Martin Ugalderi buruzko erakusketa bat ireki dute, transmisioari eustea xede

Hondarribiko Arma Plaza fundazioko bulegoan egongo da uztailaren 4ra arte. Ugalderen jaiotzaren mendeurrenaren harira antolatu dute

Erakusketaren aurkezpena, atzo, Hondarribian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Hondarribia
2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Martin Ugalderen «kezka handienetako bat» transmisioa izan zen, hots, kultur transmisioa bermatzea belaunaldiz belaunaldi:«Gure asmoa da tradizio horri segida ematea; Ugaldek garai batean egin zuen horrekin guk ere jarrai dezagun, eta egin dezagun gauza bera haren izaerarekin eta lanarekin», esan zuen Joanmari Larrarte Martin Ugalde kultur parkeko ordezkariak, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatearekin, eta Martin Ugalderen alaba Itxaso Ugalde eta seme Unai Ugalderekin batera atzo, Hondarribian (Gipuzkoa) egindako agerraldian. Erakusketa bat ireki dute Ugalderen omenez.

Politikaria, kazetaria, idazlea, euskaltzalea... Hainbat alde zituen Martin Ugaldek, eta, haren jaiotzaren mendeurrenaren harira, guztiak ezagutzeko aukera egongo da Hondarribian ireki berri duten erakusketan. Uztailaren 4ra arte egongo da zabalik, Hondarribiko Arma Plaza fundazioaren bulegoan, eta Ugalderen izaeraren eta haren lanaren transmisioa bultzatu nahi dute erakusketaren bidez. Besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Andoaingo eta Hondarribiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundia, BERRIA eta Jakin daude proiektu honen atzean. Azaroan beteko da mendea hura jaio zela, eta beste hainbat egitasmo ere antolatu dituzte.

Ugalderi buruzko erakusketa ez dute hutsetik sortu; Larrartek azaldu duenez, 1997an Andoainen (Gipuzkoa) egindako erakusketa batean oinarritutakoa da, eta Ugaldek izandako askotariko jarduerak jaso nahi izan dituzte: «Bi paneletan erakusten da haren biografia —urtez urteko ekarpena—, eta, gero, kazetari izaera, idazle izaera, euskaltzale izaera eta bere izaera politikoa biltzen dira». Gainera, Ugalderi buruz Euskal Herriko zenbait ikerlarik eta idazlek esandakoak ere agertzen dira, baita protagonistak berak esanak ere: «Garrantzi handia eman zaio hark han eta hemen esandako hitz edo esaldi batzuk biltzeari, iruditzen zaigulako horrek berak erakusten duela ondoen Martin zein izan zen».

Erakusketa aretoan hainbat panel jarri dituzte ikusgai. Horietan, Ugalderen biografia ageri da, baita haren askotariko alderdien —kazetaria, idazlea, euskaltzalea eta politikaria— inguruko azalpenak ere. Martin Ugalde kultur parkeari buruzko nondik norakoak ere bertan daude. Horretaz gainera, Ugaldek idatzitakoaren «lagin bat» jarri dute eskura, Larrartek jakinarazi duenez, haren lana zabalagoa bada ere: «Gaur egun identifikatuta dauzkagun lanen artean, Martinek 47 liburu utzi zituen idatzita, 50 liburu zati, eta 1.500 artikulutik gora». Jakin ari da horiek digitalizatzeko lanean, eta espero dute urte amaierarako digitalizatuta eta eskuragai egotea. EITBk Ugalderi egindako elkarrizketa bat ere utzi diete. Erakusketa Hondarribian egongo da uztailaren 4ra arte, eta, ondoren, Andoainera eramango dute. Bastero kulturgunean egongo da ikusgai lehenengo, eta, gero, Martin Ugalde kultur parkean jarriko dute behin betiko.

Atzo irekitako erakusketa ez da Ugalderen jaiotzaren mendeurrenaren harira antolatuta dagoen ekintza bakarra. Urrian, esaterako, hitzaldiak egingo dituzte, Ugaldek literaturan, kazetaritzan, politikan eta Euskaldunon Egunkaria-ren sorreran egindako ekarpenaz aritzeko; azaro hasieran, berriz, Lezo Urreztietari egin zion elkarrizketan oinarritutako Jainkoak ez dit barkatzen pelikula emango dute Andoainen.

«Arrasto handia»

Ugaldek Hondarribian utzi zuen arrastoa «handia eta era askotakoa» izan zela azpimarratu du Sagarzazuk. Ugaldek herriarekin izandako lotura nabarmendu du, hil aurreko azken 30 bat urtean bertan bizi izan baitzen. Erakusketa Ugalderen «alde asko» ezagutzeko baliagarria iruditzen zaio, eta hori askoren arteko «elkarlanaren bidez» egin izana goraipatu du. Unai semeak eskerrak eman dizkie erakunde guztiei «egindako ahaleginagatik», eta egitasmo guztiagatik «hunkituta» daudela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.