Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Durango Ardo Saltsanen hamargarrena

2017ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Gaur egingo da aurtengo Durango Ardo Saltsan azoka. Aurtengoa hamargarren aldia izango da, eta antolatzaileek garrantzia eman nahi izan diote horri; eskaintza ere halakoxea izango da, bai kantiteari eta bai kalitateari erreparatuz.

2008an antolatu zen lehen aldiz azoka, eta, gaur egun ere, hor jarraitzen du, indartsu, berritasunekin eta bisitariak harritzeko asmo eta gogoz.

Durangoko Landako gunean (Bizkaia) izango da azoka, beti bezala; eta, berriz ere, gastronomia eta ardoa uztartuko dituen feria izango da.

Aurten ere, kalitatea, pedagogia eta didaktika izango dira helburuak: produktu eta ekintza guztiek eskainiko diguten kalitatea, batetik; eta bisitariak gastronomian eta ardoaren munduan murgildu eta hezteko helburua, bestetik.

Azken urteotan bezala, 11:00etan irekiko ditu ateak feriak Landakon, eta, eguerdian itxi gabe, egun osoan hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango da; besteak beste, ardo dastatzeak, koktel erakustaldiak, produktu berrien aurkezpenak...

Ardo dastatze alorrean, aurten, hiru dastatze saio egingo dira, eta, oso desberdinak izanagatik ere, hirurak bikainak eta interesgarriak izango dira.

Eguerdi aldera, Bodegas Caudaliaren eskutik izango da lehen dastatzea. Nafarroako Erriberriko merindadean dagoen San Martin Unxen dauzkate mahastiak, eta, produkzio oso txikiekin lan egiten badute ere, zoragarriak eta bakanak dira ardook.

Arratsaldean, beste dastatze saio bi egingo dira: lehenengoan, Ximenez-Spinola Jerezgo upategiko (Andaluzia, Espainia) Exceptional Harvest 2011, 2013 eta 2015eko uztaldietako ardoak dastatuko dira; eta, eguna amaitzeko-edo, Gari Riosen eskutik Irletatik Durangora dastatzea egingo da, Mallorcako (Herrialde Katalanak) bi ardo —zuri bat eta beltz bat— eta beste horrenbeste Kanariar uharteetakoak (Espainia).

Gastronomiak ere garrantzi izugarria izango du ferian, noski. Txingarretako sukaldaritzak hartuko du protagonismoa aurten, eta hura izango da aurtengo berrikuntzarik azpimarragarriena, baina ez bakarra. Iñaki Uribe eta haren taldearen eskutik, txuletak, olagarroa eta hegaluze gorria txingarretan dastatzeko aukera izango du bisitariak. Baina beste zenbait produktu gastronomiko ere izango ditugu: besteak beste, baratxuri beltza, olagarroa, ostrak, foie, hegaluze ketua, tomate iberikoa, urdaiazpikoa eta gazta ere alboan izango dira. CafesLa Tostadoraren eskutik, bestalde, kafe bikainak eta bakanak izango dira aukeran. La Tostadorak baristen erakustaldiak ere eskainiko ditu egun guztian.

Ardozale guztiek dute ezinbesteko topaleku Durango gaur.

Ea beste hamar urte barru ere elkar ikusteko parada dugun. Topa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.