Patxi Zabaleta
Euskalerria Irratia. Lizentzien lehiaketa. IRITZIA

Euskalerria Irratiaren legezko baimena

2015eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Hiru hamarkada luze joan dira Euskalerria Irratiari behin eta berriro baimen legala ukatuz eta ebatsiz. Gainera, orain azaldu den bezala, inolako arrazoirik gabe eta inolako lotsarik gabe ukatu izan zaio legeztatzea irratiari.

Ukapen horietan ustelkeria egon da. Orain dela urte asko, orain bukatuko den lehiaketaren hasieran Nafarroako Parlamentuak ikerketa batzorde bat ireki zuen, eta, haren ondorioz, Jose Ignacio Palacios Zuasti bi aldiz gaitzetsi. Halere, Miguel Sanzek karguan mantendu zuen. Urteak beranduago, eta epaiketak tarteko, bigarren ustelkeria gauzatu zuen lehiaketa berean Nafarroako Gobernuak, eta honako honetan Francisco Iribarren Fentanes presidente ordearen bitartez.

Halere, urte hauetan guztietan irekirik jarraitu du Euskalerria Irratiak, nahiz eta laguntza ofizialik gabe, eta arazo aunitzekin. Bertako langileek merezi dute zalantzarik gabe lehen aitorpena. Eta, ondoren, beste askok eta askok; I. Haranburu, I. Zabaleta, JF Azurmendi, J. Yaben, eta gero aipatu eta aipatu gabeko hainbeste.

Euskalerria Irratiaren jabetza juridikoa elkarte anonimo batek dauka, Iruñeko Komunikabideak S.A. izena duena. Elkarte anonimo hori 1984ko ekainaren 12an sortu zen, buru Migel Javier Urmeneta, buruorde Javier Cunchillos eta idazkari Eugenio Arraizazituelarik. Beranduago, 1988ko otsailaren 2an, elkarte zibila sortu zen: alde batetik, partaidetza suspertzeko; eta bestetik, mantentze lanetarako dirua biltzeko. Egia da elkarte zibilean eta anonimoan pertsona berak errepikatu izan garela behin baino gehiagotan, baina elkarte zibilak 27 urte hauetan, bere mila partaide ingururekin, bide egokia eman dio herritarrek Euskalerria Irratiari eman behar zioten babesari.

Euskarazko komunikabideak herri honetan, eskubide osokoak ez ezik, ezinbestekoak dira, herri bezala iraun nahi badugu. Beraz, Iruñean eta Iruñerrian euskaraz egiten duten bertako komunikabideak garrantzitsuak direla, guk bezain ongi, eta askotan hobeki, dakite euskararen aurka eraikitako erregimenaren kudeatzaileek. Oker jokatu dute eta, gainera, oker jokatzen ari zirela jakinda. Gaur bertan dimititu beharko luke bere kargu politikoetatik Palacios jaunak, lotsa izpirik balu. Baina horrexegatik ez du dimitituko.

Bitxikeria bat aipatu behar, halere, eta zera da: Euskalerria Irratiari legeztapena emateko proposamena Nafarroako Gobernuari egin diona Barcinaren gobernuak izendatutako batzorde bat izan da. Baina, jakina, Madrilgo Auzitegi Gorenak eta Nafarroako Epaitegi Nagusiak emandako epaiak betetzea xede zeukatelarik.

Zergatik Euskalerria izena? Euskadi Irratiaren kontrakontua bezala, alde batetik, jatorrizko esanahiaren bila, bestetik. Asmatze bat izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.