Pablo Sanchez-Valverde. Ginekologoa

«Abortuak osasun arazo bat izan behar luke, eta osasun arazo gisa arautua izan»

Nafarroan abortuak osasun publikoan egitearen alde aritu da beti Pablo Sanchez-Valverde ginekologoa. Adierazi du gizartearen gehiengoak abortua normal hartu arren emakumeek ez dutela osasun publikoan abortatzerik.

Iruñea
2014ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Pablo Sanchez Valverde ginekologoa (Zarrakaztelu, Nafarroa, 1950) Iruñeko Andraize familia planifikaziorako eta sexu heziketarako zentroaren sortzaileetako bat izan zen, 1978. urtean, beste profesional batzuekin batera. Beti aritu da emakumeen abortatzeko eskubidearen alde eta aukera hori osasun publikoan ematearen aldeko borrokan. Nahigabe bat edo beste eragin zion borroka horrek, baina egun abortuaren afera askoz ere normalizatuagoa dagoela dio. Gogorik ez duen arren, urte bat gelditzen zaio erretiroa hartzeko.

1978. urtean Andraize sexu eta ugal osasunerako zentroa sortzen lagundu zutenetako bat zara. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Artean ginekologia egoiliarra nintzen. Herri mugimenduekin harremanetan nenbilen, tartean mugimendu feministak. Familia plangintzarako zentro bat egiteko ideia sortu zen. Emakumeen elkarteen beharrak ase behar ziren, eta lan horretan beharrezkoak ginen ginekologoak ere. Emakumeek bazekiten zer nahi zuten, baina ez zekiten nola egin. Udalaren laguntza ere behar genuen, eta aurrekontua eta lokala lortu genituen. Horrela sortu zen estatuko familiarako lehen plangintza zentroa. Oso harrera ona izan zuen Nafarroan.

Aitzindari izan zineten Nafarroa atzerakoi batean?

Bai, Nafarroa abarkadun eta erabat tradizionalean bizi ginen. Sexu eta ugal osasuna gai tabua zen. Antisorgailu errezeta bat lortzeko, emakumeek Frantzia hegoaldera joan behar zuten. Zentro pribatuetan ere ez ziren ausartzen familia plangintzarekin. Gizartean gaizki ikusia zegoen; agintariak, komunikabideak eta Eliza kontra zeuden. Sektore feministako emakumeek eta auzo elkarteetakoek, berriz, oso ongi hartu zuten. Emakumeen eskaera, profesional batzuen nahia eta udalaren oniritzia batu ziren. Hamabost laguneko taldea osatu genuen, oso ideologizatua eta aurrera egiteko gogo handikoa.

Harrezkero asko aldatu da egoera?

Hasieran hasi zen jendea urritzen ari da. Heldu den urtean erretiroa hartuko dut. Nirekin batera hasitako emakume oso garrantzitsu batzuek hartua dute erretiroa. Orain zerbait mistoa gara. Lehen, planifikaziorako zentro bat ginen, eta orain, berriz, Nafarroako Gobernuaren menpeko familia orientaziorako eta arretarako zentro bilakatu gara, eta eremu handiagoa hartzen dugu, auzo gehiago. Populazioa handitu egin da, eta langileak eta funtzioak ere bai. Lehen, sexu eta ugal osasunean bakarrik jarduten genuen, baina orain zabalagoa da, eta berrogei langile inguru gaude.

Zein iritzi duzu egindako lanaz?

Oso positiboa dela esanen nuke, eta populazioak ere horrela hartzen du. Sexu eta ugal osasunaren aldeko lanean aritzeak lan egiteko beste molde bat ematen dizu, emakumea ongi artatuz beti, eta haren arazoak entzunez. Arreta ahal den gutxiena funtzionalizatzen saiatzen gara. Ez diogu inori ezetz esaten, eta beti saiatzen gara emakumea laguntzen.

Zenbat emakume pasatzen dira urtero zuen zentrotik?

Urtero 20.000 kontsulta inguru egiten ditugu. Egun, haurdunaldiekin, kontsulta asko errepikakorrak dira. Andraize Txantreatik, adibidez, egunero berrehun bat emakume pasatzen dira.

2010eko Abortuaren Legea aldatzeko proposamenean atzera egin du Espainiako Gobernuak. Zergatik uste duzu egin duela atzera?

Uste dut gaur egun PPk berak eta PSOEk botoen estatistikekin funtzionatzen dutela. Egiten diren estatistikek argi uzten dute emakumeen %70-80 ados daudela legearekin. Oso errotua dagoen zerbait da. Indarrean dagoen legearekin, afera batzuk ez dira konpontzen gustatuko litzaigukeen moduan. Emakumeak oraindik ere ez du eskubiderik osasun publikoan abortatzeko, baina, behintzat, ez du beste erkidego batzuetara emigratu behar haurdunaldia eteteko.

Sortutako eztabaidaren ondoren, abortatu nahi duen emakumearen egoera aldatu da?

Orain edozein erkidegotan aborta daiteke, baina abortu gehienak itunpeko kliniketan egiten dira. Nafarroan, hemengo klinika batean egiten dira abortu gehienak, eta orain gutxi arte ez. Gure erkidegoa zen ez zuena ez baliabide publikorik ez pribaturik abortuak egiteko, baina duela bi urte ireki zen klinika bat.

Legea aldatu izan balitz, zer gertatuko zen?

Gizarteak erantzun oso handia emanen zuela. Malformazioaren epigrafea ezabatzeko aukerak erokeria zirudien. Europan gaude, eta pentsaezina da gehiengoaren aurkakoa den lege bat onartzea. Ez dugu geure burua konparatuko Irlanda edo Poloniarekin. Herrialde horietan muturreko katolikoak dira, eta ez dute legerik, edo lege oso atzerakoiak dira. Hainbeste konparatzen gaituztenez Europarekin, ba, konpara gaitzatela Frantziarekin, Erresuma Batuarekin, Alemaniarekin edo Herbehereekin. Lege horiek gizarteak onartuak eta defendatuak dira, baita bertako alderdi kontserbadoreek ere. Egoera normalizatu bat irauli nahi zen.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez du ebatzi 2010eko Abortuaren Legeari PPk jarritako helegitea.

Aberrazioa iruditzen zait Auzitegi Konstituzionalak horren inguruan ebatzi beharra; ulertezina da. Auzitegia ezin da joan Europan normala denaren aurka. Pena da neskatxek gurasoak jakinaren gainean jarri behar izatea abortatzeko garaian. Ez da sarri gertatzen den arazoa, baina gertatzen denean oso lazgarria izaten da. Neskak erabakitzeko boterea eta eskubidea du. Hori bakarrik aldatuko da. Kasu lazgarriren bat dagoenean eta haurdun dagoen neskaren aurka erabakitzen denean, neska babesik gabe gelditzen da.

Zer iritzi duzu 2010eko Abortuaren Legeaz?

Osasun arazoa moldatzen du, baina beste gauza bat da emakumearen eskubidearen defentsari begiratzen badiogu. Emakumeak erabakitzeko eskubidea duela diozunean, esaten ari zara ezin diozula abortua eskaini Zigor Kodearen barruan. Osasun arazo bat izan beharko luke, eta osasun erregulazio bat egin beharko litzateke, eta Zigor Kodean ez luke abortuak agertu behar. Ezein emakume ezin da izan abortuaren gaiagatik epaitua. Emakumeak badu erabakitzeko eskubidea epe jakin batzuetan. Epe baten barruan ez luke Zigor Kodearen barruan egon behar, baizik eta osasun erregulazio baten barruan.

PPk eragin duen zalaparta ahaztu gabe, gizartean onartutako zerbait da?

Haurdunaldiaren etetea ez da inolako arazo morala gure gizartean. Nahigabea da beti, baina oso normalizatua eta onartua dago.

Nafarroan ezin da abortatu osasun publikoan. Osasun kontseilariak dio ginekologoek ez dutela aborturik egin nahi kontzientzia eragozpenean oinarriturik.

Kontzientzia eragozpena duten ginekologoak badirela dio kontseilariak, baina Medikuen Elkargoak egin zuen zerrendan batek bakarrik eman zuen izena. Ez gaude horrelako zerrenden alde. Uste dut osasun publikoan lan egiten duen langile orok emakumeek dituzten osasun arazoei erantzun behar diela. Egoera asko aldatu da, ginekologo emakume asko sartu direlako lanera. Ni jada ez naiz ginekologoaren profilaren ordezkari. Orain, egoiliar berri gehienak ginekologo emakumeak dira. Gure zentroetan, gehienak ginekologo emakumeak dira, eta gaiaren inguruan beste sentsibilitate bat dute. Hasi nintzenean, gehienak gizonezkoak ginen. Ginekologoak galtzen du ideologia ere; guk ideologia bat dugu, eta gure lanean aplikatzen dugu, baina egungo ginekologoak gutxiago ideologizatuak daude: ez dira sartzen, eta lanean uzten zaituzte. Garai bateko ginekologoak proselitismoa egiten zuen. Haren ideologia abortuari ezetz esatea bazen, bada, hiltzaile gisa tratatzen zintuen. Egun dena irekiagoa da; onartuago dago, eta orain erabakiko balitz osasun publikoan haurdunaldiak etetea, ez litzateke egonen barruko borrokarik eta eztabaida ideologiko eta moralik garai batean bezala. Egoera normalizatuagoa da.

Esaten da gazteek gero eta gazteago izaten dituztela sexu harremanak eta biharamuneko pilula askoz gehiago erabiltzen dela. Gaiaz behar bezalako heziketa ba al dute gazteek?

Edozein ikastola edo institututako eskola curriculumean ez dago heziketa sexualik. Zeharka ere ekintza hori izatea ez da aurreikusten. Gaian gero eta gehiago trebatzen dira irakasleak, baina asko dago hobetzeko. Trebatzaileak hezi behar dira, eta unibertsitatean, guraso elkarteetan eta emakumeen taldeetan sartu behar da gaia. Baina hori guztia eginda ere, gazteengan harreman sexualen esnatzea ustekabekoa izanen da maiz. Gazteek harreman sexual oso baldintzatuak izaten dituzte askotan: alkoholagatik, beste droga batzuengatik; lagunen presioagatik: nik izan ditut, eta zuk ez. Harremanak ez dituzte baldintza hoberenetan izaten. Dena dela, hurrengo eguneko pilula hartzeko joera handitu izana ez da heziketa sexualaren neurgailua, gazteek gauza askori nola egiten dieten aurre baizik.

Baduzue gazteentzako programarik?

Badugu gazteentzako programa bat, eta hartzen ditugun gazteen adina jaisten joan gara. Duela urte batzuk 17-18 urterekin etortzen ziren, eta orain 14 urtera arte jaitsi da adina. Gehienak 14-18 urte artekoak dira. Gero eta gehiago saiatzen dira informazioa bilatzen, baina harremana izan ondoren. Baina ez dira gazteak gehien eskatzen dutenak; 18-24 urte artekoek eskatzen dute gehien biharamuneko pilula. Gazteek ez dituzte harreman asko izaten pertsona ezberdinekin; fidelak dira maitasunak irauten dien sei hilabeteetan, eta gero beste sei hilabete jarraitzen dute beste harreman batekin. Horri gehitu behar zaio eskaera egiten duten asko neska etorkinak direla. Garapen sexual goiztiarragoa dute, eta haien giroan goizago hasten dira harremanak eta haurrak izaten.

Atsekabe handiak izan dituzu osasun publikoa defendatzeagatik?

Abortuaren gaiagatik izan ditut enfrentamenduak lankide batzuekin, baina ongi moldatzen naiz lankide gehienekin. Konfrontazio ikaragarria izan zen lankide batzuekin eta gizarteko sektore batzuekin, komunikabide jakin batzuek bultzatuta. Autoaren gurpilak zulatu eta kristalak hautsi dizkidaten egoera bakarra izan da. Baina, gaur egun, hori pentsaezina litzateke. Gobernuari interesatzen zaizkio osasun publikoaren defendatzaileak, osasun publikoaren alde gehien lan egiten dugunak garelako. Nork eginen du gure lana, bestela? Transexualak, prostitutak, paperik gabekoak artatzen ditugu. Guk ez badiogu aterabidea ematen, eskaerak bere horretan jarraituko du.

Urte bat gelditzen zaizu erretiroa hartzeko. Baduzu gogorik?

Ez dut erretiroa hartzeko gogorik, urte askorekin iristen zarelako eta asko maite dudalako nire lana eta lankideak. Pena handia ematen dit lana uzteak.

Pilotan jokatzen hasiko zara berriz?

Bizkarreko ebakuntza egin zidaten. Paletan jokatzen nuen, eta lotailuak izorratu nituen, eta ebakuntza egin zidaten. Badut biloba bat aritzen dena esku pilotan, eta harekin jokatzea da nire ilusioa. Bizikleta ere hartuko dut berriro.

Gehiago bidaiatuko duzu?

Bai, seme bat Brasilen dudalako, eta bi biloba ere bai. Haiek ikustera joanen naiz. Bidaiatzea gustatzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.