Frantziako Legebiltzarrerako bozak. Lehen itzuliko emaitzak. ANALISIA

Hauteskundeen zilegitasuna jokoan

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko ekainak 13
Igande gaueko albiste nagusia da ezbairik gabe: Frantziako herritarren erdiek baino gehiagok legebiltzarreko hauteskundeetan ez bozkatzea erabaki dute. Historikoa da. Bosgarren errepublikan sekula ez zen abstentzioa halako kopuruetara iritsi. Ipar Euskal Herrian, doi bat apalagoak dira datuak, baina 2007ko hauteskundeekin alderatzen baditugu, hautesbarruti bakoitzean hamar puntu igo da abstentzioa azken hamar urteetan.

Zer pentsatua ematen du, edo eman beharko luke behintzat. Ordezkaritzan oinarritzen den hauteskunde sisteman, herritarren erdiek baino gehiagok bere ordezkaritza emateari uko egin diote.

Ipsos enpresak egindako inkestaren arabera, hauek lirateke abstentziora jo dutenen motibazioak: politikariek atsekabetu dituzte, ez dute gehiago haiengan sinesten (%30); emaitza edozein izanik ere, uste dute ez dela ezer aldatuko (%18); programa politiko bakarrak ere ez ditu konbentzitzen (%16); beren botoak ez du ezer aldatuko segur baita Martxan-ek irabaziko duela (%9). Laburbilduz, beraz, nagusiki arrazoi politikoak dira ez bozkatzeko erabakia hartzera eramaten dutenak. Politikaz interesatzen ez direnak edo hauteskunde egunean kanpoan zirenak %27 baino ez lirateke izango Ipsosen inkestaren arabera.

Abstentzioa zinezko ekintza politiko gisa ulertuta, emaitzak beste gisa batez interpretatzera garamatza. Eta galdera egitera: heldu den igandean abstentzio tasak errepikatuko balira, zer zilegitasun izanen du herritarren erdiek baino gehiagok baztertu duten Frantziako Asanbleak? Zer zilegitasun izanen du herritarren ordezkaritza dela errateko? Zer zilegitasun, Macronen gobernuak desio dituen erreformak aitzina eramateko?

Baina abstentzio handi hau ezkerreko indarren krisiaren erakusgarri ere bada hein handi batean, bai Frantzian eta bai Euskal Herrian. Alternatiba izan nahi duenak abstentziora jotzen dutenak erakartzea lortzen ez badu, bere buruari galdera egin beharko lioke zinezko alternatiba ote den.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna