Katalunia. Prozesu subiranista. Montserrat Llobet. Constituim plataformako kidea eta ekonomista

«Testu probokatzailea ere bada, gizartean eztabaida zabaltzeko»

Parlamentuan aurkeztutako proposamena orain gizartean ezagutarazi behar dela eta, Llobetek dio eragile guztien artean eztabaidatu eta xehatu behar dela, «testu ireki bat den heinean».

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2016ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamentuan aurkeztutako proposamena «testu irekia» dela azpimarratu du Montserrat LLobetek (Castellbell i el Vilar, Herrialde Katalanak, 1970). Politika Publikoak eta Gizarte Eraldatzea arloko doktorea eta ekonomista da, eta azkenaldian erronka berri batean dago murgilduta: Kataluniako konstituzioaren zirriborroa idaztea. Constituim plataforma hamazazpi lagunek osatzen dute.Santiago Vidal epaileak, ANCko ingeniari taldeak eta Constitucio.cat egitasmoko jurista, ekonomista eta profesionalek osatutako taldetik eratorritako ekinaldia da. Llobetek Constituimen proposamenaren edukiaren eta taldearen ibilbideaz hitz egin du BERRIArekin.

Carme Forcadell parlamentuko presidenteari aurkeztu diozue zuen lana. Zertan datza, zehazki, zuen proposamena?

Kataluniako konstituzioaren eztabaida gizartean zabaltzeko asmoz sortu dugun testu artikulatua da. Kataluniako erakunde ofiziala parlamentua den heinean, bertan aurkeztu dugu, baina helburu nagusia da parlamentuan ez ezik gizarteko eragile guztien artean ere eztabaida sustatzea. Proposamen probokatzailea ere bada, jendeak irakurtzen duenean halamoduan ez gelditzeko pentsatua, besteak beste. Azken finean, guk xehatu dugunarekin nahiko ez, eta gehiago xehatu daitekeen proposamen irekia da...

Ildo horretan, zuen ekarpena egiteko, kontaktuan egon zarete independentziaren alde lanean ari diren gainerako egitasmoekin, ezta?

Reinicia Catalunya, ANC, El Pais Que Volem, Omnium eta halako elkarteekin harremanetan izan gara, noski, argi baitugu bakoitzak ahalegin guztia egin behar duela Kataluniako konstituzioa izateko helburu komuna betetzeko .

Eta, hemendik aurrera, zein da zuen helburua?

Orain aro berri bat hasiko dugu, nondik nora joango den erabat argi ez duguna. Edozein modutan, helburu nagusia da, posible den heinean, parlamentuan aurkeztu dugun proposamena Katalunian zehar ezagutaraztea. Gizartean sortuko den eztabaidan bidelagun izan nahi dugu.

Guztira, hamazazpi profesionalek idatzi duzue proposamena. Zein da zuen arteko lotura?

Gehienak 2015eko urtarrilaren 31ko ekitaldi hartan zeuden, eta gainontzekookgerora ezagutu genuen Santiago Vidalen proposamena. Beraz, indarrak batu genituen konstituzioaren testu artikulatuari forma ematen hasteko.

Santiago Vidalek ere parte hartu du prozesu honetan?

Ez; izan ere, Constituim sortu genuenean berak utzi egin zuen epaile kargua, eta gero senatari izendatu zuten. Alderdi politiko baten ordezkari izatea, bada, eragozpena zen. Independentzia ideologikoak ezaugarritzen gaitu Kataluniako konstituzioa idazten gabiltzan gainontzeko kideok.

Kideen independentzia ziurtatzen saiatu zarete, beraz, testua idazteko...

Noski. Constituim osatzen dugun hamazazpi lagunek ez dugu inongo loturarik alderdi politikoekin, eta, beraz, gure jardunek ere ez dute kolore politikoen eraginik. Hori da, seguruenik, proposamenaren aberastasun nagusia. Pentsamolde eta joera erabat desberdinak ditugun profesionalen bitartez sortu dugu lehen konstituzioaren proposamena, argudiatzean erabat oinarrituta. Are gehiago: esango nuke esperientzia bakana dela gurea, zoritxarrez ez baita ohikoa guk egin dugun moduan talde lana jorratzea, ikuspegi aniztasunean eta presiorik gabe, helburu bakarra lortzeko asmoz.

Zenbateraino da lagungarri eta zenbateraino oztopo ikuspegi askotarikoekin lan egitea?

Niri neuri oso aberasgarria iruditu zait, esperientzia honek lagundu baitigu guztion ikuspegiak ezagutzen. Eta ni, adibidez, maiz konturatu naiz defendatzen nituen ideiak baino hobeak nagusi zirela lagunen artean. Gomendagarria da, hasi ginenetik kontsentsuaren bitartez adostu ahal izan baititugu erabaki gehienak, bozketarik egin behar izan gabe.

Zein lan dinamika erabili duzueproposamena osatzeko?

Santi Vidalen proposamenean oinarrituta, bost lantalde antolatu genituen: oinarrizko eskubideak; legegintza eta funtzio eratzaile eta betearazleak; epaile funtzioa; lurraldetasun funtzioen banaketa; eta ekonomia, ekologia eta gizarte segurantza. Ni lehendabizikoan aritu naiz eta, gainontzeko taldeetan bezala, astean behin elkartu gara, bakoitzari zegozkion artikuluen txostena aurkeztu eta proposamenak lantzeko. Ondoren, osoko bilkurak egin ditugu talde bakoitzaren ibilbidearen jarraipena egiteko...

Santi Vidal aipatu duzu. Konstituzioa idazteagatik, hiru urtez kendu zuten epaile jardunetik. Zuek arazorik izan al duzue?

Inor ez izateak onurak ditu, alde horretatik [barrez]. Alegia, erakundeen ordezkariak ez garenez, ez dago arrazoirik gu konstituziotik kanpo uzteko. Bakoitza libre ari da honetan. Baina egia da plataforman badaudela bi pertsona modu anonimoan lan egiten dutenak beldurra dutelako Santi Vidali gertatu zitzaiona beraiei ere gertatzeko. Gainontzekook arriskuan jartzen dugu geure burua...

Oraingoz, hala ere, ez duzue arazorik izan...

Ez, baina egia da, bestalde, taldean aipatu dela orain arte zerga ikuskaritzarik izan ez duten hainbat lagunek izan dutela aurten. Ezusteko susmagarria, beraz...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.