Albistea entzun

Jaurlaritzaren diru laguntzak. Euskal hedabideak. IRITZIA

Ez da horretarako garaia

Josu Amezaga - EHUko irakaslea

2014ko urriak 24

Adostasun zabala dago euskaltzaleen artean aspaldion: hizkuntz politikaren hiru hamarkadaren ostean fase berri batean sartu gara, eta halaxe jokatu behar dugu. Gertatu den «aldaketa erradikalaz» mintzatu zen Patxi Baztarrika Soziolinguistika Inkesta aurkeztean; «aukera historikoaz» Kike Amonarriz berriki ere; eta beste zenbait tokitatik, antzeko ideiak ugaltzen ari dira. Haietako askoren azpian, honako egitate hau: hiru hamarkadatan asko aurreratu dugu ezagutzan, ez hainbeste erabileran. Urkullu lehendakariak berak jomugan jarria du erabileraren auzia, eta haren aldeko hizkuntz politika adostu baten beharra aldarrikatu.

Erabileraren aldeko hizkuntz politika nekez burutuko da komunikabideak gabe. Nola ehundu bestela etxeak (hizkuntzaren transmisioaren zein umeen eskolatzearen bidez) eta eskolak (ezagutzaren hedapenaren bidez) ehundu ezin ditzaketen euskaldunen arteko sareak; egunerokotasunean erdaraz bizi diren ehunka mila euskaldunen arteko harreman sareak alegia. Hortxe dute zentzua, izan, komunikabideek, beste zenbait eragilerekin batera.

Inoiz baino gehiago, ezinbestekoa dugu komunikabideak, publikoak zein pribatuak, hizkuntz politikaren mesedetan jartzea, modu proaktiboan. Eta komunikabideak hizkuntz politika proaktibo baten mesedetan jartzeak, euskarazko komunikabideei dagokienez, gutxienez gauza bi inplikatzen ditu.

Lehena: irismena ezin daitekeela izan euskarazko komunikabideak laguntzeko irizpide. Egokia izan liteke baldin eta helburua jadanik euskaraz bizi direnei beren medioak edukitzeko eskubidea bermatzea balitz. Baina gaur egun eskubideen bermetik harago joan beharra dugu: giro erdaldunetan bizi diren euskaldunak (euskaldun gehienak), eta bereziki euskaldunberriak (euskaldunen herena), euskararen unibertsora integratzea da erronka. Horretarako tresna izan daitezke komunikabideak, eta hori bultzatu beharko luke hizkuntz politikak. Aldiz, 2014ko laguntzen banaketak, analisi sakonagoa mereziko lukeen arren, zera erakusten du lehen begiratu batean: oro har, gune euskaldunetan aritzen diren komunikabideei laguntzak igo egin zaizkie; eta gune erdaldunetan edota gune erdaldunetan ere aritzen direnei jeitsi. Horren ondorioz, tokiko aldizkarien taldean, honakoak dira murrizketak pairatu dituztenak,: Bizkaia, Araba eta Nafarroa mailako aldizkari bakarrak (Hitza); Bilboko bi aldizkarietako bat (Berton); eta Ezkerraldeko aldizkari bakarra (Ezkerraldeko KZ), Oarso-Bidasoako Hitza-rekin batera. Berdin gertatu da nazio mailan aritzen direnekin, besteak beste BERRIA. Berriro gogoratu behar dugu, ordea, egun euskaldun gehienak eskualde erdaldunetan bizi direla. Eta euskaldun horiek direla, hain zuzen, euskarazko komunikabideen beharrik handiena dutenak, euskararekin kontaktuan egoteko batere ingurune fisiko aproposik ezean.

Bigarrena: behingoz serioski planteatu behar dela euskarazko komunikabideen finantzazioaren auzia. Eskola hizkuntz politikako tresna gisa erabili denean, esfortzu erraldoia egin da: sistema osoa euskaldundu behar zen, eta neurri handi batean halaxe egin da, sistema publiko zein pribatuekiko elkarlanean eta bietan baliabideak jarriz. Orain komunikabide eta beste eragile batzuen garaia da, hizkuntz politikaren fase berri batean. Zertaz ari garen argi esan dezagun: 5 milioi euro baino gutxiago eman ditu aurten Jaurlaritzak euskarazko komunikabideetarako (EITB kenduta); 11,5 milioi gastatu zituen Bertendonan itxi ziren irakasleak euskalduntzeko, arrakasta handirik gabe.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Onkologikoko pazienteek kezka azaldu dute zentroak «erreferentziazko izaera» galdu duelako

Onkologikoko pazienteek kezka azaldu dute zentroak «erreferentziazko izaera» galdu duelako

Arantxa Iraola

Manifestazio baterako deia egin dute langileekin batera, hilaren 15erako; 'Onkologikoa monografikoa eta bizirik' aldarriak batuta irtengo dira dira kalera guztiak.

San Cristobal de las Casas herriko irudia, Chiapasen, Mexikon. ©Carlos López, EFE

Chiapasen desagertu diren bi euskal herritarrak aurkitzeko laguntza eskatu dute haien familiek

Uxue Rey Gorraiz

Gutxienez hilabete daramate desagerturik, Frantziako Enbaxadak jakinarazi duenez. Bat Donibane Lohizunekoa da; bestea, Ziburukoa.

Grebalari bat, gaur, foru jauregiaren aurreko protestan. ©Monika del Valle / Foku

Bizkaiko zahar etxeetako hiru greba egunen «balorazio positiboa» egin du ELAk

Maite Asensio Lozano

Lan itunaren negoziazioa desblokeatzeko eskatu dute langileek, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza aurrean egindako protestan. Prest agertu dira greba gehiagora deitzeko.

Erdizko naturgune babestua, artixiboko irudia ©SUSTRAI ERAKUNTZAK

Nafarroako Gobernuari eskatu diote Erdizko meategi proiektua «foru intereseko inbertsio» deklaratzeko

Isabel Jaurena

Navarra Suma, PSN eta Geroa Bai agertu dira ebazpenaren alde, eta EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra aurka.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...