Sutsuak bezain adituak

Larunbata da, eta zesta-punta jaialdia dago Mexiko Hiriko Fronton Mexico pilotalekuan: mila ikusle inguru harmailetan, eta etxeko giroa. Artekariak oihuka, zerbitzariak gora eta behera, eta esatari bat neurketako tanto oro esplikatzen.

IGOR SUSAETA.
Igor Susaeta.
Mexiko Hiria
2017ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Tantoa jokatzen ari den bitartean edo bukatzen denean, esatari batek gertatutakoa azaltzen die Mexiko Hiriko Fronton Mexico pilotalekuan bildutako ikusleei. «Ochoak boteprontoan!», «oso garrantzitsua da norberak gustuko pilotak aukeratzea», «Aaronen bi pareta ikusgarria!», «txalo bero bat pilotari horientzat!». Beharbada, ez dago ikusten ari direna esplikatzeko beharrik, eta katedra-k, esaterako, esatariaren figura kenduko luke. Izan ere, esaten ez zaionean ere, zaleak badaki puntistaren esfortzuak txaloa merezi duela, pilota jarrera oso behartuan eraman duela edo zabalean neurrira mozteak baduela meriturik. Horregatik aditzen dira «ona!» eta «mucho!» bezalakoak. Izan ere, asteartero, ostegunero, larunbatero eta igandero Mexiko Hiriko erreminta pilotalekura zesta-punta partidak ikustera joaten direnak sutsuak bezain adituak dira.

Larunbata da, jaialdia 19:30ean hastekoa da, eta lau txarteldegietan ez dabil jende askorik; ezta art deco estiloko eraikinaren etxabeetan pilotalekuaren enpresariak ireki duen kasinoan ere. Azkenean, ordea, 1.000 bat pertsona bilduko dira harmailetan —1.800 lagunentzako tokia dauka—. Segurtasuneko langile ugari dago pilotalekuko harrera aratzean, eta horietako batzuk tornu automatikoak igaro berri dituzten ikusleak mimoz miatzeaz arduratzen dira. Nabari da, bai, pilotalekua joan den martxoaren 10ean ireki zutela, oraindik ere sarrera batzuk zaharberritzeko lanetan dabiltza eta.

Harrerako lau tabernetan mokadutxoa egin daiteke; are, afaria enkargatu. Patatak, krispetak, zizka-mizkak, opilak, ogitartekoak... Eta garagardoa, rona, tekila, vodka, whiskia, mezcala eta beste. Dena dela, ez dago tabernara jaisteko beharrik, dozena bat zerbitzari pajaritadun eta txalekodun harmailetan gora eta behera dabiltzalako, eta horiek eskatutakoa eserlekura eramaten diotelako bezero-ikusleari. Dezente kontsumitzen dute.

Familia asko daude harmailetan, bikoteak ere ugari; lagun kuadrillak, aldiz, gutxiago. Familiarteko samarra da giroa. Jendea tantaka esertzen ari da gorri-more koloreko jarleku erosoetan—sarrerek 160 peso edo 270 peso balio dute; hau da, zortzi edota hamahiru euro—, eta jaialdiko lehen partida hasi aurretik, Enrique Iglesiasen kantu bat aditzen da bozgorailuetatik. Baina atera dira pilotariak kantxara, kendu dute Iglesiasen abestia, eta paseilloa egiten duten bitartean Rocky filmak famatutako Survivorren Eye of The Tiger entzuten da bozgorailuetatik. «Ongi etorriak pilotaren jauregira». Frontisaren eta errebotearen ondoan kokatutako bi pantaila erraldoietan pilotariek agurtzerakoan egiten dituzten keinuak ikus daitezke. Pantaila horiek, ordea, ez dute tantoen errepikapenik eskaintzen.

Ahots sarkorrez mintzo dena Alfonso Lopez irrati esatari eskarmentuduna da: Cancunen eta Acapulcon (Mexiko) zesta-puntan jokatutakoa, eta Alfonso Lopez Eskularru beltzeko gizona puntista ohiaren semea. «Jende batek ez du gogoko nik gertatzen ari dena azaltzea. Lehen ez zen egiten... Tira, probatzen ari gara».

100.000 peso partidako

Aaron eta Ituarte Ochoa eta Perezen kontra jokatzen ari dira, eta estu doa partida. Perezen semeak aita animatzen du jokoan sartzen den aldiro. «Aupa aita!». Azkenean, aitak eta Ochoak irabazi dute, mexikarrek alegia: 29-30. Bitxikeria bat: adituak bezain sutsuak dira zaleak, baina, azken sakea egitera doazenean, aurrelariei ez diete txalo egiten.

Artekariei, ordea, umeari baino askoz ere gehiago aditzen zaie. Zortzi gizonezko gorbatadun dira, eta horietako batek, Jose Antonio Herrera Bulto-k, «ia-ia» pilotalekuan jaio zela dio. Izan ere, haren aita eta aitona pilotalekuko masajistak izan ziren behinola. «Sasoi batean, 200.000 peso jokatzen ziren partidako —10.000 bat euro—, eta orain, berriz, 100.000 bat». Pilotalekura sartzen den orori eskuliburu moduko bat ematen diote. Ataletako batek azaltzen du nola apustu egin, eta gomendio bat ere badakar: «Zalantzak dituenari apusturik ez egitea erregutzen zaio».

Estelarrean Olharan-Inza ari dira jokatzen Olha-Ekhiren kontra, eta Herrera artekariak dio pertsona batek 20.000 peso galdu dituela lehen partidan, eta orain beste 20.000 jokatu dituela. «Ostegunetan diru gehiago jokatzen dela esango nuke... Pilotalekuaren irekiera ez dute behar beste sustatu, baina ziur nago aurrerantzean jende gehiago etorriko dela apustu egitera». Herrerak harro dio Jose Ignacio Elola Tolosako puntista mitikoaren seme Fernandoren laguna dela, eta euskaraz, «agur» esanez agurtu da.

Bien bitartean, ikusleek animatzen eta txalotzen jarraitzen dute. Olharan-Inza erraz antzean nagusitzen ari dira, eta bukatu, irabazi aurretik, sustoa: aurpegian pilotakada Olhari, Olharanek sakea egin ondoren. Une batez larritu dira pilotariak, arduradunak, zaleak, baina segituan osatu da. Txalo sutsuak berriro, eta, badaezpada ere, esatariaren azalpena: «Izan ere, munduko kirol arriskutsuenetakoa da hau, eta pilotak orduko 300 kilometroko abiadura harrapatzen du». Amaitu da lehia, eta jende gehienak ez itzultzeko alde egin du hirugarrena hasi aurretik; adituek bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.