2007tik lehen aldiz, irailean jaitsi egin da langabezia Hegoaldean

Orotara, 196.665 langabe daude, abuztuan baino 875 gutxiago, eta iaz hilabete berean baino 19.078 gutxiago.Gizarte Segurantzan afiliatuak nabarmen ugaritu dira (7.346)

Arnaitz Lasarte.
2015eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Abuztuko geldialdiaren ondoren,irailean hobekuntza zantzuak ikusi dira berriz Hego Euskal Herriko lan merkatuan. Zortzi urtean lehen aldiz, irailean jaitsi egin da langabezia; Espainiako Lan Ministerioaren arabera, abuztuan baino 875 langabe gutxiago daude. Datu horiei gehitu behar zaie, gainera, Gizarte Segurantzan afiliatuen kopurua nabarmen hazi dela hilabetean (+7.346). Guztira, 196.665 langabe daude Hego Euskal Herrian, duela urtebete baino 19.078 gutxiago. Langabezia tasa %14,7 da, hamarren bat txikituta.

Krisia lehertu arte enpleguarentzat hilabete ona izaten zen iraila, baina 2007an joera hori aldatu egin zen. Iaz, adibidez, abuztuan baino 353 langabe gehiago zenbatu zituzten enplegu zerbitzuek; 2013an, 3.061 gehiago izan ziren; 2012an, 5.339 gehiago; 2011n, 1.764 gehiago; 2009an, 3.042 gehiago, eta 2008an, 1.614 gehiago. Langabeak azken aldiz 2007an murriztu ziren irailean.

Lurraldeen artean, langabe kopurua Bizkaian bakarrik handitu da (+110). Gainerako lurraldeetan, gutxi bada ere, murriztu egin da kopuru hori; Nafarroan 524 herritar gutxiago daude lanik gabe, Araban 389, eta Gipuzkoan 68. Urte arteko alderaketan, lau lurraldeetan ikusten da hobekuntza, baina Nafarroan izan da jaitsiera handiena, (%10,7).

Datuak sektoreka erreparatuta, Hego Euskal Herrian sektore guztietan murriztu da langabezia. Industrian irailean baino 582 langabe gutxiago zenbatu dituzte, eraikuntzaren sektorean 422, eta zerbitzuetan 271. Nekazaritzan abuztuko joerari eutsi diote, 350 langabe gutxiago baitaude.

Hala ere, hobekuntza arrastorik ez da ikusten langabeen babesean. Erdiak baino gehiagok (%54,9) ez du jasotzen inolako prestaziorik; %26,8k kobratzen dute sari arrunta; eta %15,6k subsidioari esker egiten dute aurrera. Aldi baterako kontratuen eta kontratu mugagabeen arteko aldea ere handia da oraindik. Irailean 125.734 kontratu sinatu dira. Bada, horien artean %93,3 aldi baterako kontratuak izan dira.

Aldi baterako kontratuak

Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du lan merkatua «prekarizazio maila altuetan» dabilela oraindik, baina garrantzitsutzat jo du azken urteetan irailetan izandako bilakaerari buelta eman izana. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ere datuak baikorrak direla dio, baina onartu du konponbideren bat bilatu behar zaiela hilero sinatutako aldi baterako kontratuei.

ELA eta LABek ere kezka agertu dute kontratu horien aurrean. Langabeak gutxitu arren lan baldintzak ez direla hobetu salatu dute, gazteen kasuan batik bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.