Komiki lan bat, fanzine bat eta web serie bat sustatuko ditu Oihanederrek

Aritz Ibarrak onduko du 'Gasteiz 1200' komikia, Sandra Salazarrek 'Idi-gosea' fanzinea, eta Xup antzerki taldeak, berriz, 'Beita' websaila

Erredakzioa
2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Zortzi edo bederatzi hilabeteko setioaren ondoren bakarrik lortu zuten Gaztelako tropek Nova Victoria izeneko hiri nafarra mendean hartzea. 1200. urtean izan zen erasoa, eta, historialariek diotenez, hiritarrek erresistentzia gogorra antolatu zuten konkistaren kontra. Hain zuzen ere, setio eta erresistentzia giro hori da Aritz Ibarra komikigilearen Gasteiz 1200- Defentsa amaigabea izeneko eleberri grafikoaren funtsa. Urrian aurkeztu zuen proiektua Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak aisialdi programak antolatutako Batera deialdira; saria jaso, eta atzo egin zuen proiektuaren jendaurreko aurkezpena. Saritutako beste bi proiektu ere aurkeztu zituzten ekitaldian: Idi-gosea fanzinea eta Beita webseriea.

2.000 euroko laguntza jaso du haietako bakoitzak. Laboral Kutxak eta Vital fundazioak jarri dute bi sarirentzako dirua, eta Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak aisialdi programak jarri dute hirugarren proiektuarentzako kopurua.

Sandra Salazar da Idi-gosea proiektuaren egilea, eta, atzo azaldu zuenez, elikadura portaeraren nahasmenduari eta nerbio bulimiari buruzko informazioa zabaltzea da haren helburua. Fanzine bat kaleratuko du horretarako.

Sarean zabaltzeko hamabost minutuko zortzi ataleko websail bat da Beita. Xup izeneko antzerki taldea da proiektuaren bultzatzailea, eta, aurkezpenean zehaztu dutenez, «ikuspegi gazte eta feminista batetik» sortu dute thriller itxura izango duen kontakizuna.

Laugarren urtea izan du aurten deialdiak. Gasteizko gazteen artean euskarazko kultura sustatzea da helburua, eta, urteotan, guztira 11 proiektu lagundu dituzte: liburuak, diskoak, ikuskizunak, fanzineak eta erakusketak.

Finantzaketa kolektiboa

Urrian zabaldu zuten aurtengo deialdirako lanak aurkezteko epea, eta haietako hiru hautatu zituen epaimahaiak. 2.000 euroko sari bana ez ezik, saritutako egileei finantzaketa kolektiborako kanpaina bat diseinatzen ere lagundu diete deialdiaren arduradunek, eta hala heldu dira lana amaitzeko behar duten diru kopuru osoa biltzera.

Itsulapikoa.eus plataformaren bidez bideratzen dituzte laguntza horiek, eta babesle izan direnek beren saria jasotzeko aukera ere izan zuten atzokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.