Albistea entzun

Literaturia

Aingura, zentzu zabalean

Berrikuntza, hitza eta gogoeta ardatz hartuta antolatu dute aurtengo Literaturia ere. Gaurtik igandera bitartean egingo da, Zarautzen.
Jendean iazko Literaturian; bosgarren aldiz egingo da Zarautzen.
Jendean iazko Literaturian; bosgarren aldiz egingo da Zarautzen. GOTZON ARANBURU / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2018ko maiatzak 24

Eseri eta Literaturiako egitaraua prestatzen hasten direnean, guztiz berria den zerbait eskaintzea izaten da antolatzaileen helburuetako bat, eta, horretarako, aldez aurretik elkarrekin ikusi ez dituzten sortzaileak jartzen dituzte elkarlanean, ea zer aterako. Antzerkia egotea ere nahi izaten dute, eta hitzek nahiz gorputzek presentzia edukitzea, izan errezital, bertso edo beste formaturen baten bidez. Eta egon dadila gogoeta ere. Hori guztia, lokarri lanak egingo dituen gai baten bueltan. Baldintza horiek guztiak beteko ditu aurtengo jaialdiak ere.

Gaurtik igandera bitarte egingo da Literaturia, Zarautzen (Gipuzkoa), eta aingura gaitzat hartuta dator. «Oso modu metaforikoan uler daiteke. Badu tradizio bat literaturan, estetikoki erakargarria da, eta zentzu askotatik heltzeko aukera ematen zuela iruditu zitzaigun: nora ainguratzen garen, aingura altxatzea zenbat kostatzen den, eta abar», azaldu du Ana Galarraga antolatzaileak. Asmatu dutelakoan dago, sortzaileek proposamen oso ezberdinak prestatu baitituzte gai berberaren inguruan. Besteak beste, hauek dira aurtengo berrikuntzetako batzuk: eMe taldeak zuzeneko kontzertu bat eskainiko du lehen aldiz, eta Oier Guillanek ere parte hartuko du haiekin; Joseba Larratxe Josevisky komikilariak eta Miren Narbaiza eta Joseba B. Lenoir musikariek Zer hartu ontzitik itsasoa harri bihurtzen bada emanaldia prestatu dute propio, eta Txakur Gorriak taldeak Lau izeneko emanaldia. Halaber, Andoni Tolosa Morau-k, Anjel Lertxundik eta Maddi Zubeldiak alzheimerra eta sorkuntza ardatz dituen solasaldi bat eskainiko dute.

Larrabetzun (Bizkaia) hasi zen jaialdia, baina 2014tik egiten da Zarautzen. Hazten eta zabaltzen ari den jaialdia izan arren, antolatzaileek uste dute lortu dutela aldi berean nortasunari eustea. «Oso modu xumean sortu zen euskal letren plaza izateko, eta hiru hitz horiei eusten die».

Hiru printzipiotan oinarritzen da Literaturia. Alde batetik, euskaraz sortuak edo euskarara ekarriak dira han aurkezten diren lanak. Bigarrenik, literatura da ardatza. «Gure helburua ez da saltzea, eta, saltzekotan, liburuak izan daitezela. Durangorekin konparatuta, hemen ez dago merchandising-ik, ez dago diskorik; literatura bakarrik dago, baina literatura hitza bezala ulertuta: antzerkia literatura da, abesti batzuen oinarrian ere hitzak daude, bertsolaritza ere oso gustuko dugu, kazetaritza...». Azkenik, herritik eta herrirako egina da. Galarragaren ustez, sortzaileek ere igartzen dute hori. «Konfiantza handia ematen diegu; guk ez dugu erosten beren emanaldi bat, baizik eta plaza bat eskaintzen diegu, eta asko nabaritzen da beste era batera kudeatutako ekimen bat izan edo hau izan. Hau lagunartean egiten dugu».

Horri lotuta, Galarragak «publiko ausartarentzako» jaialdia dela uste du. «Arriskatzen dira zerbait berria ikustera; akaso ez da hain jende ezaguna izaten, baina horrek ere badauka bere xarma. Nahi izaten dugu ez izatea betiko zerbait; horretarako badaude betiko zirkuituak». Iaz, haur eta gazte literaturaren txokoa sortu zuten lehen aldiz, eta aurten sendotu egin dute txikienei zuzendutako programa.

Horrez gain, bi omenaldi izango dira. Jesus Mari Olaizola Txiliku -ri egingo diote horietako bat, haur eta gazte literaturako «bere ekarpen erraldoiagatik». Bestea, berriz, Joxan Artze idazle eta musikariari, zeina aurten hil den.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Asier Olabarrieta (erdian), Islabaten emanaldi batean, Gasteizen. ©NURIA GONZALEZ / ISLABAT

«Kontsumo ereduak kaleratzen den musika baldintzatzen du»

Iraia Vieira Gil

Islabat izenpean, bere burua onartzeko prozesuan oinarritutako rock diskoa kaleratu du Olabarrietak. «Lasaia» izan da diskoaren bidea; egungo abesti «azkarrak» ez bezala, poliki sortu du musikariak lana.
Ivan Zuluetak egindako irudiak eta <em>Arrebato</em> filmaren elastikoak, Artium museoko erakusketan. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Miren Garate

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.