Senard eta Bollore aukeratu ditu Renaultek Ghosn ordezkatzeko

Nissanekiko harremanak hobetzea izango dute lehentasun. Enpresa bakoitzaren pisua kontuan hartuko duen aliantza nahi dute japoniarrek

Senard eta Bollore, atzo, Renaulten egoitzan. ETIENNE LAURENT / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Carlos Ghosnen garaiari amaiera eman nahi dio Renaultek. Ez soilik hura ordezkatuta, baita haren gidatzeko sistema pertsonalista alde batera utzita ere. Horregatik, buruzagi batekin ordezkatu beharrean, birekin ordezkatu du: Michelingo orain arteko buru Jean Dominique Senard izango da presidentea, eta epe luzeko estrategiaz arduratuko dena; Thierry Bollore zuzendari nagusia arduratuko da eguneroko jardunaz.

Bi hilabete behar izan ditu Renaultek Ghosn baztertzeko urratsa egiteko. Azaroaren 19an atxilotu zuten, Tokion, Nissanen salaketa batzuen ondorioz. Enpresa- ren dirua bere mesederako erabiltzea eta Japoniako agintariei irabaziak ezkutatzea egozten diote. Salaketak ukatu ditu Ghosnek, baina preso jarraitzen du, eta aske geratzeko haren abokatuek egindako bi saioek porrot egin dute Japoniako justizia sistema zorrotzaren ondorioz.

Berez, Ghosnek ez zion Renaulti kargugabetzeko aukera eman. Administrazio kontseilua bildu aurretik eman zuen dimisioa, asteazken gauean. Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak eman zuen dimisioaren berri. Zeresan handia izan du Le Maireren eta gobernuaren iritziak Ghosnen ordezkapenean: izan ere, Frantziako Estatua da Renaulteko akziodun nagusia —akzioen %15,01 ditu, eta boto eskubideen %22—. Ghosnen atxiloketaren ondoren, Parisek oso zuhur jokatu zuen: barne ikerketa abiatu zuen Ghosnen jokaera ikertzeko, eta, irregulartasunik aurkitu ez zuenez, karguan utzi zuen. Baina Ghosnek preso jarraitzeak eta haren aurkako salaketak ugaritu izanak ezinezkoa egiten zuten jarraipena.

Aliantza berreratzea

Renaulten eta Nissanen arteko aliantza berreratzea izango da Senarden lehentasuna, Le Mairek berak onartu duenez. Ghosnen atxiloketak agerian utzi du batasun horren barruan tentsioa badagoela. Neurri batean, atxiloketa tentsio horren ondorioa da: Ghosn bi autogileen arteko bateratze sakonago bat aztertzen ari zenean gertatu zen, eta jakina da Nissanek ez zuela halakorik nahi.

Renault, oro har, pozik dago aliantzarekin, etekin ekonomiko handia ateratzen dio eta. Auto batzuk elkarrekin garatzeak dakarren kostuen txikitzeari batu behar dio Nissanen emaitza onek mozkin handiak ematen dizkiotela. Izan ere, Frantziako autogileak Nissanen akzioen %43,4 ditu, eta hari esker lortzen ditu bere mozkinen %40. 1999tik dator hori. Kinka larrian zegoen orduan Japoniako autogilea, eta Renaultek erreskatatu egin zuen. Ghosn buru zela, porrotetik salbatzeko errezeta mingotsa irentsarazi zion: 20.000 langile bota zituen, galerak zituzten modeloak kendu, hornitzaileak estutu, eta fabrikak itxi. Kostuen hiltzailea goitizena jaso zuen Ghosnek, eta ospe handia autogintza sektorean.

Baina horiek beste garai batzuk ziren. Gaur egun, Nissan da bien artean handiena —salmenten %63, 2017an—, Japonian ez ezik, beste hiru merkatu nagusietan presentzia esanguratsua duelako:Ipar Amerikan, Txinan eta Europan. Txikiagoa da Renault, eta lokalagoa: salmenten erdiak Europan egiten ditu, Txinan ez da eragile garrantzitsua, eta ez dagoAEBetan.

Batasuna auzitan jarri gabe, bataren eta bestearen benetako pisua hobeto kontuan hartuko duen botere banaketa nahi du Nissanek. Japoniarrek Renaulten akzioen %15 dituzte, baina boto eskubiderik gabe.

Bere lehen adierazpenean, Senardek aldarrikatu zuen «harreman ahalik eta harmoniatsuenak» bilatuko dituela Nissanekin, eta batasuna defendatu zuen: «Globalizazioaren garaian, inork ezin du pentsatu gure taldeek bereizirik joka dezaketenik».Nissanek ontzat hartu du Senarden izendapena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.