Hipoteken zerga bankuek ordaindu behar dutela dio orain Auzitegi Gorenak

Kontsumitzaileen elkarteek uste dute etxebizitza mailegu bat duten guztiek eskatu ahal izango dutela dirua, mila eta bi mila euro artean
IñIGO URIZ / @FOKU

Iker Aranburu -

2018ko urriak 19
Bankuen eta haien bezeroen arteko desadostasunak konpontzeko sortu diren auzitegi bereziei beste lan bat gehitu die Espainiako Auzitegi Gorenak. Atzo jakinarazi zuenez, bankuei dagokie hipoteka baten ekintza juridiko dokumentatuen zerga ordaintzea. Orain arte bezeroek ordaindu dute zerga hori, hipoteken legea garatu zuen arau batek hala esaten zuelako. Arau hori, ordea, legearen izpirituaren aurkakoa dela diote orain Goreneko epaileek, eta horregatik baliogabetu dute.

Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, %0,5eko tasa du ekintza juridiko dokumentatuen zergak. Etxebizitza erosteko maileguei dagokienez, ez da hipo- tekaren zenbatekoaren gainean ezartzen, ardura hipotekarioa izeneko kontzeptu baten gainean baizik. Hau da, hipoteka bat exekutatuko balitz ordaindu beharreko diru guztiaren gainean —hipoteka bera, atzerapen interesak, gastu judizialak...—. Banku bakoitzak bere erara kalkulatzen du ardura hipotekarioa, baina emandako maileguaren %150 inguru izan ohi da. Hau da, 100.000 euroko mailegua eskatu duenak 750 euro ordaindu beharko lituzkeela, eta 1.500 euro 200.000 euroko mailegua duenak.

Epaiak nabarmendu duenez, bankua da hipoteka bat notariora eramateko interes handiena duen partea, soilik horrela lortuko baitu hipoteka exekutatzea —bezeroa ordainketetan atzeratu bada, hipotekatutako ondasuna bankuaren esku igarotzea—. Hau da, zerga ez du maileguak ordaindu behar —bezeroari interesatzen zaion operazioa—, hipotekak baizik —bankuen bermea mailegutakoa berreskuratzen ez badute—.

Otsailean, kontrakoa

Atzo jakinarazitako epaiak goitik behera aldatzen du joan den otsailean kaleratutakoa. Orduan, Auzitegi Goreneko arlo zibileko sailak esan zuen bezeroari zegokiola hipoteken gaineko zergak ordaintzea. Irizpide horren alde egin du Dimitry Berberoff epaileak, eta boto partikularra egin du. Oraingo epaia, berriz, administrazio arloarena da, baina hori nagusitzea espero dute mota horretako gaiak eramaten dituzten abokatuek eta kontsumitzaileen elkarteak.

Epaiak ez du espresuki esaten erabakiak atzerako eragina duela, baina abokatuek baietz uste dute, 1995. urteko arau bat baita indargabetutakoa. Hau da, indarrean dauden hipoteka maileguen ia gehienen sinatzaileek dutela ordaindutako dirua eskatzeko eskubidea. Bankuei beraiei edo ogasunei eskatu behar ote dieten, hori da argitu beharreko beste kontu bat. Zalantza gutxiago dago esatean aurrerantzean sinatzen diren hipoteketan bankuek hartu beharko dutela beren gain ekintza juridiko dokumentatuen zerga. Bankuek, berriz, diote iraganeko maileguei ez diela eragingo.

Gorenaren epaia oso begi onez hartu du Iratxe Nafarroako kontsumitzaileen elkarteak, eta kalkulatu du horri esker mila eta bi mila euro artean berreskuratu ahal izango dituztela lurraldeko milaka herritarrek. Iratxek gogorarazi du duela hiru urtera arte bankuek beren bezeroaren bizkar jartzen zituztela mailegu bat emateko kostu gehigarri guztiak, hala nola zergak, notariotza lanak, erregistroa, gestoria... 2015eko epai batek, ordea, «abusutzat» jo zuen praktika hori, eta gastu batzuk partekatzeko beharra finkatu zuen, zein gastu ziren zehaztu gabe.

Aurretik, Europako Justizia Auzitegiaren irizpideak behartuta, zoru klausulak baliogabetu zituen Gorenak, betiere bezeroari ongi azaldutakoak ez baziren. Gai bat zein bestea aztertzeko epaitegi bereziak sortu ziren, eta lanez gainezka daude, bankuek helegiteak jartzen dituztelako beren aurkako ebazpenen aurka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Aranburu

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna