LABek eskatu du eskolak «beharrezko giza baliabidez» hornitzeko

Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariari «propaganda» egitea eta «datuak ezkutatzea» egotzi dio Steilas sindikatuak

Ikasturte hasieran, sindikatuek grebara deitu zuten hezkuntzan. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Gogorra eta berezia. Horrelakoa izan da, LAB sindikatuaren hitzetan, 2020-2021eko ikasturtea hezkuntzako langile guztientzat. Horiek horrela, «kalitatezko hezkuntzaren bidean», langileen «lan baldintza duinen» alde borrokan jarraitzera deitu dute. Izan ere, aurrera begira, LABek ezinbestekotzat jo du ikastetxeak «beharrezko giza baliabidez» hornitzea.

Ikasturtearen balorazioa egiteko, agerraldia egin zuen atzo sindikatuak Bilbon, eta gogora ekarri zuen mobilizatzen hasi zutela ikasturtea, «aurrez aurreko hezkuntza segurua eta adostua erdiesteko baliabideak eskatzeko», COVID-19ak baldintzatutako abagunean. Behin ikasturte hasiera igarota, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin irakasleen, heziketa bereziko langileen eta Haurreskolak partzuergoaren lan hitzarmen berrien negoziazio fasea ireki zuen; halere, kritikatu du oraindik ez dituztela abiatu sukaldarien eta garbitzaileen itunen negoziazioak.

LABek dagoeneko finkatuta dauzka aurrerantzean eman beharreko pausoak. Langile kolektibo guztietan lan kargak eta ratioak jaistea galdegin du du, baita partzuergoko haur eskolak doakoak izatea eta Hezkuntza Sailean integratzea ere. Beste hainbat eskaera egin ditu sindikatuak: irakasleei eta hezitzaileei ikasleekiko arreta zuzeneko orduak murriztea; euskararen biziberritze planak abiatzea eta murgiltze eredua herri guztietan eta etapa guztietan jartzea; lana eta bizitza pertsonala uztartzeko kontziliazio neurri zehatzak ezartzea; eta enplegua sortzea eta egonkortzea.

Horrez gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastoletan 2021eko lan hitzarmen berria idazteko Ikastolen Elkartearekin eta Eusko Ikastola Batzarekin sinatu duten akordioa txalotu du LABek. Aldiz, gizarte ekimeneko ikastetxeei dagokienez, ikasturtea «gogorra bezain gatazkatsua» izan dela azpimarratu du, «lanpostuak galdu» direlakoan.

«Ez da nahikoa izan»

Ikasturtea bukatu berritan, Steilasek ere egin du balorazioa azken egunotan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikasturte «zaila» izan dela berretsi du; haren hitzetan, osasun larrialdiak hezkuntza publikoaren garrantzia agerian utzi badu ere, «ez du eraginik izan, ez baliabideetan, ez hezkuntza publikoan egin den inbertsioan».

Baliabide faltari aurre egiteko, hezkuntzako langileek eginiko lana nabarmendu dute: «Hezkuntza zentroetan eta haur eskoletan egoerak okerrera egin ez badu, bertako langileek egindako esfortzu eta lan ikaragarriaren ondorioa izan da». Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaz egindako balorazioa, berriz, bestelakoa izan da: «Ahaleginak ez dira nahikoak izan: baliabideak berandu iritsi dira, eskasak izan dira, ratioak ez dira jaitsi, ezjakintasuna eta inprobisazioa etengabekoak izan dira, eta gaur-gaurkoz oraindik txertaketaren inguruko argibideen zain gaude».

Nafarroan, berriz, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari egotzi diote «propaganda ausarki» erabili izana «zenbait datu ezkutatzeko». Euskarazko eskaintza eta 0-3 urteko etapa jarri dituzte adibidetzat, besteak beste. Steilasen arabera, Gimenok euskarazko hezkuntza eskaintza bermatua dagoela esan zuen, baina sindikatua ez dago ados: «Hori ere ez da egia, eta hutsuneak daude etapa guztietan eta lurralde osoan». Haur eskoletan, berriz, ordaindu beharreko zenbatekoa jaitsiko zutela iragarri zuen kontseilariak, «baina ezin zaie aplikatu familia gehienei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.