Mendi ibilbidea

Hilarrietako jentil baratzeak

Zirkuluan jarritako 26 harrespilek santutegi baten moduko ingurunea osatzen dute.

Mikel Arrizabalaga -

2018ko maiatzak 29
Nafarroa Behereko mendirik garaiena da Okabe mendia, eta haren magalean dago Euskal Herrian dagoen historiaurreko nekropolirik garrantzitsuenetako bat: Hilarrietako harrespil multzoa, hain zuzen ere. Askotarikoak dira bertaratzeko dauden bideak, baina hiru erabiltzen dira gehien. Lehena, Pedroren etxolatik ateratzen da, eta harrespilen ondora eramango gaitu GR 10aren bide-seinale zuri-gorriei jarraituz. Bigarrena, berriz, Irauko lepotik ateratzen da, eta, hemen ere, Ezterenzubitik datorren GR 10aren markak segitu besterik ez dugu. Hirugarrena Zurzai lepotik ateratzen da; lehenik, nekropolira igotzen da, eta, segidan, Okabe tontorreraino. Hirurak errazak dira, eta guk Zurzai lepotik ateratzen dena aukeratu dugu.

Ibilgailua lepoan bertan dagoen etxolaren ondoan utzi, eta berehala ikusiko dugu Okaberen tontorra, basoak marrazten duen lerro zuzenaren gainetik. Aurrez aurre dugun pagadi aldera zuzenduko ditugu urratsak, hasieran ikusgaitz den zidor batetik. Berehala, lehen aldapari aurre egitean bidea zabaldu eta basoan murgilduko gara. Lehen aldapa amaitu eta bidea leundu egiten da tarte batez, baina, berehala, azken aldapari egin beharko diogu aurre. Pagadian marrazten den bidea desitxuratu egiten da azken zatian, baina berehala ohartuko gara zelaigunetik gertu gaudela.

Basotik ateratzean, Hilarrietako lepora igoko gara, eta gertu izen bera duen nekropolia ikusiko dugu, goi-lautada txiki eta eder batean. Zirkuluan jarritako 26 harrespil horiek santutegi baten moduko ingurunea osatzen dute, eta, airetik behatuz gero, Burdin Aroko (K.a. 800-300 urte) hileta-monumentu horiek itxura magikoa duen postal bat erakusten dute. Monumentu hauei egun harrespil esaten badiegu ere, herritarrek jentil-baratze edo mairu-baratze ere esaten diete, euskal mitologiako pertsonaia horien ehorzketekin lotzen zituzten eta. Paisaia paregabe honetan, gure arbasoek monumentu hauen erdian gordetzen zituzten gizon eta emakumeen errautsak.

Gure historiaren lekuko isilak diren hileta-monumentu eder hauei bizkarra eman, eta gertu ikusiko dugun Okabe mendirantz zuzenduko ditugu urratsak. Lehen zatian, GR 10aren bide-seinale zurigorriek erakutsiko digute jarraitu beharreko bidea, baina berehala markak ezkerraldera utzi eta aldapa piko eta belartsu bati ekingo diogu. Larre zabal hauetan ibiliz, ezkerraldean, tontor itxura duen haitz-multzo bat utzi eta aurrera segituko dugu, Okabe mendiaren gailur zabal eta lauaren bila. Tontorra biribil samarra da, eta bertaratu arte ez gara konturatuko iritsiak garela. Nafarroa Behereko tontorrik altuena den talaiatik, aukera paregabea izango dugu ikuspegi eder batez gozatzeko. Bertatik, Nafarroa Behereko eta Zuberoako mendi gehienak ikusteaz gain, Iratiko oihanaren tapiz berde koloretsua gure begien ninien gozamenerako agertuko zaigu. Leku aproposa hamaiketakoa egin eta naturak eskaintzen digun paisaia zoragarria miresteko.

Abiapuntura itzultzeko tenorean, atzera egingo dugu etorritako bidetik. Luzaroan gure arbasoen errautsen pausagune izan diren Hilarrietako harrespilak atzean utzi, eta pagadian jaitsiko gara, Zurzai lepora iritsi arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna