GEDek Gernikatik «mundu osora» igorriko du mezua biharko ekitaldian

Kataluniari elkartasuna agertu, eta azalduko dute asmo politikoek «bide politikoak» behar dituztela. Puigdemont bideo bidez mintzatuko da
GEDeko bi kide margolanari azken ukituak ematen, Gernikan.
GEDeko bi kide margolanari azken ukituak ematen, Gernikan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2018ko irailak 28
Ekitaldi «berezi eta historikoa» iragarri zuten, «kutsu artistiko eta politiko handikoa», «sormen eta elkarlan» prozesu baten emaitza izago zena, eta askoren jakinmina piztu zuen horrek. Orain eman dute horri buruzko xehetasun gehiago: Pablo Picassoren Guernica margolanaren erreprodukzio erraldoi bat egin dute Astra guneko aparkalekuan (Gernika-Lumo, Bizkaia), eta horren bidez mezu argi bat igorri nahi diote mundu osoari.

Bihar aurkeztuko du GED Gure Esku Dago plataformak margolana, 17:30ean hasiko den ekitaldi batean. Iazko urriaren 1ean Katalunian egindako erreferenduma gogora ekarri nahi dute horrekin; herritarrek erakutsitako «duintasun, determinazio eta borondatea», GEDeko bozeramaile Anjel Oiarbidek adierazi bezala, eta Espainiako Estatuak horri emandako erantzun bortitzak, hainbat lagun espetxera eta erbestera eraman dituena.

Kataluniari elkartasuna adierazteko ekitaldia da biharkoa —«zuekin jarraitzen dugu» izango da ekitaldiaren leloetako bat—, eta, horregatik, Kataluniako eragile politiko eta sozial ugarik parte hartuko du horretan; iragarri dutenez, Carles Puigdemont presidenteak bideo bidez igorritako hitzak ere egongo dira entzungai. Baina, horrez gainera, Kataluniarentzat ez ezik Euskal Herriarentzat ere balio duen mezu bat bidali nahi du GEDek: XXI. mendean «erronka, asmo eta helburu politikoek bide demokratiko eta politikoak» izan behar dituztela, Oiarbideren hitzetan.

Neurri handiko margolana da, 100x50 metrokoa, «satelitetik ikusteko modukoa», Oiarbidek esan duenez. Eta hura aurkezteko ekitaldi «politiko eta kulturala» oso berezia izango da. Horregatik, GEDen eledunak euskal herritar guztiei dei egin die parte hartzeko: «Kataluniari elkartasun keinua egiteaz gain, mundu osoari bake, demokrazia eta askatasun mezua bidaltzeko aukera izango dugu euskal herritarrok».

Atxikimenduak

EH Bilduk bat egin du Gure Esku Dago-k antolatutako ekitaldiarekin, eta iragarri du Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko kidea han izango dela, koalizioaren ordezkari gisa.

EH Bilduren ustez, urriaren 1ean Kataluniak erakutsi zuen herri batek «etorkizuna erabaki» egin dezakeela «oztopo guztien gainetik». «Demokraziaren eta askatasunaren defentsa eta aldarrikapenerako ekinbide erraldoi eta praktikoa» izan zen erreferenduma, EH Bilduren aburuz.

LABek ere ordezkaritza bidaliko du Gernikara, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru dela, «edozein herrik bere etorkizunaz erabakitzeko duen askatasuna» aldarrikatzeko.