Artejira ekitaldiaren bidez, Donostia 2016 gunea herritarrei irekiko diete

Hilaren 28an izango da jaialdia, Easo kaleko egoitzan, Donostia 2016ko kultur hiriburu izendatu zutenetik hiru urte beteko diren egunean

Artejiran 50 artistak baino gehiagok parte hartuko dute. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Hiru urte beteko dira hilaren 28an Donostia Europako kultur hiriburu izendatu zutenetik, eta, hiritar guztiak elkartu zituen egun hura berriz gogoratzeko, Artejira jaialdia antolatu du Donostia 2016k. Agurtzane Intxaurraga antzerki zuzendaria arduratu da antolatzeaz, eta azaldu du hiriaren erdigunearen eta auzoen arteko oreka lortzen ahalegindu dela: «Elkarbizitzarako oreka, norberak behar duen oreka, hizkuntzen, kulturen eta generoen arteko oreka landu nahi izan ditugu».

Donostiako zortzi kultur etxeetako koordinatzaileekin batera osatu du programa Intxaurragak. Auzo bakoitzeko kultur etxeek lantzen dituzten diziplinei lotutako ekitaldiak antolatu dituzte: «Esperimentatzeko ere baliatu ditugu kultur etxe bakoitzeko ezaugarriak, eta diziplinartekotasuna sortu dugu». Aieten, Jokin Mitxelena ilustratzaileak eta Miren Gojenola aktoreak Charlot eta mila irudiak esperimentazioa egingo dute. Literatura eta antzerkia uztartuko dituzte, Literatura martxan egitasmoan. «Aktoreak literatur pasarte batzuk irakurtzen ariko dira 28 eta 26 autobus lineetan». Horiek jardueretako batzuk izango dira.

Emanaldi nagusia, gunean

Auzoetan izango denak suhiltzaileen eraikin zaharrean izango du amaiera. Oraindik amaitu gabe dituzte eraberritze lanak, baina Xabi Paya Donostia 2016ko zuzendaritzako kideak jakinarazi du egun horretan herritarrentzat irekiko dutela. «Lehenago ere egin dira ekitaldi batzuk egoitzan, baina, hurrengo larunbatetik aurrera, 2016 gunea izango da proiektua ikusaraziko duen lekua». Argitu du, bestalde, ez dela inaugurazioa izango, oraindik berritze lanak amaitu gabe daudelako. Irekiera ofiziala urrian egingo dutela aurreratu zuen Payak, atzo Donostia 2016 gunean egin zuten prentsaurrekoan: «Horretara, kultur hiriburu izan diren hirietako ordezkariak ere etorriko dira».

Artejiran jaialdiaren amaiera ekitaldian, hainbat aktore, dantzari eta bertsolarik parte hartuko dute. Iban Garate eta Ane Gabarain aktoreek aurkeztuko dute.

Ekitaldi nagusiaren aurretik, Jabier Muguruza eta Mikel Azpirozek kontzertua emango dute Via Fora kafetegian. Orekari buruz baino gehiago desorekari buruz ariko dela adierazi du Muguruzak, gaur egungo gizartea desorekatuta dagoela iruditzen zaiolako: «Horregatik, emanaldian gizonezkoak baino emakume gehiago agertuko dira. Gaztelera eta frantsesa ere entzungo dira, baina euskarak izango du lehentasuna».

Donostia 2016ren programari buruz ere hitz egin du Payak, baina gogoratu du zuzendari nagusiaren faltan ezinezko zaiela programazioa guztiz osatzea. Bruselaren aginduz, urrirako itxia izan beharko lukete programa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.