu bereizigabeak, «kaleko jende arrunta» dute helburu. Kasu askorik egon ez den arren, mugimendu ezkertiar edo abertzaleen ingurukoen aurka erabili dela diote egileek: Alonsotegiko Aldana tabernaren aurkakoa —lau lagun hil zituzten, eta hamar zauritu, 1980an—, edo Bilboko Ametzola plazan zegoen Iturriaga haurtzaindegikoa —hiru hildako eragin zituzten, 1980an, lehergailu bat jarrita. AAAk eta BVEk aldarrikatu zuten, guztiz argitu ez den arren—.

BORTXAKETAK

Ana Teresa Berrueta

Atentatu bereizigabeen atalean sartu dituzte emakumeen bortxaketak ere, pistola mehatxuz eginak batzuk. Aipatzekoa da Ana Teresa Berruetaren kasua: 1980an, Loiun (Bizkaia) desagertu egin zela salatu zuen familiak, eta hurrengo egunean aurkitu zuten errepide ondoan, tortura eta bortxaketa zantzuekin. Segurtasun uhalarekin ito zuten.

BAHITZE ETA DESAGERTZEAK

Lasa-Zabala baino lehen

«[Teknika] Erabilienetako bat, etsaiari beldurra eragiteko duen arrakasta dela-eta, bahiketa da». Informazioa lortzeko ez ezik, zigor eta intimidazio gisa erabili izan da. Ezagunak dira hilketan edota desagertzean bukatu diren batzuk, Joxean Lasa eta Joxi Zabalarena, Eduardo Bergaretxe Moreno Pertur-ena, Joxe Miguel Etxeberria Naparra-rena... Azkena, duela bost urtekoa: Jon Anza.

Lasa eta Zabalaren kasua (1983) baino atzerago jo behar da bahiketez aritzean. 1975eko maiatzean, Pedro Ibarra Guel abokatua eramaten saiatu ziren Leioako etxetik. Haren emazte Carmen Oriolek azaldu zuenez, hiru gizonezko ziren, eta tiro egin zuten Oriol atzetik joan zitzaienean. Haren esanetan, besoak sabelera eraman zituen senez, eta hura zauritu zutelako beldurtuta-edo, ez zuten Ibarra Guell eraman.

BAHIKETA ETA TORTURA

Anagramak azalean

Horiek baino ugariagoak bestelakoak izan dira, ordea: ordu batzuk iraun dutenak, esaterako, azala labana bidez zauritu eta anagramak egiteko. Halakoak jasan zituzten, adibidez, Paul Asensiok 1989ko abenduan eta Edurne Sampedrok 1988ko otsailean. Bahiketa espresak ziren, eta biktimak «galdekatu eta torturatzeko» ere erabili zituzten; hala, beldurra zabaldu edo informazioa lortzeko.

Kasu horietako bat da Juan Antonio Goienetxeak jasandakoa —Miguel Angel Goienetxea errefuxiatuaren anaia zen—. 1979an bahitu zuten: mendira eraman, jo, zuhaitz batetik zintzilik jarri, hilko zuten itxura egin... eta bide bazterrean utzi zuten bost bat ordura. Hiru bat hamarkada geroago, antzeko egoerak salatu zituzten beste hainbatek. Alain Berastegik, esaterako, elkarrizketa batean kontatu du 2009ko uztailean berari gertatua.

METRAILATZEAK

1975eko maiatzeko grebak

Ibarra Guel abokatua bahitu zuten egunen bueltan, 1975eko maiatzaren 8, 9, 10ean, ordu txikietan, hainbat egoitza, liburu denda eta saltoki metrailaz josi zituzten. ETAren nahiz EAJren inguruko independentismoarekin zerikusia zuten lekuak ziren denak. Horien artean zegoen, esaterako, bahitzen saiatu ziren abokatu haren Bilboko bulegoa. Geroago, modu horretan egin zuten Hendayais tabernaren aurkako atentatua ere, 1980ko azaroan —bi lagun hil zituzten, eta hamar zauritu—.

ONDASUNEN AURKAKOAK

Lehergailuak egoitzetan

Metrailatze horiek ez ziren izan ondasun materialen aurkako eraso bakarrak. Frankismoaren azken urteetan, esaterako, «ohiko» bihurtu zen autoak erre edo lehergailu bidez erasotzea. 1971n, esaterako, Juan Mari Bandres abokatuaren autoari eraso zioten, Burgosko prozesua pasatu berritan. Bi urteren ondoren, berriz jo zuten haren autoaren aurka. Denetarik egon izan da jomugan: liburu dendak, saltokiak, herriko tabernak, HBren egoitzak, elkarteak... 1973ko abuztuan, esaterako, Kresala kultur elkarteak erabiltzen zuen lokal bat txikitu zuten, lehergailu batekin.

HILDAKO GEHIENAK, ZIBILAK

Etxabetik Casteigtsera

Gertaerez gain, datu bilduma ere badakar liburuak amaieran: hildakoen zerrenda, eta kalte fisikorik gabeko erasoen kronologia. 83 hildako dokumentatu dituzte. Lehenengoa, Iñaki Etxabe Orobengoa, 1975eko urrian AAAk tiroz hila; azkena, Christian Casteigts, 2012ko urtarrilean hila, indar parapolizialek lehergailuz egindako atentatuak eragindako tetraplegiaren ondorioz. Nabarmentzekoa da, horien artean, zibilak zirela gehien-gehienak: 48. Gainerakoetatik, errefuxiatuak ziren gehienak.

GERRA ZIKINAREN IZENAK

Mertzenarioak, politikariak

Hildakoez eta gertakarien kronologia ez ezik, gerra zikinarekin zerikusia izan duten 400 bat pertsonaren izenak ere bildu dituzte. «Garai eta joera ezberdinetako militarrek, poliziek, faxistek, mertzenarioek eta politikoek, inplikazio maila ezberdinekin, parte hartu dute gaur egun arte dirauen hilketa, bahiketa, tortura, eraso, leherketa, sute eta mehatxuen soka luze batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.